Ohikoa duen moduan, sare sozialen bidez eta haserre erantzun die demokratei Donald Trump presidenteak: "Oposizioa gehiago kezkatzen da legez kanpoko immigranteez, gure armada handiaz edo hegoaldeko mugako segurtasunaz baino". Estatuburuak gogorarazi du egun gutxiengoan dauden errepublikanoek beste hamar senatari behar dituztela AEBetako Gobernuak aurrera egingo badu.
Democrats are far more concerned with Illegal Immigrants than they are with our great Military or Safety at our dangerous Southern Border. They could have easily made a deal but decided to play Shutdown politics instead. #WeNeedMoreRepublicansIn18 in order to power through mess!
— Donald J. Trump (@realDonaldTrump) 2018(e)ko urtarrilak 20
Ez da lehen aldia, hala ere, gobernuak bere lanak eteten dituena aurrekonturik ezagatik. Aurretik, 2013an ere gauza bera gertatu zen, eta itxialdiak bi aste iraun zuen. Ordea, lehen aldia da halako zerbait gertatzen dena alderdi berak Etxe Zuria eta Kongresua kontrolatzen dituelarik.
Eten dituzten zerbitzuen artean ez dago oinarrizkorik, baina gobernuko milaka langile geratu dira behin-behinean lanik gabe, eta horietako askok Trumpi berari egotzi diote gertatutakoaren ardura, demokraten tesiari jarraituz. Hain zuzen ere, Chuck Schumer senatari demokratak adierazi du presidentearena izan dela negoziazioak bertan behera geratu izanaren erantzukizuna, eta ez alderdiarena.
Immigrazioarena izan da aurrekontuak blokeatzera eraman dituen auzia. Izan ere, AEBetan paperik gabe bizi direnei nolabaiteko babesa emateko abiatutako programa bertan behera utzi du Trumpek, eta, ondorioz, milaka lagunen haserrea eragin. Kontuan izanik migratzaileen ondorengoak direla alderdi demokratari botoa ematen diotenetako asko, euren bandera bihurtu dute deportazio politikaren aurkako borroka.
Hala, gaur bertan berriz hasita, negoziazioek luze joko dute ziurrenik, baldin eta errepublikanoek immigrazioarekiko jarrera leuntzen ez badute.