AEBek Irani presio handiagoa egingo diote, Israelen erasoa saihesteko

Washingtonek itsas maniobrak egingo ditu Persiar golkoan, Teheranek Ormuzko itsasartea ez ixteko

Arnaitz Lasarte.
2012ko irailaren 4a
00:00
Entzun
AEBetako Gobernuak presio handiagoa egingo dio Irani, programa nuklearraren harira etenda dauzkaten negoziazioei berriro ekin ahal izateko. Iturri militarrak aipatuta, hala jakinarazi du The New York Times egunkariak: Etxe Zuriak Israelen balizko erasoa saihestu nahi du, Teheranekiko presioa areagotuta. Horretarako, Barack Obama buru duen gobernuak hainbat neurri hartuko ditu hurrengo asteetan.

Batetik, itsasontzien maniobrak egingo ditu Persiar golkoan beste 25 herrialderekin batera. Teheranek Ormuzko itsasartea ez ixtea da helburua. Izan ere, munduko itsaso bidezko petrolio garraioaren herena pasatzen da Ormuztik, eta Irango Legebiltzarreko diputatu gehienek hura ixteko lege proiektua babestu zuten uztailean. Teheranek itsasartea itxi nahi die programa nuklearra dela-eta Irani zigorrak ezarri dizkioten herrialdeei. Tartean,AEBak. Hori dela eta, Israelek Irani egindako mehatxua baliatu nahi du Washingtonek Teherani presioa egiteko. Horrez gain, misilen aurkako radarrak jarriko dituzte Quatarren. Lehendik Israelen eta Turkian ere badaude gisa horretakoak.

Israelgo Yediot Ahronot egunkariaren esanetan, berriz, Etxe Zuriak Irani dagoeneko mezu bat bidali dio, haren base nuklearren aurkako erasoak babesteko asmorik ez duela esanez. Egunkariaren arabera, Israelek «bakarrik eta aldez aurretiko koordinaziorik gabe» eraso egitea erabakitzen badu, Washingtonekez du parte hartuko ekintzan. Yediot Ahronot-eko Simon Shiffer kazetariak dio trukean AEBek Persiar golkoan dituzten leku estrategikoen aurka ez egiteko eskatu diola Etxe Zuriak Teherani. Mezu horiek bat datoz Martin Dempsey AEBetako armadaburuak lehengo astean esandakoekin. Adierazi zuen Etxe Zuria ez zela Israelen «konplize» izango Irani eraso egitea erabakitzen bazuen.

Netanyahu, haserre

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa haserre agertu da nazioarteak auzian erakutsitako jarrerarengatik: «Ez da nahiko diplomazia ireki bat; muga argiak jarri behar zaizkio Irani, haien ekintzek ondorio zuzenak izango dituztela uler dezaten». Alde horretatik, NAM Lerrokatu Gabeko Herrialdeen Mugimenduaren goi bileran parte hartu duten 120 herrialdeak kritikatu ditu, Irango ordezkarien hitzaldietan «inork ez alde egiteagatik».

Netanyahuren iritzian, Teheranen aurka protestarik ez egitea are larriagoa da, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak ostegunean argitaratu zuen txostena ikusita. Txosten horrek dioenez, Teheranek uranioa aberasteko zentrifugagailu gehiago ezarri ditu Natanz eta Fordoko plantetan. IAEAren arabera, dagoeneko 189,4 kilo uranio ditu %20an aberastuta, maiatzean baino %23 gehiago.

Hori ikusita, neurri gehiago hartzera deitu du nazioartea Israelgo lehen ministroak: «Txostenak argi erakusten du: nazioarteko zigorrek Irango ekonomiari gauzak zail jartzen dizkio, baina inondik inora ez dute lortzen Teheranek programa nuklearra atzera botatzea». AEBak itxaropena dute zigorren ondorioz Iranek bere jarrera aldatzeko.

Laurent Fabius Frantziako atzerri ministroaren ustez, berriz, zigor horiek gogortu egin behar dira, Iranen programa nuklearra gelditu ahal izateko. Hori erabakitzeko eskumena duen Segurtasun Kontseiluko kideek, ordea, bestelako iritzia dute neurri horren inguruan. Frantziarekin batera, AEBak, Erresuma Batua eta Alemania azaldu izan dira zigorrak areagotzearen alde, baina Errusiak eta Txinak beto eskubidea baliatu izan dute neurri hori atzera botatzeko.

Irango Gobernuak behin eta berriro berretsi du aurrera daraman ekoizpen nuklearra helburu zibiletarako dela. Baina, Fabiusek azaldu duenez, «ez dira sinesgarriak» programa nuklearra defendatzeko Teheranek erabili dituen argudioak. Hala ere, adierazi du Israelek bere buruaren aurka egingo lukeela Irani erasoz gero, Teheranek «biktimarena» egingo lukeela uste baitu.

Natanzeko plantan bisitan

Bestalde, Tsakhia Elbergdorj Mongoliako presidenteak Natanzeko planta nuklearra bisitatu du. Irudiak Irango telebistak zabaldu ditu. Iranek atzerriko gobernuburu bati gisa horretako planta bateko ateak ireki dizkion lehen aldia da.

Hain justu, lehengo astean Teheranek gezurtatu egin zuenNAMeko kideei Partxingo planta nuklearra bisitatzeko baimena emango ziela. Atzerri ministroak ordu batzuk lehenago egindako adierazpenen harira esan zuen hori gobernuak. Izan ere, ministroak adierazi zuen baimena ematea pentsatzen ari zirela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.