AEBek diote Txinak eta Errusiak Siria babestu izana ordainduko dutela

Siriaren Lagunak taldeak oposizioari laguntza handitzea erabaki du; Hollandek dio Al-Assaden amaiera saihestezina delaSiriako presidenteak ohartarazi du zigorrak gogortuta ere ez duela jarrera aldatuko

2012ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariaren esanetan, Iranen finantzaketak eta Errusiaren eta Txinaren babesak iraunarazten diote Baxar al-Assad Siriako presidentearen erregimenari zutik. Hori horrela, Pekinen eta Moskuren aurkako presioa indartzeko eskaera egin du Parisen, Siriaren Lagunak taldearen bileran. Errusia eta Txina ez dira ordaintzen ari Al-Assad babesteagatik, AEBetako estatu idazkariaren hitzetan, baina argi utzi nahi izan du hori ez dela horrela izango. Siriako egoera aldatzeko herrialde bakoitzak bere esku dagoen guztia egin behar duela gaineratu du.

Siriako errepresioaren erantzuleei krimenak ordainarazteko adierazpen bateratua egin dute Parisen bildu diren 107 herrialdeek. Jakinarazi dute horretarako NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseilura joko dutela. Horrez gain, oposizioari baliabide gehiago ematea erabaki dute, eta «aktiboki laguntzea». Azkenik, giza laguntza bideratzeko neurriak hartzea hitzeman dute. Hurrengo bileran ildo horretan lanean jarraituko dutela jakinarazi dute. Marokon egingo dute bilera hori, baina ez dute argitu noiz. Siriaren Lagunak taldearen oraingo bileran, baina, gatazka bideratzeko Al-Assad kanporatu behar dela entzun da batez ere. «Al-Assadek boterea utzi beharra dauka, eta zenbat eta lehenago, hobe», adierazi du Frantziako Atzerri ministro Laurent Fabiusek. François Hollande Frantziako presidenteak ere ildo beretik hitz egin du: «Siria munduko bakearentzat mehatxu bihurtu da. Erregimenak ez du iraungo: Al-Assaden amaiera saihestezina da». Are gehiago, «bere herriak horrela nahi duelako» utzi behar du boterea Siriako presidenteak, Hollanderen hitzetan.

Al-Assadek, baina, kontrakoa dio. Nazioartea aurka badu ere herritarren gehienek babesten dutela sinetsita dago Siriako presidentea. Hala ez balitz aspaldi kanporatuko zutela nabarmendu du. «Iker dezagun egoera: AEBak nire etsaiak dira, inguruko herrialdeak nire etsaiak dira. Nire herriari esker jarraitzen dut nik hemen. Zergatik hil beharko nuke babesten nauen herria?».

Al-Assadek garrantzia kendu die nazioarteak Siriako Gobernuari ezarri dizkion zigorrei. «Eskubideak ditugun unetik, ohorea dugun momentutik eta abertzaleak garenez gero, ez dio axola zenbat gogortzen dituzten zigorrak: ez dute lortuko guk jarrera aldatzea», adierazi dio Siriako presidenteak Turkiako Cumhuriyet egunkariari. Al-Assadek gaineratu du bere printzipioak ez daudela salgai. Arazo guztiak, gainera, kanpotik datozela uste du Al-Assadek. Milaka urtez eskualdean inolako arazorik gabe bizi izan direla dio, eta arazo guztiak «inperialismoa iritsi zenean» hasi zirela.

Errusiaren erantzuna

Moskuk, berriz, aurreko astean Genevan hitzartutako bidetik lan egiteko beharra nabarmendu du. Kofi Annan NBEren eta Arabiar Ligaren mandatari bereziaren proposamenari baiezkoa eman zion Siriarako Ekintza Taldeak, eta bertan Siriako egungo agintariak eta oposizioko kideak bilduko dituen trantsiziorako gobernu bat eratzea erabaki zuten. Mendebaldeak, Txinak eta Errusiak eman zioten oniritzia Annanek proposatutako estrategiari. Errusiak salatu du atzo Parisen egin zituzten adierazpenak Genevan hitzartutakoaren aurka doazela, eta Clintoni Suitzan sinatutakoa gogorarazi dio.

Oposizioko SNC Siriako Kontseilu Nazionalaren eskariak ere kritikatu ditu Moskuk. SNCk aire eremuaren debekua indarrean jartzeko eskatu dio nazioarteari Parisko bileran, eta korridore humanitarioak ezartzeko. Errusiak, ordea, gatazka konpondu beharrean kontrako eragina izango dutela nabarmendu du, eta Libian jazotakoa jarri du adibide gisa. «Sirian lan egiten duten erakunde humanitarioek ere ez dituzte babesten neurri horiek», gogorarazi du Gennadi Gatilov Moskuko Atzerri ministrordeak.

Ban Ki-moon NBEren idazkari nagusiak, berriz, Sirian dauden behatzaileen kopurua murriztea proposatu du, eta geratzen direnen helburu nagusia bi aldeen arteko elkarrizketa sustatzea izatea eskatu du. NBEren Giza Eskubideen Batzordeak, bestalde, Siriaren aurkako zazpigarren gaitzespen ebazpena onartu zuen atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.