Washingtonen, Etxe Zurian, batzarra egin dute Bushek eta Blairrek, batik bat, Iranen programa nuklearraren inguruan piztu den auzia eta Irakeko egoera aztertzeko. Ondoren, kazetarien aurreko agerraldia egin dute elkarrekin, eta ekitaldi horretan ukatu dute tropak epe laburrean erretiratzeko asmoa dutela.
AEBek Iraken "segurtasuna bermatzeko behar adina soldadu izaten" jarraituko dutela ziurtatu du Bushek, eta noiz erretiratu han bertan diren militar buruek erabakiko dutela erantsi du. "Ez nire hitzak gaizki ulertu: gure tropak Iraketik joatea nahi nuke, baina uste dut ezinbestekoa dela gure lana bete eta helburua betetzea", azpimarratu du. Egun 132.000 soldadu inguru dauzkate AEBek Iraken, eta Erresuma Batuak, berriz, 8.000.
Bushek zein Blairrek Iraken akatsak egin dituztela onartu dute. Ez, ordea, inbasioa bera okerra izan zenik, nahiz eta frogatu den Saddam Husseinen erregimenak ez zuela suntsipen handiko armarik.
Zehazki, bi akats onartu ditu Bushek: hasiera batean hizkera gogorregia erabili zuela Saddam Husseinen erregimeneko kideei buruz aritzeko, eta Abu Grahibeko espetxean atzemandako torturak. Tratu txar horiek oker handia izan direla onartu du Bushek, baina nabarmendu du bere Gobernua "luze" ari dela "akats hori" ordaintzen.
Mundua