AEBetako kaleak militarizatzeko ahaleginetan jarraitzen du Donald Trump herrialdeko presidenteak. Bart heldu da azken erabakia: Los Angeles eta Washington hirietan egin gisa, Memphisen ere Guardia Nazionala zabaltzeko agindua eman du; oraindik ez du eperik zehaztu, ezta zenbat militar bidaliko dituen ere. Aztertzen ari da, gainera, neurri bera Chicagon, St. Louisen eta New Orleansen aplikatzea. «Zaindu egingo ditugu, pausoz pauso», esan zuen bart Etxe Zurian, besteak beste Bill Lee Tennessee estatuko gobernadore errepublikanoarekin batera egindako agerraldian. Trumpek azaldu zuen hark eskatu diola militarrak estatuko hiriburuan zabaltzea, «krimenei» aurre egiteko.
FBI Ikerketa Bulego Federalaren datuen arabera, 100.000 biztanle baino gehiagoko hirien artean indarkeriazko krimenen tasarik handiena zuen iaz Memphisek —100.000 biztanleko 2.500 delitu—; 600.000 biztanletik gora ditu. Eta aintzat hartzekoa da hango Poliziaren bertsioa: azken 25 urteotako minimoetan daude krimenak, eta azken sei urteotako minimoetan, hilketak; «gutxitze historikotzat» jo du.
Are, Paul Young Memphiseko alkate demokratak irizten dio Guardia Nazionalak ez duela lagunduko delituak gutxitzen. Atzo CNN kateari egindako adierazpenetan, esan zuen ez duela «zeresanik» militarrak zabaltzeko erabakiari dagokienez: «Saiatuko gara gure komunitatean ahalik eta eragin gutxien izan dezan». Kristi Noem AEBetako Segurtasun Nazionaleko Departamentuko buruaren arabera, Young alkatearekin eta Lee gobernadorearekin arituko da Trump, militarren zabalpena «optimizatzen dutela eta eraginkorra dela ziurtatzeko».
Memphiskoa Washingtongo operazioaren «erreplika» izango da, presidenteak aurreratu zuenez; gehienez 30 egunerako zabaldu ditzake tropak. Abuztuan zabalarazi zituen militarrak Washingtonen, argudiatuta «gorenean» ziren krimenek behera egingo zutela, nahiz eta azken hiru hamarkadetako mailarik baxuenean zeuden, hango Poliziaren datuen arabera. Sare sozialetan zabaldutako mezu batean, Trumpek azpimarratu zuen «krimenik ezaren miraria» lortu duela han: «Benetako lana hasi besterik ez da egin. [...] Nik bakarrik salba ditzaket [hiriak]!». Memphis baino lehen, Chicagora militarrak bidaltzen ere saiatu zen, eta muzin egin zioten hango alkateak eta Illinois estatuko gobernadoreak, demokratak biak. Dena den, «baliteke Chicago hurrena izatea», esan zuen presidenteak: «Eta espero dugu gobernadorearen laguntza izatea. Bestela, geure kasa egingo dugu».
Tropak Los Angelesen
Pixka bat atzerago egin behar da AEBetako militarizazioaren auziari heltzeko. Ekainean, protestak izan ziren Los Angelesen, Trumpen administrazioaren migrazio politiken aurka egiteko, baita han inguruko migratzaileen kontra egindako sarekadak salatzeko ere. «Ordena berrezartzeko» asmoz, Guardia Nazionaleko 2.000 soldadu bidali zituen hara, Kaliforniako gobernadorearen baimenik gabe. Izan ere, tokian tokiko gobernadoreak eman behar du armadako erreserbista horiek zabaltzeko agindua.
Trumpek, ordea, AEBetako armadaren araudian jasotako lege federal bat baliatu zuen, zeina hiru egoera hauetako bati aurre egiteko soilik erabil daitekeen: «AEBak inbaditzen badituzte edo arrisku hori baldin badago; gobernuaren aurkako iraultza bat baldin badago; eta AEBetako presidenteak ezin baldin baditu legeak betearazi Polizia indar federalekin soilik». Hiru aukera horien artean, Trumpek bigarrena baliatu zuen hartutako erabakia justifikatzeko.
Herrialdearen luze-zabalean egin zituzten protestak, eta «bakea eta ordena» bermatzeko, Texasera ere bidali zituzten Guardia Nazionalaren tropak. Ordu horretan, Texasen Greg Abbot gobernadore errepublikanoak eman zuen agindua.
AEB-ek Venezuelatik ateratako beste ontzi bati egin diote eraso
AEBetako armadak Venezuelatik ateratako ontzi bati egin dio eraso Karibe itsasoan, Donald Trump AEBetako presidenteak bart jakinarazi duenez; haren esanetan, kokaina eta fentaniloa zeramaten. Denbora gutxian AEBek Karibe itsasoan egin duten bigarren erasoa da: irailaren 3an, Tren de Aragua talde kriminalaren jabetzako itsasontzi bati egin zioten eraso, Trumpen arabera narkotrafikoari bideratutakoa, eta 11 lagun hil ziren.
Trumpek Truth Social sare sozialean eman du erasoaren berri: «Nire agindupean, AEBetako indar militarrek beste eraso bat egin dute narkotrafiko eta narkoterroristen aurka —egiaztatutako narkoterroristak ziren, eta biziki biolentoak—, Hegoaldeko Komandoaren ardurapeko eremuan». Bideo bat ere atxiki du; argi eta garbi ikus daiteke ontziaren gainera lehergailu bat nola botatzen duten.
Azaldu duenez, Venezuelako hiru «terrorista horiek AEBetara droga zeramatelako» egin dute erasoa, eta salatu dute «estatubatuarrak pozoitzen dituen arma hilgarria» dela droga. Erantsi du narkotrafikoko sare horiek «mehatxua» direla herrialdearen segurtasunerako.
Bestalde, Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak adierazi du AEBek egindakoak ez duela tentsioa areagotzen; «erabateko erasoa» dela esan du. Are, gaineratu du «eraso militar bat badago» Venezuelak «erantzuteko eskubidea» duela, nazioarteko zuzenbidearen arabera. Venezuelak «defentsarako eskubide legitimoa» duela azpimarratu du Madurok: herrialdea «borroka armatu baterako prestatuago» dagoela adierazi du, baldin eta AEBek eraso egiten badiote.
Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak salatu du AEBetako armadak egin duena «erailketa» dela: «Armarik gabeko eta blindatu gabeko ontzi bateko hiru bidaiariri eraso egitea erailketa da; AEBetako Gobernua latinoamerikarrak hiltzen ari da haien lurrean bertan». Iritzi dio erasoa Venezuelako itsasoan gertatu zela, eta AEBek ez dutela bertan eraso egiteko eskubiderik.