KUBA-AEB harremanak

AEBen esku hartze luzea

Bi herrialdeen arteko gatazkaren erroa Gerra Hotza baino lehenagokoa da, eta horrek azaltzen du hein handi batean Washingtonek blokeoa mantendu izana SESB erori ondotik.

Protesta bat Mexikon, Kubarekiko blokeoa amaitzeko eskatuz. JOSE MENDEZ / EFE
2014ko abenduaren 17a
07:15
Entzun

Iparraldeko erraldoiak XIX. mendetik finkatu ditu bere begiak hegoaldeko uhartean, Espainiaren menpeko kolonia zenetik. 1805ean dagoeneko, AEBek independentzia lortu eta bi hamarkadatara, Thomas Jefferson presidenteak honako hau adierazi zuen: "Ingalaterra eta Espainia gerran hasiz gero, Estatu Batuek Kuba hartuko lukete Florida eta Louisiana defendatzeko posizio estrategikoagatik".

Hemezortzi urte geroago, Monroe Doktrinak —"Amerika amerikarrentzat"— erakutsi zuen AEBek Kuban zuten nahia "posizio estrategikoa" baino zerbait gehiago zela. 1848 eta 1861 bitartean, AEBek hainbat eskaintza egin zizkioten Espainiari Kuba erosteko, baina Madrilek ukatu egin zituen. Hegoaldeko estatuek, AEBetako gerra zibilean (1861-1865) Konfederazioa osatu zutenek, interes berezia zuten Kuba hamazazpigarren estatu esklabista bihurtzeko.

Kubako independentzia gerran (1898-1901) gauzatu zituen Washingtonek bere gurari espantsionistak. Espainiako armada birrindu ondotik, independentzia prozesua bete-betean zuzendu nahi izan zuen, eta horren adierazgarri izan zen Kubako Konstituzioan ezarritako Platt Emendakina —Orville H. Platt senatariak proposatutakoa—. Washingtonen neokolonialismoaren lehenbiziko adibide garbitzat hartzen da hori. Bertzeak bertze, orduan ezarri ziren uhartean AEBetako multinazionalak, lur jabe handiak eta base militarrak —Guantanamokoa 1903an—, eta atzerri politikarako ahalmena ere mugatu zitzaion Habanari. Emendakinaren hirugarren artikuluan dago, ordea, funtsa, Washingtonen esku hartze politikoa eta militarra baimentzen baitzuen, Kuban "gobernu egoki bat mantentzeko, bizitzak, nahiz jabetza eta askatasun indibidualak babesteko". Emendakina 1934an utzi zuen bertan beheiti Kubako Gobernuak, zazpigarren artikulua izan ezik, AEBek uhartean zituzten jabetzei zegokiona. 1959ko iraultzak moztu zuen erabat Washingtonetik Habanara luzatzen zen katea. Hiru urte geroago, katearen ordez, hesia paratzea erabaki zuten AEBek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.