Ameriketako Estatu Batuetako 14 soldadu hil eta beste bat zauritu zituzten ekintzaileek atzo. Bagdad hiriburutik 250 kilometro mendebaldera dagoen Haditha hirian izan zen erasoa. Bide bazterrean ezkutatutako bonba bat eztandarazi zuten, soldadu estatubatuarren konboia albotik igarotzen ari zenean. Soldaduez gain, AEBetako Armadarentzat lan egiten zuen kazetari bat ere hil zen atentatuan.
Beste zazpi soldadu hil ziren herenegun Bagdadetik hurbil izandako erasoan. Ansar al-Sunna taldeak bere gain hartu zuen atentatua. AEBetako soldadu bat bahitu zuela iragarri zuen atzo talde horrek berak. Gauzak horrela, Pentagonoak emandako datuen arabera, 1.811 soldadu estatubatuar hil dira Iraken okupazioa hasi zenetik2003ko martxoa. Eraso horien ostean, ekintzaileak erasoak egiteko gaitasuna dutela onartu zuen Pentagonoak. Irak hegoaldeko Basora hirian, berriz, AEBetako kazetari Steven Vincenten gorpua atzeman zuten. New York Times eta Wall Street Journal egunkarientzat egiten zuen lan. 50 urteko kazetaria herenegun bahitu zuten Basora erdialdean, harekin lan egiten zuen itzultzaile irakiarrarekin batera. Itzultzailea larri zaurituta aurkitu zuten, eta Basorako erietxera eraman zuten artatzera. Vincenten heriotza baieztatzearekin batera, AEBetako Bagdadeko enbaxadak zera ziurtatu zuen: «Krimen basati honen egileak harrapatzeko ahalegin guztiak egingo ditugu». Vincentekin 93 dira Iraken hildako kazetariak. Ekintzaileak Bagdadeko gobernuaren aginduetara diren segurtasun indarrei oldartzen zaizkie egunero. Hala, bi polizia hil zituzten atzo Bakuba hirian izandako bi erasotan. Hirugarren bat ere hil zuten Bagdaden. Han, zibil bat hil zen gobernadorearen egoitzaren aurka botatako mortero bat lehertu zenean. Horretaz gain, Abu Musab Al Zarkaui buruzagi jordaniarraren laguntzaile bat atxilotu zutela jakinarazi zuten Irakeko segurtasun indarrek.Bestalde, herritarren oinarrizko eskubideak eta Gobernu zentralaren eskumenak xedatzen dituzten atalak aztertu zituen atzo Irakeko konstituzio berria idazten ari den Legebiltzarreko batzordeak. Konstituzioak hilaren 15erako prest izan behar du.
IRAKEKO OKUPAZIOA
AEBetako 14 soldadu eta kazetari bat hil dituzte ekintzaileek
Ekintzaileek erasoak egiteko gaitasuna badutela onartu du Estatu Batuetako Gobernuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu