Kontrol neurriak

AEBetara doazen hegaldiek bidaiarien zerrenda zehatza eman beharko dute abiatu aurretik

Luze gabe, kontrol neurri berria bete beharko dute AEBetara hegaldiak egiten dituzten hegazkin konpainiek: abiatu aurretik bidaiari guztien zerrenda zehatza eman beharko diete AEBetako segurtasun zerbitzuei. Erresuma Batuko Gobernuak joan den astean iragarri zuen dozena bat hegazkin lehertarazteko asmoa zuen talde bat atzeman zuela, eta operazio horren harira erabaki dute neurri hori indarrean jartzea. EB Europako Batasuna, berriz, aireportuetan bidaiarien begi-niniak eta hatzmarkak kontrolatzea aztertzen ari da.

2006ko abuztuaren 17a
13:28
Entzun
Finean, Londresek gidatutako sarekada horren ondorio nagusietako bat segurtasun eta kontrol neurriak areagotzearen inguruko eztabaida indartzea izan da.

AEBek dagoeneko erabaki dute hegazkin konpainiei bidaiarien zerrendak abiatu aurretik eskatzea; zerrenda horiek aztertu ondoren emango lukete hegaldia egiteko baimena. Michael Chertoff Barne Segurtasunerako estatu idazkariak eman du horren berri, eta ziurrenera, 2007 hasieran jarriko dutela indarrean iragarri du. Chertoffek agertu duenez, Etxe Zuriak aspalditik nahi zuen neurri hori indarrean jartzea, baina hegazkin konpainiak ezezkoan zeuden azken orduko bidaiariak hartzea eta hegaldiei abiatze ordu zehatza jartzea galaraziko lukeelako.

Joan den astean Erresuma Batuan egin zuten sarekadaren harira, alerta egoeran izan ziren bizpahiru egunetan, AEBak abiatu aurretik hegaldiei bidaiarien zerrenda eskatzen hasi ziren, eta horri eutsi nahi diote orain. Egun, hegaldia abiatu eta ordu laurdenera jaso behar dute AEBetan bidaiarien zerrenda.

Baina AEBetan ez ezik, Europan ere ari dira hegaldietako kontrol neurriak areagotzea aztertzen. Hala, Erresuma Batuko Gobernuko segurtasun arduradunek eta EB Europako Batasuneko sei bat estatutako Barne ministroek batzarra egin zuten Londresen gaai hori aztertzeko. Besteak beste, aireportuetan bidaiarien kontrol biometrikoa egitea pentsatzen ari dira, hala nola, begi-niniaren zein hatzmarken azterketa informatikoa egitea. Horrez gain, bidaiariei datu pertsonalei buruzko galdeketa bat betearaztea zein EBko estatuetan ari diren apaiz islamikoen diskurtsuen jarraipena egitea aztertuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.