Iraken okupazioa

AEBek bultzatutako ebazpenaren alde bozkatuko du Frantziak Nazio Batuetan

Iraki subiranotasuna itzultzeko AEBek bultzatu duten ebazpenaren alde bozkatuko du Frantziak NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseuiluan. Hala iragarri du Michel Barnier Atzerri ministroak. Washingtonen proposamenak ez ditu Parisen zenbait eskaera jasotzen, hala nola, Irakeko behin-behineko gobernuari Koalizio indarren operazioei betoa ezartzeko eskubidea aitortzekoa, baina, hala ere, hori ez dela aldeko botoa emateko eragozpena izango esan du Barnierek. Gaur iluntzean edo bihar aztertuko du Segurtasun Kontseiluak ebazpena.

2004ko ekainaren 8a
13:18
Entzun 00:00:0000:00:00
Aldeko botoa justifikatzeko, AEBek jarrera aldatu dutela argudiatu du Frantziako Atzerri ministroak. Barnieren iduriko, Washingtonek ulertu du ez dagoela arma bidezko irtenbiderik, eta "prozesu politiko" baten bidez bilatu behar dela konponbidea.

Hain zuzen ere, ebazpen horrek subiranotasuna irakiarrei itzultzen diela nabarmendu du Barnierek eta horrekin abiatzen dela prozesu politikoa.

Frantziaren erabakia Iraken okupazioaren auzian orain arte izan duen jarreran aldaketa handia da, Paris izan baita AEBek eta Erresuma Batuak bultzatutako politikaren aurkari nagusia. Ildo horretatik, Barnierek esan du ebazpen horren inguruan adostasuna lortzeko prozesuan "lehen aldiz" benetako elkarrizketa izan dutela Washingtonekin Irakeko auziari eman beharreko irtenbidearen inguruan.

NBEren Segurtasun Kontseiluak ebazpena onartuko balu, AEBetako Gobernuak nazioarteko komunitatearen legitimazioa jasoko luke, hein handi batean, Iraken inguruko politikari dagokionez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.