AFGANISTAN. DIRU EMAILEEN KONFERENTZIA. 2014an itzuliko diote Kabuli segurtasunaren kontrola

Ekintzaile talibanekin bake elkarrizketak bultzatzea «arriskutsua» izan daitekeela ohartarazi dio Clintonek Karzairi

2010eko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Bederatzi urtean egin ez duenalau urtean egingo duela hitzeman zion atzo nazioarteak Afganistango presidente Hamid Karzairi. «Gure segurtasun indarrak operazio militar guztien erantzule izango dira 2014an», iragarri zuen estatuburuak berak Kabulen egindako goi bileraren amaieran. Hitz horiek baliatu zituen presidenteak Afganistanerako estrategiek piztutako kritika eta gaitzespen uholdea isilarazteko. Asmo berarekin, eta nazioartearen batasunaren inguruko zalantzak baztertze aldera, erabateko sostengua eman zioten hiriburuan bildutako 70 estatutako goi ordezkariek. Konfiantza horren erakusgarri, nazioarteak Afganistani ematen dizkion diru laguntzen erdiak bi urteren buruan Kabulgo agintariek kudeatuko dituztela iragarri zuten. Orain arte nazioarteko erakundeen eskuetan bukatu dute laguntzek, baina han ere ustelkeria salaketa larriak egon dira.

Kabulen egon da AEBetako Estatu idazkari Hillary Clinton. Izan ere, Afganistanen aliatu nagusia dira AEBak. Clinton izan da Karzairi abisua eman dion bakarra, ohartaraziz «arriskutsua» izan daitekeela talibanekin tratuan aritzea. Hain zuzen ere, hori da estatuburuaren egitasmo nagusia, alegia, armak utzi dituzten 36.000 ekintzaile inguru gizarteratzea bake elkarrizketen bidez, eta, horretarako, 600 milioi euroko laguntza eskatu du. Clintonen kritikak estaltzen saiatu dira, aldiz, nazioarteko beste ordezkariak, Afganistanek egiten duena egiten duela beren sostengua izango duela nabarmenduta. «Gure lana amaitu arte geratuko gara. Afganiarrak bake eta segurtasuna beren kabuz bermatzeko gai direnean amaituko da gure misioa», esan du NATOko idazkari nagusi Anders Fogh Rasmussenek. Bide batez, bake elkarrizketen defentsan atera da buruzagia: «Indarkeriari uko egiteko bide hau balia dezakete erakunde terroristekin loturarik ez dutenek».

Nazioa eraikitzeko proiektua

«Garaia bada gure indarrak bildu ditzagun nazio proiektu eta egitarau zehatzak gauzatzeko, gure herritarren bizi-baldintzak aldatzeko eta estatu egiturekiko lotura eta konfiantza sendotzeko», adierazi du Karzaik. Afganistango Gobernuak bideratu gogo dituen egitasmo hauen artean bada nekazaritza, ekonomia zein gizarte arloko proiektu andana garatzea. Karzaik zehaztu du nazioarteak luzatutako diruaren %80 ingurugarapenerako plan horietara bideratuko dutela. Orainokoan, haatik, nazioarteko konferentziak hitzartutako jokabideetatik bat da munduak luzatutako diruaren erdia Afganistango Gobernuaren bitartez kudeatzea, gaurtik hasi eta bi urteko epean.

Oraingoz, atzerriko erakundeak arduratzen dira urtero 11.000 milioi euroko laguntzetatik %80 ingururen kudeaketaz. Nazioarteko gobernu eta erakundeak betidanik fidakaitz agertu izan dira Karzairen agintearekin, ustelkeria asko hedatuta dagoelako haren baitan. Nazioarteko konferentziak Karzairen gobernuari diruaren banaketaren ardura handitzeaz oniritzia azaldu ostean, baina, Nazioarteko Diru Funtsak iragarri du Kabuli 97 milioi euroko mailegu bat luzatzeko aukera ikusten duela.

Hiru urte gehiago

Nazioarteak orain arte egindako akatsak ere onartu ditu, ordea, zeharka bada ere. Horren froga da, aurretik 2011rako jarritako epemuga hiru urtez atzeratu dutela, eta 2014a jarri dutela segurtasuna Kabulen esku uzteko data. Oraindik, haatik, Afganistango armadak eta Poliziak ez lukete taliban gerrillari islamistei aurre egiteko aukerarik, herrialdean zabalduak dauden 145.000 nazioarteko militarren laguntzarik gabe. Tropa hauetan AEBetakoak dira gehiengo handian, eta Barack Obama presidentearen aginduz 30.000 gehiago zabalduko dituzte aurten. Haatik, Afganistango segurtasun indarrak trebatzerekin bat, AEBetako soldaduak erretiratzen hastea du xede Obamak 2011ko uztailetik aurrera.



13

Hildakoak. Hamahiru lagun hil ziren atzo Afganistanen atentatu eta erasoetan. Horietatik bi estatubatuarrak ziren, eta militar afganiar batek hil zituen tiroz. Bestetik, inkesten arabera, herritarren %53 daude Barack Obamaren Afganistanerako estrategiaren aurka.





Diru emaileek agindutakoa ez dutela betetzen salatu dute

Hitzemandakoa betetzeko eskatu die Oxfam giza laguntzarako nazioarteko erakundeak Kabulgo konferentzian parte hartu duten herrialdeei. Aurrekoetan diru kopuru handiak agindu badituzte ere, gero hitzemandakoren zati bat besterik ez eman izana egotzi die konferentziako parte-hartzaileei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.