Ekainaren 28an Gay, Lesbiana, Transexual eta Bisexualen Nazioarteko Eguna ospatu baino bi egun lehenago, Amerikako Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak ebatzi du konstituzioaren kontrakoa dela ezkontza homosexualak baztertzen dituen legea.
Bozketa estua izan da, araua konstituzioaren aurkakoa izendatzearen alde bozkatu baitute bost epailek, eta lauk, aldiz, kontra.
Ebazpenean, auzitegiak nabarmendu du Ezkontzaren Defentsarako Legeak —ezkontza gizonen eta emakumeen arteko batasunera mugatzen du— galarazi egiten diela ezkonduta dauden bikote homosexualei AEB osoan aitortza eta zerga hobariak izatea. Ezkontza homosexuala baimendua dago AEBetako estatu batzuetan, baina ez, ordea, beste batzuetan.
Arau horrek "babeserako berdintasuna" izateko printzipioa urratzen duela ebatzi du auzitegiak. 1996koa da Ezkontzaren Defentsarako Legea. 84 urteko emakume batek 350.000 dolar ordaindu behar izan zituen zergatan, haren emaztea 2009an hiltzean oinordetzan jaso zituen ondasunen truke. Ezkontza hori ez zegoen AEB osoan aitortuta eta, beraz, ezkontide gisa zegokiona baino gehiago ordaindu zuen.
Stonewalletik Auzitegi Gorenera
Gay eta Lesbianen Nazioarteko Eguna ospatu baino bi egun lehenago argitaratu du epaia Auzitegi Gorenak. Hain zuzen, 1969ko ekainaren 28an New Yorkeko Stonewall tabernan izandako gertakariak oroitzeko ospatzen dute eguna.
Egun hartan, sarekada bat egin zuen Poliziak gay eta lesbianen bilgune zen taberna hartan. Gay eta lesbianek protesta bortitzekin erantzun zioten sarekadari.