AEBen aliatuek ez dute negoziaziorik egin nahi Siriako presidentearekin

Al-Assadentzat, Kerryk errandakoa «positiboa» da, baina «ekintzak» eskatu dizkio.Etxe Zuriak zehaztu du ez duela zuzenean negoziatuko Al-Assadekin

Baxar al-Assad Siriako presidentea, kazetari bati erantzuten, Irango Ekonomia ministroarekin (ezkerretik bigarrena) elkartu ondoren, atzo, Damaskon. SANA / EFE.
mikel rodriguez
2015eko martxoaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lau urte bete dira Sirian Baxar al-Assad presidentearen aurka lehenbiziko protestak hasi zirela. Ordutik, gatazkaren eta herrialdearen beraren egoera erabat aldatu da. Gerrak zatituta dago Siria. Al-Assadek botereari eutsi dio Damaskon, eta duela lau urte Irakeko talde armatu bat zena, hein handi batean Siriako gerraren ondorioz, Ekialde Hurbil osoarentzat mehatxu bihurtu da. Horrek eraginda, AEBek iraganeko jarrera aldatzeko zantzuak eman dituzte, John Kerry AEBetako Estatu idazkariak aitortu baitu «azkenean» Al-Assadekin negoziatu beharko dutela. Turkiak, Erresuma Batuak eta Frantziak, ordea, baztertu egin dute Kerryk errandakoa. «Zer dago negoziatzeko?», galdetu du Mevut Çavusogluk, Turkiako Atzerri ministroak. Siriako presidenteak berak, berriz, eszeptiko agertu nahi izan du, nahiz eta berarentzat AEBetako Estatu idazkariak egindako adierazpenak garaipen diplomatiko argi bat izan; Al-Assadek erran du Kerryren jarrera aldaketa «positiboa» dela, baina «ekintzak» eskatu dizkio.

Kerryk adierazpenak egin ondotik, Marie Harf AEBetako Estatu Departamentuko bozeramaileordeak zehaztapen batzuk egin zituen. «Beharrarengatik, beti egon dira Al-Assaden erregimeneko kide batzuk prozesuan, baina inoiz ez da izan eta ezta izanen ere Al-Assad bera negoziatuko duena. Idazkariak [Kerryk] ez du hori erran». Geroago, Jen Psaki bozeramaileak berak zehaztapen bertsuak egin zituen. Kerryk CBS kateari emandako elkarrizketa batean herenegun erran zuen «hainbat modutara presioa hazten» ari dela «hori [negoziazioa] gertatzeko». «Al-Assaden erregimenak negozia dezan, alde guztiek argi utzi behar dute irtenbide politiko bat bilatzearen alde daudela, eta negoziazioen inguruan dauzkaten kalkuluak aldatu beharko dituzte».

Siriako presidenteak zurrun erantzun die Kerryren adierazpenei. «Oraindik adierazpenak aditzen ari gara, eta ekintzei itxaron behar diegu. Ondoren erabakiko dugu», adierazi dio Irango kate publikoari. Al-Assadek zehaztu du «ekintza» horiek izan beharko luketela AEBek eta haien aliatuek «bermatzea espioiei eta terroristei ez dietela finantzaketa eta laguntza militarra emanen».

Kerryren bozeramaileek egindako zehaztapenak ezkutuan gelditu dira, AEBen aliatuek egindako adierazpenak adituta. Gogorren, Turkia agertu da. Çavusoglu Atzerri ministroak Al-Assad eta EI Estatu Islamikoa parekatu egin ditu, eta erran du «Al-Assad botatzea eta talde terroristak suntsitzea» izan beharko lukeela «nazioarteko ahalegin ororen helburua». Siriako Gobernuak eta kurduen miliziak urteotan Turkiari leporatu diote talde armatuei laguntzea, horien artean EIri.

Londresek ere ez Al-Assadi

AEBen atzerri politikarekin gehien inplikatutako Mendebaldeko bi herrialdeek ere berehalakoan argitu nahi izan dute beren jarrera. «Erregimenaren aurka zigorrak ezartzen segituko dugu hark jarrera aldatu arte, indarkeria gelditu eta oposizio moderatuarekin egiazko negoziazioetan hasi arte», adierazi du Erresuma Batuko Atzerri Ministerioak. Manuel Valls Frantziako lehen ministroa zuzenagoa izan da, eta erran du Kerryren adierazpenak «deitoratu»> egiten dituela. «Baxar al-Assad dagoen bitartean ez da irtenbiderik izanen Siriarentzat, eta John Kerryk badaki hori». Herrialde horiek babesten duten Siriako oposizioko plataformak ere betiko baldintzari eutsi dio: Al-Assadek boterea utzi behar du.

Plataforma horrek uko egin dio gaur egun dagoen negoziazio ekinbide bakarrari. Errusiak hasitakoa da, eta Gennadi Gatilov Atzerri ministrordearen arabera, apirilaren hasieran elkartuko dira Moskun gobernuko eta oposizioko ordezkariak. Nazio Batuen Erakundeko mandataria ere gonbidatu dute.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.