AEBetan, Alabamako Estatuak preso bat hil du, nitrogeno gasa erabiliz lehen aldiz

Heriotza zigorraren aurkako mugimenduak eta Kenneth Smithen presoaren abokatuek salatu dute metodo hori esperimentala dela eta «ankerra eta krudela» izan dela presoaren heriotza.

ALABAMA
Deanna Smith, Kenneth Smith presoaren emaztea, heriotzaren ostean. DAN ANDERSON /EFE
joxerra senar
2024ko urtarrilaren 26a
09:25
Entzun

Kenneth Smith nitrogeno gasa erabiliz hiltzeko saioak 22 minutu iraun du. Atmore presondegian (AEB), Alabamako Estatuak 58 urteko preso hori hil du, nitrogeno gasaren bidez asfixia eraginda. Lehen aldia da hiltzeko metodo hori erabiltzen dela. NBE Nazio Batuen Erakundeak eta heriotza zigorraren aurkako aktibistek salatu dute metodo hori «ankerra» dela.

1989an emakume bat enkarguz hiltzeagatik zuten heriotzara kondenatua Smith. 2022an, injekzio hilgarri bidez hiltzen saiatu ziren; hiru orduz saiatu zitzaizkion besoan zaina topatzen, baina, lortu ez zutenez, ziegara itzuli zuten Smith.

Alabamako Estatuko Kay Ivey gobernadore errepublikanoaren kabineteak ohar bat kaleratu du: «30 urteren ondoren sistemari iruzur egiten ahalegindu ostean, bere krimenengatik zigortua izan da Smith». Gobernadoaren ordezkariak ez dira bertan izan, baina justifikatu dute esanez metodo hori «inoiz izan den hiltzeko metodorik gizatiarrena» dela. «Justizia egin da», argudiatu du, halaber, Steve Marshall fiskalak.

Guztiz bestelako lekukotza eman dute heriotza bertatik bertara ikusi duten lekukoek. Horien artean bost kazetari zeuden. Marty Roney kazetariaren arabera, «ohatilan iraulkatu egin da. Arnasa sakon hartzen zuen, gorputzak bortizki dar-dar egiten ziola eta begiak atzerantz mugitzen zituela. Ukabilak estutu ditu, zangoak astindu... Ohatila hainbat aldiz inarrosi da».

Jeff Hood, berriz, Kenneth Smithen gidari espirituala zen, eta aitortu du harrituta zeudela zein gaizki joan den dena. Haren esanetan, Smithek bere biziaren alde egin du borroka 22 minutu horietan.

Maskara hermetikoa

Erabili duten metodo berri horretan, presoari maskara hermetiko bat jarri diote, eta handik nitrogenoa isuri. Teknika horrek hipoxia eragiten du, ez baita oxigenorik iristen burura. Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariaren bulegokoak beldur ziren nitrogenoak ez ote zion hiltzeraino oka eginaraziko presoari, edota ez ote zuen egoera begetatiboan utziko.

Heriotza zigorraren aurkako aktibistek salatu dute Smithen heriotza proba moduan erabili dela eta metodo hori beste toki batzuetan ere erabil dezaketela. AEBetako hegoaldeko beste bi estatuk, Tennesseek eta Mississippik, onartua dute metodo hori, baina orain arte ez dute erabili.

Preso zenduaren abokatuek azaldu dute aurrera egin eta auzitara joko dutela, inoiz erabili gabeko metodo horrek krudeltasunetik babesteko printzipio konstituzionala urratu duelakoan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.