ATENTATUA SAUDI ARABIAN

AEBen kontsuletxearen aurkako erasoan 12 lagun hil dira, Jidan

Ekintzaile islamikoen komando batek egoitza diplomatikoari oldar egitearen ondorioz hiru erasotzaile, lau guardia saudiar eta kontsuletxeko bost langilek bizia galdu dute; biktima estatubatuarrik ez da izan

Erredakzioa
2004ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Saudi Arabiako bigarren hiri handiena den Jidan Ameriketako Estatu Batuen kontsuletxearen aurka atzo gertatutako erasoan, 12 lagunek bizia galdu zuten. Hildakoak ziren ustezko hiru ekintzaile islamiko, Saudi Arabiako segurtasun indarretako lau kide eta kontsuletxeko bost langile. Azken hauetan, haatik, estatubatuar herritarrik ez zen. Riadeko agintariek Al Kaeda erakunde islamikoari leporatu zioten oldarraldiaren erantzukizuna. George Bush AEBetako presidentearen iritzian, «terroristek herrialde askeen nahikundea makurtu nahi dute».

Erasoa atzo goizeko 11:00k inguruan (10:00ak Euskal Herrian) hasi zen, antza, bost laguneko komando batek lehergailuz zartarazi zuelarik AEBetako kontsuletxearen ate nagusia. Hori lortu ondoren, erasotzaileak egoitzaren barrura sartu ziren su armaz tiroka eta eskuko lehergailuak botaz. Oldarraldiaren eraginez, sute bat ere piztu zen egoitzan.Saudi Arabiako segurtasun indarrek laster iharduki zioten erasoari eta ekintzaileekin izandako tiroketen ondorioz hil ziren lau guardia saudiar eta hiru erasotzaile. Riadeko gobernuaren segurtasun indarrek beste bi ekintzaile atxilotu zituztela eman zen jakitera geroxeago. Kontsuletxeko bost langileen heriotzaren berria, aldiz, geroago zabaldu zen. Horiek ez zirela estatubatuarrak zehaztu zuen Riaden AEBetako enbaxadako eledun Carol Kalinek. Saudi Arabiako segurtasun indarrek eman zituzten datuen arabera, arabiar eta asiar jatorrikoak ziren kontsuletxeko jardule horiek. Erasoak iraun zuen denboran, kontsuletxeko 18 langile gatibu hartuak izan ziren berria zabaldu zen. Informazio hori, haatik, gezurtatu egin zen gero, langile hauek egoitzaren barruan babestu zirela eta Saudi Arabiako segurtasun indarren ihardukitzetik landa onik eta salbu geratu zirela zehaztu baitzuten iturri ofizialek.Saudi Arabiako Barne Ministerioak arratsalde hasieran iragarri zuen hiru ordu inguru iraun zuen erasoaldiari aurre egitea lortu zutela segurtasun indarrek. Honek zabaldutako agiriak zioenez, «desbideratuta» dagoen «gutxiengo talde batek» eraso zion AEBetako kontsuletxeari, baina segurtasun indarrek egoera «kontrolpean» hartuta zeukaten berriro.

Azken urte eta erdian, 170 hildako atentatuetan

Washingtondik baieztatu zen, aldiz, Jidako kontsuletxean ziharduten estatubatuar guztiak segurtasunean zeudela. Erasotik landa, baina, egoitza diplomatikoa itxi egin zuten, baita Riadeko enbaxada eta Daharmeko kontsuletxea ere.

AEBetako hiriburutik beti, George W. Bush presidenteak gogor salatu zuen Jidako erasoa. «Oldar egite hauek ohartarazten digute terroristak hor daudela beti eta herrialde askeen nahikundea makurtu nahi dutela; AEBek Saudi Arabiatik eta Iraketik alde egin dezagun nahi dute», esan zuen Bushek, Etxe Zurian Irakeko behin-behineko presidente Gazi Al-Jauarri harrera egin osteko adierazpenetan. Atzoko oldarraldiak agerian utzi du berriro Al Kaeda erakundeko buruzagiaren aginduetara liratekeen ekintzaileek AEBen eta hauen aliatu Riadeko agintearen aurkako ahaleginetan dihardutela. Azken urte eta erdiko oldar egiteak kontuan hartuta, atentatuek 170 lagunen heriotza eragin dute.

-

Atentatuak





1991n, Golkoko Gerra piztu zenetik, AEBen aurkako eraso ugari gertatu dira Saudi Arabian. Hona horietako batzuk: 1991-02-04: AEBetako bi soldadu eta Saudi Arabiako segurtasun indarretako kide bat tiroka hil zituzten Jidan.

1991-03-28: Jubail herrian hiru soldadu estatubatuar tiroka zauritu zituzten.

1995-11-13: Bonba-auto batek eztanda egin zuen Riaden, Saudi Arabiako Guardia Nazionalaren egoitza aurrean. Saudiarren trebatzaile ziren AEBetako bost militar eta bi indiar hil ziren.

1996-06-25: Bonba-kamioi bat zartatu zuten AEBen Armadaren Al-Khobarreko basean. 19 soldadu hil eta 389 zauritu ziren.

2003-05-01: Estatubatuar bat tiroz zauritu zuten Jubaileko itsas base militarrean. Bederatzi hilabete gerorago hil zen.

2003-05-12: Atzerritar langileak aterpetzen zituzten hiru egoitzaren aurkako erasoetan, Riaden, 35 lagun hil ziren, hauen artean bederatzi estatubatuar eta ustezko 12 ekintzaile.

2004-05-01: Bi estatubatuar eta beste lau atzerritar hil zituzten Janbun, enpresa bati erasota.

2004-05-29 eta 30: Al-Khobarren gertatutako eraso oldean, 22 lagunek bizia galdu zuten.

2004-06-08: AEBetako trebatzaile militar bat hil zuten.

2004-12-06: Jidan, AEBen kontsuletxearen aurkako atentatuan, 12 lagun hil ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.