AEB: «Siriako gerra kontrolik gabe dago»

John Kerry AEBetako Estatu idazkariarekin elkartu da NBEren Siriarako mandataria, eta Moskura bidaiatuko du gaur. Meniak herrialde osora hedatzea nahi du NBEk

mikel rodriguez
2016ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Sirian su-etena salbatzeko ahalegin diplomatikoan murgilduta daude NBE Nazio Batuen Erakundea, AEBak eta Errusia. John Kerry AEBetako Estatu idazkaria Staffan de Mistura NBEren mandatariarekin elkartu zen atzo, Genevan (Suitza). Bileraren ondotik, Kerryk adierazi zuen «hurrengo orduetan» Errusiarekin akordio bat egitea espero zuela, «su-eten iraunkor bat» lortzeko. Hala ere, onartu zuen Sirian egoera «kontrolik gabe» dagoela. «Gatazka, zentzu anitzetan, kontrolik gabe dago, eta hagitz kezkagarria da hori». Itxaropenezko zantzutzat ikusi ditu Errusiarekin hitzartuta Latakian eta Damaskon ezarri diren aldi baterako su-etenak —Damaskon gobernuak bertze 48 ordurako luzatu zuen atzo—, baina helburu nagusitzat paratu du Alepon menia ezartzea. Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak, berriz, tokian tokiko meniak herrialde osora hedatzeko eskatu du, «bereziki Alepora». De Mistura Moskura joatekoa da gaur, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroarekin elkartzeko.

AFP agentziak Alepon duen berriemailearen arabera, igande arratsean aireko bonbardaketa «gogorrak» izan ondoren, atzo «lasaitasun urduri bat» nagusi zen hirian, eguna argitutakoan aire erasoak eten zirelako. Oposizioko Siriarako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera, ordea, Al-Helik barrutian armadak «barrika bonbak» jaurti zituen helikopteroetatik, eta artilleriarekin ere bonbardatu zuen gune hori. Iturri berberak dio gutxienez gobernuaren kontrolpeko hiru barrutik jasan dituztela talde armatuek artilleriarekin egindako erasoak. Armadak ere Sana agentzia publikoaren bidez matxino taldeei leporatu die Alepon «su-etenaren urraketak» egitea. Armadak apirilaren 22an gogortu zituen erasoak Alepon. Oposizioak leporatu dio otsailaren 27ko menia hautsi eta hiria birkonkistatu nahi izatea.

Kurduen aurkako erasoak

Gobernuak ofizialki ez du halako asmorik adierazi, baina armadako iturri anonimoek Irango hedabideei joan den astean adierazi zieten hiri osoa hartzeko erasoaldi bat prest dutela. Gerra, ordea, ez da bi alderen artekoa soilik; Firat agentziara bidalitako ohar batean, kurduen YPG Herriaren Babeserako Unitateek salatu dute Siriako oposizioko HNC Negoziazioetarako Batzorde Gorenarekin «lotuta» dauden taldeek berriz eraso diotela Xeikh Maqsud auzoari —kurduak gehiengo dira bertan—, eta Alepo iparraldeko Pino herrian «kloro gasarekin» eraso dietela milizianoei.

AEBen, Errusiaren eta NBEren bitartekaritzarekin, gobernuak eta HNCk su-eten bat ezartzea adostu zuten otsailaren 27an, elkarrizketa prozesuari bultzada bat emateko. EI Estatu Islamikoa eta Al-Nusra Frontea akordiotik kanpo utzi zituzten, eta YPGak eta horien aliatuak haien kabuz batu zitzaizkion meniari. Apirilaren erdialdean, HNCk elkarrizketak eten zituen, eta joan den hilabete bukaeratik ia hondoa jota dago su-etena. Iragan astean,AEBek eta Errusiak tokian tokiko su-etenak ezartzeko negoziazioak bideratu zituzten, eta Latakian—Mediterraneoko kostan— eta Damasko ondoko Ekialdeko Ghuta eskualdean lortu dute horiek finkatzea; Alepo negoziazioetatik kanpo utzi dute. Sergei Kuralenko Errusiako armadako jeneralak Interfax agentziari erran dio negoziatzen ari direla menia Alepon ere ezartzeko. Oposizioaren arabera, hamar egunean 250 zibil hil dituzte Alepon.

Errusiari deia Etxe Zuriak

«Prozesu politikoan ezin da aurrerapenik izan ez badugu berehalakoan bertatik bertara onura zuzenik ikusten Siriako herriarentzat», adierazi du De Mistura mandatariak Kerryrekin elkartu ondoren. Josh Earnest Etxe Zuriko bozeramaileak Baxar al-Assad Siriako presidenteari leporatu dio Alepon egoera okertzearen erantzukizuna, eta Errusiari eskatu dio Al-Assadengan duen «eragina» erabiltzea egoera baretzeko. Kerry Saudi Arabiako Atzerri ministro Adel al-Jubeirrekin ere elkartu zen atzo Genevan. Turkiarekin eta Qatarrekin batera, Al-Assaden eta milizia kurduen aurka ari diren talde armatuen babesle handiena da Saudi Arabia —muturreko talde islamista sunitak, gehienak—.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.