AEBen saiakerak ikusirik, Hamasek uste du ez dela beharrezkoa beste menia proposamen bat ontzea

Netanyahuk berretsi du Salah al-Din pasabideko kontrolari eutsi nahi diola, eta Hamasek leporatu dio meniarako negoziazioak sabotatzen aritzea. Erakunde islamistak argudiatu du eurek dagoeneko onartu dutela Washingtonek maiatzean proposatutako su etena.

Palestinako barne desplazatuentzako kanpaleku bat hondatuta, Israelen bonbardaketen ondoren, Gaza erdialdeko Deir al-Balah herrian, gaur. MOHAMMAD SABER / EFE
Palestinako barne desplazatuentzako kanpaleku bat hondatuta, Israelen bonbardaketen ondoren, Gaza erdialdeko Deir al-Balah herrian, gaur. MOHAMMAD SABER / EFE
maddi iztueta olano
2024ko irailaren 5a
14:00
Entzun

Ez aurrera eta ez atzera daude Gazarako menia bat adosteko negoziazioak, baina AEB Ameriketako Estatu Batuek jarraitzen dute bi aldeek onartuko luketen proposamen berri bat ondu nahian. Hamasek, ordea, uste du ez dela beharrezkoa, argudiatuta eurek dagoeneko eman ziotela baiezkoa, iragan uztailaren 2an, AEBek maiatzean aurkeztutakoari. Hori esan du Palestinako erakunde islamistak gaur goizaldean, Telegram bidez zabaldutako mezu batean.

Lan horretan parte hartzen ari diren bitartekarien gertuko iturriak aipatuz Reuters berri agentziak kaleratu duenez, AEBen asmoa litzateke ahalik eta lasterren aurkeztea. Hein handi batean, su eten baten premia «gero eta handiagoa» delako, eta gainontzeko bitartekarien artean ere tentsioa areagotzen hasi delako, atzo Egiptoko Gobernuaren gertukoa den Al Qahera News telebista kateak jakinarazi zuenez, negoziazioetako iturriak aipatuz.

Nolanahi ere, proposamena amaitu ahal izateko, zehaztu beharreko bi puntu nagusi dituzte oraindik: batetik, Egiptoren eta Gazaren arteko Salah al-Din pasabideko kontrolarekin zer egin; eta, bestetik, zein pertsona barne hartuko lituzketen preso palestinarren eta milizia palestinarrek hartutako gatibuen arteko trukean. Hain zuzen, atzo iluntzean Jerusalemen egindako prentsaurreko batean, Israelgo tropak Salah al-Din pasabidean mantentzearen «beharra» azpimarratu zuen Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, beste behin.

Hamasek, ordea, behin baino gehiagotan esan du menia bat adosteko baldintzetako bat dela Israelgo tropak pasabide horretatik ateratzea. Eta baldintza horren inguruko desadostasunen harira, su eten bat adosteko negoziazioak «alferrik» luzatzen aritzea leporatu dio gaur erakunde islamistak Netanyahuri, iritzita bere interes politikoen «onerako» ari dela, eta zerrendaren aurkako ofentsiban aurrera egin nahi duela.

«Netanyahuren deklarazio faltsuek ez diete ekarpenik egiten eskualdea egonkortzeko saiakerei; kontrara, tentsioa areagotzen dute»

 JASSIM AL-BUDAIWIGCCko idazkari nagusia

Netanyahuk, berriz, birritan esan du Hamasek pasabide horretatik ekipamendu militarra jasotzen duela. Adierazpen horiek Ekialde Hurbileko hainbat herrialderen haserrea eragin dute, publikoki Netanyahuren hitzak gaitzetsi, eta Egiptori euren babesa helarazteraino. Horien artean daude Qatar, Irak, Kuwait eta Saudi Arabia. «Netanyahuren adierazpen faltsuek ez diete ekarpenik egiten eskualdea egonkortzeko saiakerei; kontrara, tentsioa areagotzen dute», adierazi zuen herenegun, prentsa ohar bateratu baten bidez, GCC Golkoko Lankidetzarako Kontseiluko idazkari nagusi Jassim al-Budaiwik.

AEBek iragan maiatzean proposatutako su etenaren lehenengo fasean aipatzen ez den zehaztapen batek eragin ditu Salah al-Din pasabidearen inguruko tirabirak. Testuaren arabera, fase horretan Israelek bere tropa guztiak atera behar lituzke «populazio dentsitate handia» duten Gazako eremuetatik; eta argitu gabe dagoena da pasabideak gisa horretako eremutzat jo ote daitezkeen. Israelgo armadak iragan maiatzean hartu zuen korridore horren kontrola, alboan dagoen Rafahko hiria inbaditu ondoren.

Polioaren txertaketa, aurrera

Gazako zerrendan atzo bukatu zen polioaren aurkako txertaketa kanpainaren lehenengo fasea, eta, bihartik aurrera, abian izango da bigarrena. OME Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendari nagusi Teydros Adhanomek emandako datuen arabera, 187.000 haurrek baino gehiagok jaso dute lehenengo fasean polioaren aurkako txertoa. Datozen egunetan, zerrenda erdialdean izango da abian txertaketa kanpaina: bihar hasi eta igandera arte iraungo du.

Txertaketa abian egon bitartean Israelek eta Hamasek adostutako eten humanitarioei buruz, OMEko buruak esan du bi aldeek errespetatu dituztela, eta espero duela datozen egunetan berdin egitea.

Beste bi eraso Zisjordanian

Israelgo armadak Zisjordaniaren aurkako erasoak areagotu zituen joan den astean. PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Osasun Ministerioaren arabera, beste eraso bat egin dute gaur goizaldean, drone baten bidez, eta gutxienez bost palestinar hil dira horren ondorioz. Erasoa Tubas hiriko al-Faraa errefuxiatuentzako kanpalekuan izan da. PANeko Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, 21 eta 30 urte bitarteko bost gizon palestinar dira hildakoak.

Bestalde, Palestinako Ilargi Gorriaren arabera, kanpaleku horretan bertan Israelgo armadak hamasei urteko palestinar bat hil zuen atzo iluntzean, tiroz. Israelek Zisjordanian Bigarren Intifadatik (2000-2005) abiatutako erasoaldirik bortitzena izaten ari. Urte hasieratik hona, 330 palestinar baino gehiago hil dituzte, eta, iazko urriaren 7tik, 520tik gora.

TIROKETA BAT IZAN DA MUNICHEN, ISRAELEN KONTSULETXETIK GERTU

Gaur goizaldean tiroketa bat izan da Munichen (Alemania), Israelek hiri horretan duen kontsuletxetik gertu, Bavariako Barne ministro Joachim Hermannek jakinarazi duenez. Haren arabera, arma bat zeraman gizon batek eraso egin die eraikinetik gertu zeuden polizia batzuei. Poliziak ere tiro egin dio erasotzaileari, eta zenbait ordu geroago hil da. Municheko Poliziak esan du abian jarriko dutela erasoaren nondik norakoak argitzeko ikerketa bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.