AEBetan astearte handian Romneyk ez du lortu hautagaitza ziurtatzea

Bozak egin dituzten hamar estatuetatik seitan irabazi du, Ohio barne; Santorumek esan du lehian jarraitzeko indartsu dagoelaKanpainak kalte egin die errepublikanoei, eta Obamak babesa handitu du bitartean

2012ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Astearte handian ez dute erabaki errepublikanoen hautagaia nor izango den, ezta argitu ere. Mitt Romneyk bereganatu du hamar estatutan ordezkari gehien, baina Rick Santorum sendo dago, eta azkenera arte lehian jarraitzeko indarra duela dio. Baina, guztiaren gainetik, errepublikanoen arteko borroka haien aldeko babesari kalte egiten ari zaio, kanpainan AEBek dituzten arazoez hitz egin ordez kultura eta erlijio sinesmen atzerakoienak goraipatzeari heldu baitiote hautagaiek, eta elkar iraintzeari. Horren adierazle dira inkestak ere: besteak beste, Gallup etxeak aste honetan kaleratutakoaren arabera, hamar hautesletik hiruk diote errepublikanoenganako ikuspegia aldatu egin zaiela, txarrerako, primarioen prozesua hasi denetik.Obamaren aldeko babesa, berriz, joan den abenduan %36koa zen, eta orain %49koa da.

Hamar estatutan egin zituzten bozak asteartean. Horietatik seitan irabazi du Romneyk, tartean Ohio garrantzitsua dela. Han aukeratzen dutena hautagai bilakatzen dela dio maxima politikoak. Aurten, baina, agerian geratu da hautagai garbirik ez dagoela errepublikanoen artean, Romneyk irabaztea lortu badu ere azkeneraino berdinduta egon baita Santorumekin. Bozen %1en aldea atera dio, estatu horretako kanpainan kasik 3 milioi euro gastatu ondoren. Massachusettsen, berriz, aise irabazi du, hango gobernadore izan baitzen 2003tik 2007ra. Horiez gain, Vermonten, Virginian, Idahon eta Alaskan irabazi du Romneyk.

Hautagaitza bermatzeko behar dituen 1.144 ordezkari lortzeko, baina, bide luzea geratzen zaio. 415 pilatu ditu orain arte, eta urratsez urrats aurrera egiteko asmoa agertu du. «Bihar esnatzen garenean aurrera egiten jarraituko dugu. Eta datorren egunean, berdin. Egunez egun egingo dugu, urratsez urrats, atez ate, bihotzez bihotz». Atzetik ditu Santorum —176 ordezkarirekin—, Newt Gingrich —105ekin— eta Ron Paul —47 ordezkari lortuta—. Denek lehiari eutsi diote, nahiz eta Romneyk jada alde handia ateratzen dien. Dena den, asteartearen ondoren tarte handiagoa lortzea espero zuen Massachusettseko gobernadore ohiak. Bataila luzatzeak zatiketa indartzen duela badakite errepublikanoek, eta lehia kalte egiten ari zaiela. Bob McDonell Virginiako gobernadore eta Romneyren aldekoak nabarmendu du hautagaia lehenbailehen aukeratu behar dutela: «Nahiago nuke berandu baino lehen amaituko balitz hau guztia eta presidentetzan arreta jarri ahal izatea».

Nazio osorako inkestetan ere Romney da indartsuena. Martxoaren 5ean Gallup etxeak egindako inkestak dio Santorumi hamar punturen aldea ateratzen diola. Ez da, dena den, Romneyren unerik gozoena, urtarrilean hogei punturen abantaila ere ematen baitzioten inkestek.

Santorumek, berriz, oraindik indartsu dagoela dio. Ohion azkeneraino egin dio aurre Romneyri. Ipar Dakotan, Oklahoman eta Tennesseen irabaztea ere lortu du, eta hautesle errepublikano askok oraindik Romney baino kontserbadoreago bat nahiago dutela agerian utzi. Gingrichek, berriz, lehian sartzea lortu du berriz ere, Georgian garaipen garrantzitsua eskuratuta.

Boz gehien Romneyk eskuratu badu ere, galdeketek agerian uzten dute herritarrekin bat egiteko zailtasunak dituela. Asteartean Ohion eta Tennesseen herritarren arazoak ongien nork ulertzen dituen galdetuta, hamarretik bik besterik ez zuen egin Romneyren alde. Santorumen izena, berriz, herenek esan zuten. Romney saihestu ezinezko hautagaitzat badute ere,eguneroko arazoetatik urrunduta ikusten dute.

«Inoizko txarrena»

Lehia pertsonala bilakatu dute Alderdi Errepublikanoko hautagaiek primarioetako kanpaina. Herritarrentzat proposamenak egin ordez, elkarri irainka aritu dira komunikabideetan, eta Obama presidenteak emandako pauso oro kritikatzen. Barbara Bushek, George Bush presidente ohiaren emazteak, hain zuzen, inoiz ikusi duen kanpainarik txarrena izaten ari dela esan du aste honetan.

Santorumek muturreko mezua igorri du. Gay eta lesbianen kontra gogor egin du, eta erlijioak politika bideratu behar duela esan du. Romneyk, moderatuagoa bada ere, behar bezain kontserbadorea dela frogatu nahian, mezu gogorrak zabaldu ditu. Sexu berekoen arteko ezkontzaren aurka eta abortuaren aurka hitz gogorrak erabili ditu, muturrekoenetan muturrekoena dela erakusteko asmoz kontrakoa leporatzen diotenei. Barbara Bushek Romney babestu badu ere, kanpaina «oso itsusia» izaten ari dela nabarmendu du.

Alderdiaren barruan asko nazkatzen ari dira kanpainak hartu duen tonuarekin. Alaskako senatari errepublikano Lisa Murkowskik, esaterako, hautagaiek emakumeekin agertu duten jarrera kritikatu du, eta jendeari emakumeekin gerran daudela pentsaraztea egotzi die. Alderdiko hainbat buruzagik prozesua lehenbailehen bukatu behar dela esan dute.

Hautagai saihestezina

«Datozen asteetan, Romney hautagaia izango dela onartzen joango dira gehienak», iragarri du Steve Schmidtek, 2008an John McCainen aholkulari izan zenak. «Emaitza argi dago, eta Alderdi Errepublikanoaren barruan ez da gogo handirik egongo lehia luzatzeko». Davidson Collegeko irakasle Josh Putnamek ere gainontzeko hautagaientzat 1.144 ordezkari lortzea «ezinezkoa» dela esan du, baina guztiek aurrera jarraitzeko asmoa agertu dute.

Bestalde, Obama errepublikanoen primarioetako beste protagonista nagusia bilakatu da, presidenteak esan eta egin duen oro kritikatu baitute hautagaiek. «Carterren garaitik Amerikak inoiz izan duen presidenterik arduragabeena da», esan du Romneyk Obamari buruz. Haren atzerri politika ere izan dute jomuga, eta Irango auzian eraso militar bat babestu ez izana kritikatu diote. Romneyk, Gingrichek eta Santorumek Iranen aurkako erasoa babestu dute, eta presidentetzara ailegatzen badira Israeli horretan lagunduko diotela esan dute.

Lehia gogortzen ari dela ikusita, astearte handiaren galtzailea Alderdi Errepublikanoa bera dela adierazi dute analista politikoek. Inkestek, berriz, agerian utzi dute irabazlea, Romneyren ordez, Obama izan dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.