AEB Ameriketako Estatu Batuek bikoiztu egin dute hamarkada amaierarako gutxitu nahi duten isurketen kantitatea: orain, helburua horiek erdira txikitzea izango da 2005eko mailekin alderatuta, Joe Biden herrialdeko presidenteak jakinarazi duenez, 2050erako karbono neutraltasuna lortzeko.
Agintariak klimari buruz antolatu duen bi eguneko goi bileraren hasieran eman du albistearen berri. Bata bestearen atzetik, munduko 40 gobernuburu eta estatuburu klima larrialdiari aurre egiteko neurriez eta konpromisoez aritu dira, eta horietako batzuek, Bidenek egin bezala, beren herrialdeen helburuak eguneratu dituzte. Erresuma Batua da horietako bat: Boris Johnson lehen ministroaren arabera, 2035erako %78 gutxituko dituzte isuriak, 1990eko mailekin alderatuta.
Japoniak ere erabaki bera hartu du, eta hogei puntu igo du bere kopurua; zehazki, 2030erako %46ra jaitsi nahi ditu isurketak, 2013ko mailekin konparatuta. Horretarako, Yoshihide Suga gobernuburuak «mundu mailako saiakeren» buru izateko konpromisoa hartu du: «Japoniak erabaki du pauso handi bat ematea klima aldaketaren arazo globala konpontzeko». Hego Korea da bere helburua handitzeko asmoa duen beste estatuetako bat, Moon Jae-in presidenteak goi bileran jakinarazi duenez, baina agintariak ez du kopuruez xehetasunik eman.
Egun, AEBekin batera, Txina da berotegi gas gehien isurtzen duen herrialdea, eta, joera horren jakitun, Xi Jinping presidenteak berretsi egin du 2060rako karbono neutraltasuna lortzeko helburua: «Konfiantza dut mundu mailako klimaren erronkak gainditu egingo ditugula, gure zereginetan eta helburuetan elkartu egiten bagara».
Brasilek ere jakinarazi du karbono neutraltasuna lortzeko asmoa duela, bere kasuan 2050erako; hain justu, Europako Batasunak bere buruari finkatu dion helburua da, Europako Batzordeak atzo jakinarazi baitzuen 2030erako %55 murriztuko dituztela isurketak, eta mendearen erdirako lortu nahi dutela karbono neutraltasuna.
Horri begira, gaurko goi bileran, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak dei egin die gainontzeko herrialdeei erabaki bera hartzera: «Europak karbono neutroa den lehen kontinentea izan nahi du. Baina, planeta salbatzeko, mundua behar dugu. Ekonomia handi guztiek ardurak beren gain hartzea ezinbestekoa da».
Washingtonen «itzulera»
Asmoez eta helburuez haratago, klimari buruzko goi bilerak agerian utzi du Bidenen legealdirako asmoa: AEBak klima larrialdiaren kontrako borrokaren liderrak bilakatu behar direla berriz ere.
Donald Trumpen agintaldiak rol hori kendu zion bere herrialdeari, besteak beste, Parisko Hitzarmenetik atera zituelako. Egungo presidenteak, ordea, horretara itzultzeko asmoaren berri eman zuen kargua hartu eta berehala, iragan urtarrilean, eta beste hainbat neurri hartzeko konpromisoa hartu du harrez geroztik, tartean gaur jakinarazitakoa.
Washingtonen aliatuek jarrera aldaketa hori eskertu dute, Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren arabera, Bidenek helburuetara «itzuli» eta «nazioarteko komunitateari mezu argi bat» bidali diolako.
Nazioarteko hurrengo hitzordu garrantzitsua COP26 bilkura izango da, aurten Glasgown (Eskozia) azaroaren 1etik 12ra egingo dutena. Iragan urtekoan, munduko herrialdeak ez ziren gai izan adostasun handirik erdiesteko, eta, horren ondorioz, klima larrialdiri aurre egiteko neurri eraginkorrik hartu gabe joango ziren etxera negoziatzaileak.
Egunotako goi bileran Bidenek helarazitako mezuek, ordea, itxaropen puntu bat sorrarazi dute aurtengo bilkurarako. AEBetako presidentea egoeraren larritasunaz aritu da, eta berehala ekiteko beharraz ohartarazi du: «Zientziak dioena ukaezina da, eta ekintzarik ezaren kostuak handitu besterik ez dira egiten».
Halere, John Kerry AEBen Klimarako mandatari bereziak aitortu bezala, laguntzarik gabe, gobernuak ez dira beharrezko aldaketetarako inbertsioak lortzeko gai izango. «Azken finean, gobernuek, nazioarteko finantza erakundeek eta kapitala helarazten duten hornitzaile pribatuek elkarrekin lan egin beharko dute, eta horren araberakoa izango da arrakasta».
Klima aldaketagatik, 21,5 milioi errefuxiatu urtero
Azken hamarkadan, urtero 21,5 milioi lagunek beren etxeetatik alde egin behar izan dute klima aldaketaren ondorioz, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera. Gerrek eragiten dituzten iheslari kopuruaren bikoitza da.
«Errefuxiatuak, barne desplazatuak eta aberririk gabekoak dira klima aldaketaren lehen lerroan daudenak», zehaztu du UNHCRk ohar baten bidez, Lurraren Egunaren harira. Egun, mila milioi lagun baino gehiago bizi dira fenomeno klimatikoekin zerikusia duten arriskuak dituzten herrialdeetan, eta, ezer gertatuz gero, bere onera itzultzeko aukera gutxi izango lituzkete.
Ez hori bakarrik: Nazio Batuen Erakundearen agentziaren arabera, klima aldaketak pobrezia, segurtasunik eza eta ur eta beste hainbat baliabideren falta okertzen du.