KOLONBIAKO BAKE PROZESUA

Ados jarri dira Kolonbiako Gobernua eta FARC bake akordioari berme juridikoa emateko

Juan Manuel Santosen gobernuak ekinbide bat erregistratu beharko du Kongresuan eta Senatuan maiatzaren 18a baino lehen, konstituzioari artikulu iragankor bat gehitzeko.

Kolonbiako Gobernuko negoziatzaile taldeko buru Humberto de la Calle eta FARCeko komandante Rodrigo Granda, elkarri bostekoa ematen. ALEJANDRO ERNESTO / EFE
jon olano
2016ko maiatzaren 13a
11:26
Entzun

Bake prozesua desblokeatu eta bururaino eramateko urrats garrantzitsua egin dute FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak eta Kolonbiako Gobernuak. "Behin betiko akordioari egonkortasun eta segurtasun juridikoa" emateko, konstituzioan artikulu iragankor bat txertatzea adostu dute bi aldeek.

Artikulu horren edukia hitzartu dute: behin bake akordioa izenpetuta, itun hori sistema konstituzionalean txertatuko dute, bake akordioa betetzen dela bermatzeko. Lege arrunt gisa erregistratuko du gobernuak ekinbidea, eta ordezkarien bi ganberen onespena beharko dute horretarako. Testua osorik onartu edo ezetsi beharko dute, aldaketak egiteko aukerarik gabe.

Gatazka amaitutzat emango duen behin betiko akordioa onartuta, Kolonbiako presidenteak adierazpen bat egin beharko du Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiaren aurrean, hari eskatuz, besteak beste, Segurtasun Kontseiluak agiri ofizial bat argitara dezala bake akordioan txertatzeko.

Bi gai mahai gainean

Prozesuarekin kritiko direnei erantzun die Santosek akordioa lortu ostean. Azpimarratu du gerrillak, adostutakoaren bidez, Kolonbiako Konstituzioa onartu duela bake akordioak babesteko mekanismo gisa. Edonola, gogorarazi du herritarrek izango dutela azken hitza. Bestetik, babes juridikoa zen FARCek negoziazio mahaian eskatutako baldintzetako bat.

Bake prozesuaren agendako azken bi puntuak negoziatzen ari dira Habanan: alde biko su-eten behin betikoa eta adostutakoaz herritarrei galdetzeko modua.

ELNrekin ere bake negoziazioak abiatzea adostu zuen Kolonbiako Gobernuak martxo amaieran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.