AEBetako Gobernuak parte hartuko du Iranen eta EBren arteko bileran

Iran prest agertu da Mendebaldearekin programa nuklearraz hitz egiteko, baina ez hura eteteko

arantxa elizegi egilegor
2008ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Duela ia 30 urte eten zituzten harremanak AEBek eta Iranek. Geroztik bien arteko bilerak oso bakanak izan dira. Iaz, esaterako, hirutan bildu ziren bi administrazioetako ordezkariak Irakeko egoeraz eztabaidatzeko. Programa nuklearraren auzian, ordea, Washingtonek ohartarazi zuen ez zuela Teheranekin hitz egingo hark uranioa aberasteari uzten zion arte. Orain, baina, badirudi iritziz aldatu duela. Etxe Zuriak iragarri zuen atzo larunbatean egitekoak dituzten Iranekiko elkarrizketetan egongo dela Estatu idazkariorde William Burns. Dena den, Washingtonek zehaztu du Burnsek ez duela Teherango ordezkariarekin bakarkako bilerarik egingo eta Mendebaldea bat eginda dagoela erakustea dela elkarrizketetan parte hartzearen helburua.

Genevan bilduko dira etzi Europako Batasuneko Atzerri Politika eta Segurtasunerako goi komisario Javier Solana eta Saeed Jalili negoziatzaile irandarra. Bileran Mendebaldearen azken proposamena aurkeztuko dio Solanak Jaliliri. Horren arabera, Teheranen aurkako zigor gehiago ez hartzera konprometituko da Brusela, hark zentrifugagailu gehiago martxan jartzen ez baditu. Bestalde, Erresuma Batuak, Txinak, Frantziak, Alemaniak, Errusiak eta AEBek eskaini diote Irani teknologia nuklear zibila garatzeko laguntza, uranioa aberasteari uzten badio.

Teheranen baldintzak

Mahmud Ahmadinejad presidentearen gobernua, berriz, elkarrizketak hasteko prest agertu da, baina ez programa nuklearra bertan behera uzteko. Ali Khamenei buruzagi erlijiosoak berak iragarri du ez dutela «inolako mehatxurik» onartuko. «Gure lerro gorriak argi daude, eta besteek, irandarrak, errepublika islamikoaren duintasuna eta muga horiek errespetatzen badituzte, gure ordezkariak nahi adina negoziatzeko prest egongo dira».

Bestetik Khameneik oharra bidali die Israeli eta AEBei esanez, inolako erasorik jasaten badute erantzun gogorra izango dela. «Iranen kontrako ekintza txororik egiten badu inork, erantzuna erabakigarria izango da». Bi herrialde horiek ez dute erabat baztertu indarra erabiltzea Teheranen aurka. Irango presidentearen jarrera ere sostengatu du buruzagi erlijiosoak, eta esan du hura dela auzi nuklearraren gainean erabakitzen duena. «Presidentearen eta haren ordezkarien hitzak herrialdeko agintarien sostengu osoa dute».

Joan den astean, Ahmadinejaden gobernuak hainbat misil probatu izanak nazioartearen, eta batez ere AEBen, haserrea eragin bazuen ere, badirudi negoziazioen hasiera gero eta hurbilago dagoela. Dena den, Washingtongo iturriek adierazi dute orain duela aukera Ahmadinejadek krisia amaitzeko. Aldi berean, nabarmendu dute urratsik egiten ez badute ondorioak «larriak» izango direla. Iranek uranioa arma nuklearrak egiteko erabiliko duela uste du Washingtonek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.