Tokiok eta Washingtonek akordio bat lortu dute Japoniako Okinawa uhartetik 9.000 marine ateratzeko. Horietatik 5.000 inguru Guam uhartera bidaliko dituzte, AEBek Ozeano Barean duten base militarrik handienera. Gainontzekoak, Japoniatik atera eta eskualdeko beste zenbait herrialdetara eramango dituzte: Australiara eta Hawaiira, besteak beste. AEBetako presidente Barack Obamak estrategia aldaketa iragarri zuen berriki, eta datorren hamarkadan Ozeano Barean eta Asian presentzia indartu nahi duela jakinarazi zuen, besteak beste, Txina gertutik zaintzeko, geroz eta indartsuagoa baita. Itun horri esker, «presentzia hobea, geografikoki hobeto kokatua, operazioen ikuspuntutik sendoagoa eta politikoki iraunkorragoa» izango dutela adierazi du Washingtonek.
«Oso pozik nago, hainbeste urteren ondoren ekintza plan hau adostu dugulako». Leon Panetta AEBetako Defentsa idazkariak akordioa txalotu du. «Japonia ez da aliatu on bat bakarrik, lagun on bat ere bada. Espero dut laguntasuna sakontzen eta gure elkarlana indartzen jarraitu ahal izatea, eskualdeko segurtasun erronkei aurre egin ahal izateko», adierazi du Panettak.
Okinawako Futenma basean 10.000 soldadu inguru geratuko dira, dena den, eta base militarrarekin zer gertatuko den ez dute argitu ez Tokiok, ez Washingtonek.Militarren presentziak tentsio handiak sortu ditu Okinawan, eta, ondorioz, baita bi aliatuen artean ere. Washingtonek base militarra uharteko eremu babestu batera aldatu nahi du, 1996an eta 2006an adostu zuten bezala. Japoniako Gobernuak ere esana du orain arte aurkitu duten irtenbide bakarra dela. Uharteko herritarrek, baina, AEBetako soldaduak alde egiteko eskatzen dute. Urte hasieran, Washington eta Tokio Okinawako base militarraren inguruan negoziatzen hasi zirenean, Okinawako gobernadore Hirokazu Nakaimak garbi adierazi zuen ez zituztela estatubatuarrak euren lurretan nahi. «Lekualdaketa ez da posible bertakoon onespenik gabe. Futenma Okinawatik ateratzea nahi dugu».
Leku estrategikoa da, baina, Okinawa. Japoniako uharte nagusietatik 400 kilometro hegoaldera dago, eta Txinako mendebaldeko kostatik 300 kilometro ingurura. Bertatik Ipar Korea eta Txina gertutik zaintzen dituzteAEBek, eta horregatik ez dute uhartetik alde egin nahi.
Obamaren eta Nodaren bilera
Yoshihiko Noda Japoniako lehen ministroa AEBetara joatekoa da datorren astean, eta Obamarekin bilduko da. Japoniako Gobernuko iturriek adierazi dute segurtasuna izango dutela mintzagai nagusia.
Ginowan hiri erdian dagoen base militarra Okinawako iparraldera aldatzearen alde dago Noda. Uharteko biztanleek, baina, agintean den Japoniako Alderdi Demokratari 2009ko bozetan egindako agintza betetzeko eskatu diote. Orduan, base militarra uhartetik aterako zutela hitzeman zuten.
Herritarrak kexu dira base militarrak kutsadura sortzen duelako eta segurtasunerako arriskutsua delako. Soldaduek egin dituzten gehiegikeriek ere herritarrak nazka-nazka eginda dauzkate. 1995. urtean hiru soldaduk 12 urteko neskatila bat bortxatu zuten. Ordutik eraso eta bortxaketa salaketa gehiago egon dira. Base militarrak uhartearen garapena eragozten duela ere salatu dute herritarrek.Gobernuak AEBei erraztasun oro ematen diela eta bertako eskualderik behartsuenak, berriz, ez duela laguntzarik jasotzen ere salatu dute. Soldaduak Guamera aldatzea Tokiok ordainduko du: 6.500 milioi euro.
AEBek 9.000 soldadu erretiratuko dituzte Japoniako Okinawa uhartetik
Guamgo base militarrera bidaliko dituzte 5.000 soldadu, eta Australiara eta Hawaiira beste zenbait
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu