AEBekiko akordioa hautsi, eta NBEren gaitzespena arbuiatu du Ipar Koreak

Piongiangek eutsi egingo die uranioa aberasteko jarduerei, entsegu nuklearrei eta misilen probei

mikel rodriguez
2012ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Ipar Koreak ofizialki hautsi du AEBekin iragan otsailean egindako akordioa. Uranioa aberasteko praktikak, entsegu nuklearrak eta misilekin egindako probak etetea onartu zuen Piongiangek 240.000 tona elikagairen truke, baina KCNA agentzia ofizialean atzo argitaratutako agiri batean bukatutzat jo du hitzarmena. Dena den, AEBek ere lehenagotik hautsitzat jo zuten akordioa, iragan ortziralean Ipar Koreak egindako misil jaurtiketa dela eta. NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak aste honetan gaitzetsi du proba hori, baina Piongiangek adierazpen hori «irmoki» arbuiatu du, bere subiranotasuna urratzen duelakoan.

AEBen eta haren aliatuen ustez, Ipar Koreak entsegu militar bat egin zuen misila jaurtita, eta akordioa hausteaz gain, Segurtasun Kontseiluaren bi ebazpen ere ez zituen errespetatu. Ipar Koreak dio, ordea, satelite bat jaurti zuela misilarekin, «helburu zientifikoekin». Piongiangen arabera,AEBek proiektu espazialak «boikotatu» nahi dizkio, «herrialde batzuek teknologia sofistikatuak monopolizatu nahi dituztelako». AEBek Segurtasun Kontseiluan erabilitako «botere gehiegikeria» salatu du Ipar Koreak.

Seul, Pekinekin pozik

Segurtasun Kontseiluak, dena den, ez du gaitzespenerako ebazpen bat onartu, adierazpen presidentzial bat baizik —maila juridiko baxuagoko formula—, Txinaren aldeko botoa ziurtatzeko. Hego Koreako presidente Lee Myung-bakek positibotzat jo du Pekinen jarrera. Ipar Koreak duen aliatu nagusia eta bakanetakoa da Txina, baina Hego Korearen merkataritza bazkide nagusia ere bada gaur egun. Seulek jakinarazi du misilaren proba dela-eta Piongiangen kontrako neurriak hartuko dituen arren, ez diola giza-laguntza kenduko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.