Venezuelako iraultzaren erronkak» izan zituen hizpide Ana Elisa Osoriok joan den asteartean Bilbon eman zuen hitzaldian. Eta, adierazi zuenaren arabera, erronka horiek ez dira makalak. Hugo Chavez presidentearen heriotzak ekarritako zailtasun politikoei eta egoera ekonomiko korapilatsuari kanpoko mehatxuak gehitu behar zaizkio, haren ustez; AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Barack Obamak martxoaren 9an kaleratutako dekretua aspaldi honetako larriena izan da. Baina Osorio baikor da: badu konfiantza gobernuaren neurriek aldaketak ekarriko dizkiotela Venezuelako ekonomiari, petrolioaren esportazioekiko menpekotasuna urrituz, eta AEBetako mehatxuen inguruan «chavismoa kohesionatzeko» balio izan dutela dio.
Medikua da Osorio, baina ohituta dago Venezuelako politikagintzaren lehen lerroan jarduten. PSUV Venezuelako Alderdi Sozialista Bateratuko kidea da, eta Ingurumen ministroa izan zen Hugo Chavezekin 2000tik 2004ra. Egun, diputatua da Parlatino Latinoamerikako Parlamentuaren Venezuelako sailean. Egunotan, Euskal Herrian izan da, hainbat elkarte eta alderdi politikok gonbidatuta, eta aukera baliatu du Venezuelako egoera politikoaz duen iritzia jende aurrean azaltzeko.
«Konplexua» da Venezuelako egoera, Osorioren esanetan, hainbat faktorek eragiten dutelako. Egoera ekonomikoa da horietako bat: Venezuelako ekonomia petrolioaren esportazioen menpe dago, eta petrolioaren prezioak beherakada handia eduki izanak hankaz gora bota ditu gobernuaren aurreikuspenak. «Guk aurrekontuak egin genituen pentsatuz petrolio upelaren prezioa 60 dolarrekoa izango zela. Orain, upelak 47 dolar inguru balio du. Horrek zailtasun handiak ekartzen dizkigu».
Horri gehitu behar zaio Osoriok «zenbait produkturen gabezia programatua» deitzen duena. Noizean behin, produktu batzuk desagertzen dira merkatutik; zailtasun handiak daude horiek lortzeko, eta herritarrek ilara handiak egiten dituzte saltokietan. «Gainera, ezin jakin zein izango den urrituko den produktua: gaur arto irina izan daiteke, eta bihar esne hautsa». Bi arrazoi eman ditu Osoriok hori azaltzeko: alde batetik, ekoizle batzuen jokabidea, «produktuak pilatzen dituztelako; gero, produktu horiek Kolonbian salduta, etekin izugarria lortzen dute»; beste aldetik, zenbait produktu erosi ahal izango ote dituzten ez jakiteak produktu horiek pilatzera bultzatzen ditu herritarrak.
Osoriok dioenez, azken hilabeteetan egoera asko hobetu da, eta saltokien aurreko ilarak gutxitu egin dira. Eta nabarmendu du egoera horrek, «zaila izanagatik ere», ez duela «inolako gizarte leherketarik sortu» Venezuelan.
Petrolioaren menpekotasunaren arazoa, aldiz, makurragoa da. «Ez da erraza petrolioaren esportazioan oinarritutako ekonomia bat egun batetik bestera aldatzea. Ahaleginak egon dira. Gobernuak bultzatu zuen kooperatibak sortzea, eta bolada batean eztanda moduko bat egon zen kooperatiba asko sortu zirelako, eta denborak erakutsi du hori ere ez zela arazo guztien irtenbidea. Argi dago Venezuelak etorkizunean izango duen erronka garrantzitsuenetako bat petrolioaren menpekotasuna gutxitu eta askotariko ekonomia sustatzea izango dela».
Arlo politikoan ere, zailtasun ugariri aurre egin behar izan dio Venezuelak. 2002ko apirilaren 11n Hugo Chavez presidentearen kontrako estatu-kolpe saioa, «Venezuelaren aurkako jazarpenaren lehenengo atala», Osorioren esanetan. Chavezen heriotza, 2013an, kolpe gogorra izan zen prozesu bolivartarrarentzat. Osoriok dioenez, Nicolas Maduro «erabateko adostasunez» aukeratu zuten Chavezen ordezkotzat prozesua gidatzeko, «baina Maduro ez da Chavez, eta jendeak Chavez izateko eskatzen dio».
Edozelan ere, AEBetako jazarpena da, Osorioren aburuz, Venezuelak aurre egin behar duen arazorik larrienetako bat. Obamak martxoaren 9an plazaratutako dekretuan «nazioaren kontrako mehatxutzat» jotzen dute Venezuela, eta zigorrak ezartzen dituzte Maduroren gobernuko goi mailako zenbait funtzionarioren kontra.
Osoriori «barregarriak» begitantzen zaizkio AEBek Venezuelaren kontra erabilitako argudioak: «Venezuela AEBentzat mehatxua izan litekeela esateak pelikula bateko kontua dirudi. Baina horrek ez du esan nahi gutxietsi egin behar dugunik. Petrolioa ekoizten duten herrialdeen artean, Venezuela da AEBetatik hurbilen dagoena. Irak eta Libia inbaditu bazituzten, ez dago arrazoirik pentsatzeko Venezuelan ez dutela berdin jokatuko».
Ameriketako VII. Goi Bilera
«AEBen argudioak barregarriak dira, baina ez ditugu gutxietsi behar»
Ana Elisa Osorio Venezuelako Ingurumen ministro izan zen 2000-2004 epean. Bilbon asteon adierazi duenez, egoera ekonomiko korapilatsua eta AEBen mehatxuak dira Venezuelaren egungo erronka nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu