AEB Ameriketako Estatu Batuek Ukrainarako menia adosteko «gidaritza» hartu duten honetan, Etxe Zuriko ordezkariak Europako potentziekin bildu ziren atzo, Donald Trumpek AEBetako presidente kargua hartu zuenetik elkarrengandik aldenduta ibili diren arren. Ukrainarako «bake sendo bat» eskatu zuten atzo AEBetako ordezkariek eta Ukrainakoek, eta Frantziakoek, Alemaniakoek eta Erresuma Batukoek ere bai; gaur, ordea, ohartarazpena egin du Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak: Moskuk eta Kievek bakerako urratsik egin ezean, AEBek bertan behera utziko dituzte Ukrainarako su etenerako bitartekaritza lanak.
«Ez gara ahaleginduko ez aste gehiagoz, ezta hilabete gehiagoz ere», esan die Rubiok kazetariei, Paris utzi aurretik, eta azpimarratu du presazkoa dela Errusiaren eta Ukrainaren arteko bake akordioa lortzea: «Honetara ezkero, erabaki eta zehaztu behar dugu posible dela; horregatik ari gara bi aldeekin hitz egiten». Adosten dutena adosten dutela, «datozen egunetarako» beharko du izan, idazkariaren arabera AEBek «beste lehentasun batzuk» dituzte eta.
Trumpek atzo iragarri zuen «aste honetan» jasoko dutela menia proposamen baten gaineko erantzuna Errusiaren partetik: «Ikusiko dugu». Rubiok, berriz, adierazi du Moskuk eta Kievek «urrunduta» jarraitzen badute balitekeela negoziazioak etetea: «Uste dut [Donald Trump AEBetako] presidentea 'amaitu dugu' esatear egongo dela».
Martxoaren 11n, Ukraina eta Errusia AEBekin bildu ziren Saudi Arabian, nor bere aldetik: Ukrainak 30 eguneko su etenerako proposamena onartu zuen; Errusiak, berriz, iritzi zion konpondu beharreko zenbait «ñabardura» zeudela. Hurrengo astean, martxoaren 18an, energia azpiegituretarako menia adostu zuten bi aldeek, nahiz eta geroztik akordio hori urratzea egotzi dioten elkarri.
Rubiok gogoratu du «Europako kontinenteko» gerra bat dela Ukrainakoa: «AEBak Ukrainari laguntzen aritu dira azken hiru urteotan, eta nahi dugu [gerra] amaitzea, baina ez da gure gerra». Atzo AEBen ordezkariak ez zuen egin adierazpenik Europako herrialdeekin bildu eta gero; gaur, berriz, esan du Frantziak, Alemaniak eta Erresuma Batuak «konponbiderantz lagundu» dezaketela: «Haien ekarpenak lagungarriak eta eraikitzaileak izan dira».
mineralen akordioa «Lehenbailehen» sinatu nahi dute ukrainak eta aeb-EK
Kievek eta Washingtonek apirilaren 26a baino lehenago itxi nahi dute Ukrainako mineral arraroak ustiatzeko akordioa, eta «lehenbailehen» sinatu, Ukrainako Ekonomia Ministerioak kaleratu duen memorandumean zehaztu duenez. Horretarako, Denis Xmihal Ukrainako lehen ministroa Washingtonera joango da datorren astean, Scott Bessent AEBetako Altxorreko idazkariarekin biltzeko. Mineralen truke, herrialdea berreraikitzeko inbertsio funtsaz eztabaidatuko dute, «bi herrialdeen eta bi gobernuen arteko aliantza ekonomikoa» sendotzeko, ministerioaren arabera.