Adolfo Freytterren familiarekin agiri bat izenpetuz, Kolonbiako Estatuak aitortu du Atlantikoko Unibertsitateko irakaslearen hilketaren erantzulea ere badela. Bart sinatu dute akordioa, eta zehazki Freytterren legez kanpoko atxiloketan, desagerketan, torturan eta hilketan izan zuen erantzukizuna aitortu du estatuak, baita gertatutakoa ikertu eta argitu ez izana ere.
Adolfo Freytter Romero duela hemeretzi urte hil zuten, 2001eko abuztuaren 28an edo 29an, Barranquillan. Unibertsitateko irakaslea eta ekintzailea zen, eta sindikatuen hainbat ekintzatan parte hartzen zuen hil zutenean. Aurtengo urtarrilean haren hilketa gizateriaren aurkako krimen gisara izendatu zuen Kolonbiako Fiskaltzak.
Kolonbiako Autodefentsa Batuetako paramilitarrek hil zuten Freytter, Kolonbiako Poliziaren eta Armadaren laguntzarekin. Gizon talde armatu batek etxetik atera eta leku ezezagun batera eraman zuen. Torturatu egin zuten, eta poltsa buruan jarrita hil zen, itota. Errepide bazter batean utzi zuten gero, tiro eginda.
Familiak 2004ko urtarrilaren 30ean aurkeztu zuen eskari bat estatuari bere erantzukizuna aitortzeko eskatuz.