«Ezagutzen duzu Osama bin Laden?». «Bai, zer edo zer entzun dut hari buruz, irratian». AEB Ameriketako Estatu Batuetako soldaduek ez zuten Mohamad Nasimen erantzuna sinetsi. Al Kaedarekin elkarlanean aritzea leporatu eta Bagramgo basera (Afganistan) eraman zuten. Bertako espetxean igaro zituen bost hilabete, Guantanamora, AEBek Kuban duten espetxera, bidali zuten arte. Haren moduan 2002 eta 2008 artean estatubatuarrek Afganistanen daukaten base nagusian preso egon ziren 27 lagunek tratu txarrak salatu dituzte. «Animaliei egingo ez zizkietenak egin zizkiguten», kontatu dio Nasimek Bilal Sarwary kazetariari. Erresuma Batuko BBC hedabideak egin du bi hilabeteko ikerketa.
Militarrek ostikoak ematen zizkieten. Pistola jartzen zieten buruan, eta tiro egingo zietela mehatxatu. Ur izoztuarekin dutxarazten zituzten neguan, eta ezin beroagoarekin udan. Lo egin ezin izateko botika jartzen zieten edarian, eta belarriak zulatzeko moduko soinuak egin. Txakur amorratuak sartzen zizkieten zigor geletan, hozka egin ziezaieten. Emakume soldaduen aurrean biluzarazten zituzten. Halakoak salatu dituzte kargurik gabe aske utzitakoek. Al Kaedako kide izatea edo talibanei laguntzea egotzi zieten guztiei. Legez kanpoko borrokalari etsaiak izendatu eta epaiketarik gabe espetxeratu zituzten, Bagramgo basearen bihotzean dagoen presondegian.
Tratu gizatiarra, AEBentzat
Pentagonoak ukatu egin ditu salaketak. «Tratu gizatiarra jaso dute guztiek», ziurtatu du Mark Wright koronelak, Defentsa Idazkaritzako bozeramaileak. «Nazioarteko legedia aintzat dugu, eta errespetatu ez den kasu zehatzetan, gehiegikeriak egin dituen soldaduaren kontrako neurriak hartu ditugu».
Barack Obamak AEBetako presidentetza eskuratu zuenean, torturak debekatu zituen, eta atxiloketen inguruko politika gainbegiratzeko agindu zuen. Datorren hilean dira argitaratzekoak ikerketaren emaitzak. Artean, Guantanamon eta Bagramen presoak «legeen zulo beltzean» daudela dio Tina Fosterrek, Nazioarteko Justizia Sareko zuzendariak. Bide beretik, CICR Nazioarteko Gurutze Gorria Bagram inguratzen duen anbiguotasunaz da kexu. Zenbat lagun eta zein egoeretan dituzten jakitea ezinezkoa dela salatu du, baita atxilotu ondoren hainbat lagun desagertu egin direla ere. Obama musulmanengana hurbildu nahian ari denean atera da argitara salaketa.
Bestalde, Afganistango Helmand probintzian aste honetan 54 ekintzaile hil dituztela jakinarazi dute AEBetako tropek. Talibanen esku dago probintzia hori, eta bertako kontrola berreskuratzeko aireko operazioa hasi dute Erresuma Batuko tropek. Borroketan zazpi zibil ere hil dira.
AEBek Afganistanen preso eduki zituztenek tratu txarrak salatu dituzte
Bagramgo basean 2002 eta 2008 artean giltzapean egondako 27 lagunek eman dute gehiegikerien berri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu