Eztabaida sortu da Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) Portlandeko manifestazioetan Polizia Federalak izan duen jarrerak. George Floyd afro-amerikarraren heriotzak protestak sortu zituen herrialdean, eta hiri horretan kalera ateratzen jarraitzen dute arrazismoa eta gehiegizko indarkeria salatzera, 50 egun baino gehiagoz jarraian. Testuinguru horretan, Donald Trump AEBetako presidenteak monumentu eta estatuak protestetatik babesteko agindua sinatu zuen, eta Barne Segurtasunerako Departamentuak Polizia Federaleko agenteak bidali zituen Portlandera. Identifikaziorik gabe eta modu arbitrarioan atxiloketak egitea egotzi diete.
AEBetako Gobernuak polizia federalak hiri gehiagotara bidaltzearekin egin du mehatxu. Demokraten agindupean diren hainbat hiriri «ekiteko beldurrez» aritzea egotzi die. New York, Chicago, Filadelfia, Detroit, Baltimore eta Oakland aipatu ditu horien artean. Polizia Federalak Portlanden egin duen esku hartzea goraipatu du, bestalde. Haren esanetan, «lan ezin hobea» egin dute, asteetako protesten ostean ordena berrezarri dutela argudiatuta.
Ted Wheeler Portlandeko alkate demokratak, herenegun CNNri egindako adierazpenetan, salatu zuen agente federalen presentziak «biolentzia» gehiago zekarrela: «Ez digute laguntzarik ematen [...] alde egitea nahi dugu».
Oregongo Fiskaltzak salaketa bat jarri zuen AEBetako Gobernuaren aurka joan den ostiralean, atxiloketa ez-ofizialak egitea egotzita. Ellen Rosenblum fiskalak aurkeztu zuen testua, atxiloketak Barne Segurtasunerako Departamentuaren agindupean eta identifikaziorik gabeko agenteek egiten dituztela argudiatuz. «Portlanden ikusten ari garen beldur eta biolentzia gorakada agente federalek erabiltzen dituzten taktiken ondorio dira», adierazi zuen, prentsa ohar batean. Komunikatu horretan dio taktika horiek ez direla beharrezkoak, «guztiz lekuz kanpo» daudela eta «horien erabilera bertan behera utzi» behar dela.
Hainbat bideotan agertzen diren dozena bat agenteren aurkakoa ere bada salaketa. Fiskalaren testuak John Does izenpean egiten die erreferentzia agente horiei, daramatzaten jantzien ondorioz ez baita antzematen nor diren.
Testuak Mark Pettibone 29 urteko gizonaren kasua du oinarri: The Washington Post egunkariari esan zion hura atxilotu zuten agenteek furgoneta batean sartu eta epaitegi batera eraman zutela, inolako identifikaziorik gabe. Han, orduak igaro zituen, agenteek zergatik atxilotu zuten jakinarazi gabe. Horregatik, aurkezturiko salaketak eskatzen du inor atxilotu baino lehen agenteek euren burua identifika dezatela.
Atxiloketa ez-ofizial horiek eztabaida ekarri dute: egindakoa legezkoa ote den edo ez. Barne Segurtasuneko Departamentuko buruzagi ohi batzuen esanetan, normala litzateke agente federalak eremu batera bidaltzea, betiere tokiko gobernu edo udalak laguntza eskatzen badu. Portlanden kasuan, baina, ez da halako eskaririk izan.
The New York Times-en artikulu baten arabera, tokiko gobernuaren adostasunik ezak esan nahi duen gauza bakarra honako hau da: agente federalek ez dutela atxiloketak justifikatzeko modurik estatuko legeak kontuan hartuta. Peter Vincent immigrazio arloko abokatu ohiaren hitzetan, delitu federal bat egin dela frogatu ahal bada, agenteek protestariak atxilotzen jarrai dezakete. Barne segurtasuneko gaiak zabalak diren heinean, atxiloketak justifikatzeko lege federalak aurkitu daitezkeela dio Vincentek, betiere segurtasun publikoa eta nazionala ardatz badute.
Eskubide zibilen abokatu eta protestariek, baina, kaleko jendearen adierazpen askatasunaren aurka egin dela esan dute. Jann Carson Oregoneko Askatasun Zibilerako Elkarteko behin-behineko zuzendari exekutiboaren arabera, «Portlanden gertatzen ari denak AEBetan bizi den edonor arduratu beharko luke». Carsonen ustez, «kalean norbait indarrez hartu eta identifikatu gabeko auto batean sartzeari bahiketa esango genioke». Agente federalen jokaera «konstituzioz kanpokoa» dela gehitu zuen, eta ez dela «erantzunik gabe geratuko» .
Gobernuaren erantzuna
Agente federalak bidaltzea talde anarkista eta antifaxista «biolentoen» aurka egiteko operazioen parte dela adierazi zuen Ken Cuccinelli Segurtasun Nazionaleko behin-behineko idazkariordeak. Haren hitzetan, arrazismoaren aurkako protestetan agertu dira talde horiek. Tokian tokiko agintariek onartuta ala ez, gainontzeko estatuetan operazio horiek zabaltzeko asmoa dutela esan zuen.