Etxe Zuriak ez die asilo eskaria onartzen zenbait lekutako errefuxiatuei, hala nola Afganistango, Sudango eta Kongoko Errepublika Demokratikokoei, eta paperik gabeko immigranteak kanporatzen ari da. Donald Trump AEBetako presidenteak, baina, salbuespena egin du Afrikako komunitate batekin, eta plan bat jarri du abian, Hegoafrikako afrikanerrak —kolono europarren oinordekoak— errefuxiatu gisa hartzeko AEBetan. Atzo iritsi ziren lehen 59 afrikanerrak AEBetara; Washingtongo Dulles aireportuan lur hartu zuten.
Otsailetik, Washingtonek ez dio diru laguntzarik ematen Hegoafrikari. Trumpek dekretu bidez eten zituen laguntza guztiak, hango administrazio zentralari leporatuta lur jabe zuriak desjabetzen ari zela, «konpentsaziorik eman gabe». Eta dekretu berean afrikanerrak errefuxiatu gisa hartzeko plana iragarri zuen. Urtarrilean, Hegoafrikako Gobernuak lege bat onartu zuen «interes publikoko» lurrak desjabetu ahal izateko. Horrez gain, Trumpek ez du begi onez ikusten Hegoafrikak Nazioarteko Justizia Auzitegian Israel salatu izana; Pretoriak 2023ko abenduan jarri zuen Tel Aviven aurkako salaketa, Gazan genozidioa egiten ari dela egotzita.
Atzo, lehen asilo eskatzaile afrikanerrak AEBetara iritsi ostean, Trumpek adierazi zuen ez duela bereizketarik egiten zurien eta beltzen artean. Etxe Zurian emandako prentsaurrekoan zehaztu zuenez, Hegoafrikako zuriak errefuxiatu gisa onartzeko arrazoia da «genozidioa» pairatzen ari direla. Ez zuen, ordea, inolako frogarik eman.
Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidenteak, ostera, uste du Etxe Zuria oker dagoela. Hegoafrikatik AEBetara joan diren zuriak «arraza bereizketaren aurkako politikekin» ados ez daudelako joan dira, Ramaphosak atzo Boli Kostan emandako prentsaurreko batean adierazi zuenez.
Apartheid sistema amaitu zenetik hiru hamarkada baino gehiago igaro badira ere, zuriak dira lur jabe nagusiak. Hegoafrikako Gobernuak 2017an egindako ikerketa baten arabera, lursail pribatuen %72 zurien esku daude —biztanleria osoaren %7,3 dira zuriak—.