AEBetako bozetako azken debatea, nazioarteko politikaz

Afganistango gerra izan dute eztabaidagai nagusietako bat; Latinoamerika ez dute sartu gai zerrendan

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2012ko urriaren 23a
00:00
Entzun
AEB Ameriketako Estatu Batuek inoiz egin duten gerrarik luzeena da Afganistangoa, gerra horren balizko amaierari buruz hitz egin dute goizaldean Barack Obama demokratak eta Mitt Romney errepublikanoak. Hautagaiok gaurkoa izan dute telebista kameren aurreko azken hauteskunde eztabaida. Nazioarteko politikari buruz aritu dira, eta Bob Schieffer kazetari beteranoak gidatu du saioa. 90 minutu iraundu du. Gai zerrenda ere Schiefferek markatu du, puntu hauek mahai gainean jarrita: AEBen rola munduan, Afganistango gerra, Israel eta Iran, Ekialde Hurbileko aldaketak eta terrorismoaren aurpegi berria, Txinaren gorakada eta etorkizuneko mundua.

AEBek erabiltzen dituzten lehengai energetikoen herenak eta sei estatubatuarretik bat Latinoamerikan sortuak badira ere, moderatzaileak Latinoamerika ez du agendan sartu. Narkotrafikoa, immigrazioa, diru zuriketa eta arma trafikoa Latinoamerikarekin lotu ohi ditu AEBetako iritzi publikoak, eta herritarrek arazo nazionaltzat jotzen dituzte.

Floridako plaza

Boca Ratongo Lynn unibertsitatean egin dute eztabaida, non eta Floridan. Florida da, hain zuzen ere, azaroaren 6ko hauteskundeetan garaipenaren balantza baten edo bestearen aldera mugiaraz dezakeena, lehia estuan baitaude bertan demokratak eta errepublikanoak, inkesta guztien arabera. Inkesta guztien batez bestekoa egiten duen Real Clear Politics webgunearen arabera, atzo bertan floridarren %48,7 boza Romneyri ematekotan zeuden, eta%46,6 Omabari ematekotan. Floridan boza emateko eskubidea daukatenen%19,2 hispanoak dira, eta horien %51k Obamari emango liokete boza. Floridako aurreikuspenak salbuespena dira Obamaren datu orokorretan, AEBetako hispanoen %70 alde baititu, inkesten arabera.

Juduena da Floridako beste komunitate garrantzitsu bat. %69 Obamaren alde ei zeuden irailean. Israel eta Iran hizpide izan dituen gaurko eztabaidak eragina izan dezake horien artean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.