AEBek eta Errusiak Sirian elkarlan militarra hitzartu dute lehen aldiz

Kerryk eta Lavrovek astebeteko su-etena adostu dute bihartik hasita; matxinoek eta gobernuak hori betez gero, Moskuk eta Washingtonek batera joko dute Estatu Islamikoaren eta Al-Nusraren aurka

John Kerry AEBetako Estatu idazkaria eta Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa, atzo, Genevan. MARTIAL TREZZINI / EFE.
mikel rodriguez
2016ko irailaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hilabeteak negoziatzen eman eta Genevan (Suitza) hamabi ordu baino gehiagoko azken txanpan bildu ondoren, AEBek eta Errusiak lortu dute Siriako gerran «mugarria» izateko akordioa: bihartik aitzinera su-etena emanen dute, eta gobernua eta oposizioko talde armatuak ere hori errespetatzera bultzatuko dituzte. Otsaileko akordioan zehaztu bezala, ez diete meniarik emanen EI Estatu Islamikoari eta Sortaldea Konkistatzeko Armadari —lehen Al-Nusra Frontea zenari—; baina, zapuztu zen akordio hartan ez bezala, Washingtonek eta Moskuk beste pauso bat eman dute oraingoan, bi talde horien aurkako borroka elkarlanean egitea hitzartu baitute. Horretarako, baldintza bat bete beharko da: su-etena gutxienez astebetean errespetatzea. Siriako Gobernuak adierazi du onartu dituela bi potentzien baldintzak, baina oposizioa hotz agertu da.

«Mantentzeko modukoa den akordio bat aurkeztu dugu, baina erregimenaren eta oposizioaren esku dago hori betetzea», adierazi du John Kerry AEBetako Estatu idazkariak, Genevan, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroarekin batera egindako agerraldian. Lavrovek onartu du Moskuren eta Washingtonen arteko konfiantza gabezia handia dela oraindik, baina akordioak sor lezakeen egoera baikorra dela azaldu nahi izan du: «Luzaroan trabatua izan den prozesu politikoa berpizteko beharrezko baldintzak sortuko ditu».

Bide orriaren arabera, su-etenak bihar sartu beharko luke indarrean armada eta salbuetsi ez dituzten talde armatuak borrokan ari diren eremu guztietan. Lavrovek erran duenez, 48 ordutik behin berrituko litzateke menia. Su-etena ezarri eta berehala, bi aldeek giza laguntza helarazten utzi beharko lukete borrokaren ondorioz bakartuta gelditu diren tokietara. «NBE [Nazio Batuen Erakundea] prest dago laguntza helarazteko, eta baita ahal duen guztia egiteko borrokak geldi daitezen», adierazi du Staffan de Mistura mandatari bereziak. Menia zazpigarren egunera ailegatuko litzatekeenean, AEBek eta Errusiak martxan paratuko lukete postu militar bateratu bat, EIren eta Sortaldea Konkistatzeko Armadaren aurkako erasoak koordinatzeko. Gertakari historikoa litzateke hori, II. Mundu Gerraz geroztik ia aurrekaririk gabekoa: AEBak eta Errusia gerra batean aliatu gisa etsai beraren aurka. Su-etena eta ekintza koordinatuak mantentzea lortuko balute, Kerryk eta Lavrovek uste dute baldintzak beteko liratekeela gobernuaren eta oposizioaren arteko negoziazioak berpizteko.

Horrat ailegatzeko, ordea, korapilo lodiak daude askatzeke. Bata, otsaileko akordioa hondoratu zuen faktore nagusia: oposizioak babesten dituen talde armatuen eta Sortaldea Konkistatzeko Armadaren arteko aliantza, bereziki Alepo hirian. AEBek eta Errusiak nahi dute matxinoen eta armadaren lerroek gune bat desmilitarizatzea, giza laguntza sartzeko hirian.

Al-Nusrarekin aliantza

Horretarako, baina, oposizioak babesten dituen taldeek Sortaldea Konkistatzeko Armadarekin harremana hautsi beharko lukete, baina eragile guztiek ez dute irakurketa berbera egiten harreman horren arrazoiaren inguruan. Kerryren arabera, aitzineko su-etenean Siriako armadak aitzakiatzat erabili zuen menia urratu eta bertze taldeei erasotzeko; oposizioko HNC Negoziazioetarako Batzorde Gorenaren arabera, berriz, armadaren erasoek «behartuta» elkartu ziren talde horiek Al-Nusra Frontearekin. Damaskorentzat eta Moskurentzat, ordea, aliantza horrek ez du inoiz justifikaziorik izan. Kerry oraingoan zorrotzago mintzatu zaie talde armatu horiei, eta «legitimitatea» mantendu nahi badute Sortaldea Konkistatzeko Armadatik bereizteko eskatu die. Lavrovek erran du oraingoan banaketa argia ezarriko dutela. «Zehaztu ditugun eremu batzuetan soilik AEBetako eta Errusiako aire indarrak ibiliko dira». Horrek bermatuko luke Siriako armadak ez lukeela aire erasorik eginen meniatik salbuetsita ez dauden taldeen aurka.

Lavrovek erran duenez eta Siriako Sana agentzia publikoak ere argitaratu duenez, Damaskok onartu ditu Errusiaren eta AEBen baldintzak. Oposizioa mesfidati agertu da, eta gobernuan paratu du erantzukizuna. Bassma Kodmani HNCko bozeramaileak adierazi du menia betetzeko «bide bakarra» dela «Errusiak erregimena behartzea». Talde armatuetan handienak, Ahrar al-Xam salafistak, atzo ez zion erantzunik eman planari, aztertu behar zuela argudiatuta. Mike Ratney AEBen Siriarako mandatariak eskutitz bat bidali die talde armatuei, akordioarekin bat egin dezatela eskatzeko.

Turkia, akordioarekin ados

Akordioa babestu duena Turkia izan da. Mevlut Çavusoglu Atzerri ministroak adierazi du Alepora bidaltzeko giza laguntza prestatzen ari direla. Moskuk jakinarazi du Lavrov eta Çavusoglu herenegun mintzatu zirela telefonoz. Siriako mugan ehun kilometro luze den zerrenda bat inbaditua du Turkiak; EIri kendu dio eremu hori, baina muturreko talde islamista sunitari baino gogorrago eraso die kurduen miliziei. Hain zuzen, AEBen eta Errusiaren akordioan argitu beharreko bertze fronte bat da nola eraginen dion Turkiaren eta kurduen milizien arteko borrokari.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.