AEBetako Maryland estatuan bi bonba zartarazi dituzte gobernu eraikinetan

Lehergailuetako bat estatuko gobernadoreari zuzenduta zegoen, baina inor ez da larri zauritu

Erredakzioa
2011ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
AEBtako Maryland estatuko gobernu eraikinetan bi bonba pakete lehertu dira. Biak posta zerbitzu arruntaren bidez bidali dituztela jakinarazi dute Polizia iturriek. Eztandek ez dute inor larriki zauritu baina kezka handia sortu du gizartean segurtasun neurrien zaurgarritasuna dela eta.

Lehergailutako bat, Annapolis estatuko hiriburuko Estatu Departamentuaren eraikinean lehertu da. Bertako langile bati pakete bat lehertu zaio eskuetan eta erredura arinak eragin dizkio. Lekukoen arabera eztanda txikia izan da; gar txiki bat eragin du eta sufre usaina nabaritu da.

Beste lehergailuak aldiz, Hanover hirian, Marylandeko Garraio Departamentuaren eraikinean egin du eztanda. Hasiera batean, komunikabideek Garraio Departamentuko eztandarekin hainbat pertsona zauritu zirela zabaldu zuten arren, gerora gezurtatu egin zuten informazio hori.

Gertakarien berri izan ostean Poliziak, berehala bi eraikinak jendez hustu ditu.

Bi bonba paketeetako bat Martin O'Malley estatuko gobernatzaileari zuzenduta zegoen. Hori horrela, Estatuko Gobernuak bere posta areto guztiak ixteko agindua eman du. Gobernadoreak bonba sare baten biktima izan ote den argitu nahi izan du eztandaren berri izan bezain laster. «Horrelako gauzak gertatu daitezkeen garaian bizi gara», adierazi du O'Malleyk. Jarraian gertakaria 2001eko Antrax erasoekin lotu du. Hainbat komunikabideei eta AEBetako bi senatari demokratei Antrax esporak zituzten eskutitzak bidali zizkieten orduko hartan; 22 pertsona kutsatu ziren eta horietako bost hil egin ziren. Bonbaren jatorria datozen egunotan argitzea espero duela gaineratu du O'Malleyk.

Annapoliseko Estatu Departamenduan Nazio Segurtasunerako Bulegoa dago, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.