AFGANISTANGO GATAZKA. Bigarren itzulirako aukera ireki dute, iruzurra baieztatuta

Afganistango Kexuen Batzordeak 210 hauteslekutan jasotako botoak baliogabetzat jotzeko eskatu du

Ixiar Zubiaurre. - Arantxa Elizegi
2009ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Gaur bi hilabete egin zituzten presidentetzarako bozak Afganistanen, eta oraindik ez dituzte behin betiko emaitzak eman. Ofizialki bederen. Ez-ofizialki, baina, bestela dira kontuak. Datorrenerako prest egoteko, izan ere, emaitzen inguruko hipotesiei erantzuten hasiak dira presidentetzarako hautagai nagusiak. Izenik agertu gabe funtzionario batek hedabideren bati egindako adierazpenak abiapuntu hartuta prestatu dute bozen ondorengo eszenatokia; Hamid Karzai jarduneko presidenteak kargua bereganatzeko aski sostengu eskuratuko ez duela oinarri gisa dutela, betiere. Haatik, egiatik asko izan behar dute hipotesi horiek; izan ere, Hauteskundeetako Kexuen Batzordeak (ECC Electoral Complaints Commission ingelesez) bere txostena argitaratu aurretik, auzian nahasita daudenak konbentzitzen igaro du asteburua nazioarteak. Ahalegin diplomatiko horiek batzordearen erabakia bera atzeratu dutela pentsatzen duenik ere bada, gainera. Dena dela, azkenean Karzaik emaitzak errespetatuko dituen jakin gabe igorri du ECCk bere lana; bertan, besteak beste, 210 hauteslekutako botoak alboratzeko eskatzen dio Hauteskunde Batzordeari. Horregatik segur aski, eta agindu horiek aintzat hartzen badituzte behintzat, presidentetzarako hauteskundeen bigarren saioa egin beharko dute Afganistanen.

Irailean botoak etorri ahala zenbatu zituen Hauteskunde Batzordeak; iruzur salaketek emaitza horietan izango luketen eragina kontuan hartu gabe. Behin-behineko datu horien arabera, bigarren itzuliaren beharrik gabe presidente karguan jarraitzeko adina boto eskuratu zituen Karzaik. Abdula Abdula oposizioko hautagai nagusia, aldiz, kasik 27 puntura gelditu zen.

Boto baliogabeak

Afganistango hainbat funtzionariok BBC Komunikazio Enpresari jakinarazi diotenez, Hauteskunde Batzordeak irailean argitaratutako emaitzak nabarmen aldatzea eragingo du ECCren txostenak. Izan ere, milaka boto baliogabetzat jo ditu NBE Nazio Batuen Erakundearen bermea duen batzorde horrek. Eta, ondorioz, jarduneko presidenteak ez du karguan segitzeko behar duen gehiengo osoa eskuratuko.

Hiru dira ECCk Hauteskunde Batzordeari eman dizkion aginduak: lehenengoa, eta behinena, 210 hauteslekutako botoak baliogabetzeko. Bozkaleku horietan guztietan «iruzurra gertatu dela frogatzen duten zantzu argi eta pisudunak» topatu dituzte adituek; horregatik, zuzenean han jasotako botoak baztertu ditzala eskatu du. Bigarrenik, Hauteskunde Batzordeak susmagarritzat jotako 646 hauteslekuetatik gehientsuenetan emandako botoak bazterrean mantentzeko eskatu dio -irailean emaitzak eman zituenean bozkaleku horietako botoak alboratzea erabaki zuen Hauteskunde Batzordeak-. Eta azkenik, 3.498 hauteslekutan botoa berriro zenbatzeko sistema konplexu bat aplikatzeko eskatu du. «Sei mailatan hautagai guztiek jasotako boto kopuruaren gainean portzentaje jakin bat aplikatzeko eskatu dio», dio ECCren oharrak.

Ez atzera ez aurrerako egoera

Agintari eskudunek hauteskundeen bigarren itzulia egin behar dela erabakiko balute ere, ez dago argi irtenbiderik egokiena horilitzatekeen. Karzai bera, besteak beste, bozak berriro egin ordez beste edozein irtenbide hobesteko prest legoke. Dena dela,ECCren lanaren berri jaso arren, ez du balorazioetan gehiegi busti nahi izan. «Ezin dugu ondorio argirik atera. Txostenaren edukia, izan ere, oso teknikoa da», adierazi du jarduneko presidentearen gertuko batek. Halaber, Hauteskunde Batzordeak ECCren aginduak beteko dituen ere zalantzan jartzen dute adituek. Batzorde horretan, izan ere, Karzairen aldekoak dira gehienak, eta legez txostena aplikatzera behartuta badaude ere, gerta liteke bigarren itzulirako aukera baztertzea.

Afganistanen bizi duten egoerak, halaber, ez du askorik laguntzen. Bozen harira hainbat eskualdetako giroak nabarmen egin zuen okerrera; ekonomikoki ere, nazioarteari garesti atera zitzaion herrialdeari itxura demokratikoa emateko ahalegina. Horregatik, orain arte egindakoa hutsaren pareko izan dela aitortu baino lehenago nazioarteak berak ere nahiago du beste irtenbide baten alde egin. Hala, iragan asteburuan koalizio gobernua eratzeko dauden aukerak aztertzen aritu da nazioartea. Ez dirudi, hala ere, Karzairen eta Abdularen artean agintea banatzeko proposamenak aurrera egingo duenik.





Hauteskunde iruzur salaketak abuztutik

Abuztuaren 20a. Presidentetzarako bozak egin zituzten Afganistanen, Hamid Karzai faborito zela. Hauteskunde egunean bertan, hala ere, Gazni eskualdean Karzairen aldeko 80.000 botopaper irregular zeudela salatu zuen oposizioak.

Abuztuaren 25a. Hauteskunde Batzordea botoak zenbatzen hasi zen. Karzaik oposizioko buru Abdula Abdulari aldea atera ziola zioten lehen datuek. Abdulak partzial izatea egotzi zion Hauteskunde Batzordeari.

Irailaren 8a. Hauteskundeetako Kexuen Batzordeak iruzur salaketak ikertzea erabaki zuen. 3.498 hautesleku susmagarritzat jo zituen.

Irailaren 16a. Europako Batasunak 1,5 milioi boto «susmagarri» zeudela salatu zuen. Horietatik 1,1 milioi Karzairen aldekoak ziren.

Urriaren 5a. Hautesleku susmagarrietako botoak berriro zenbatzen hasi zen.

Urriaren 19a. Kexuen Batzordeak txostena osatu zuen.





Bi lagun hil eta hiru zauritu dituzte Gaznin, atentatuan

Gutxienez bi lagun hil eta hiru zauritu ziren atzo Gaznin, Karabag barrutian. Iturri ofizialen arabera, haiek zihoazen autoak errepide bazterrean jarritako lehergailu bat zapaldu zuen. Urtarriletik abuztura bitartean, 1.500 zibil hil dira Afganistanen; horietatik %68, ekintzaile talibanei egotzitako atentatuetan.





90.000

Armada. Gaur egun 90.000 soldadu inguruk osatzen dute Afganistango armada. Baina AEBetako Gobernuaren asmoa da bost urteren buruan 260.000 soldadu izatea. Helburu horrekin 20.000 milioi dolarreko laguntza jasoko du Kabulek.





Bi batzorde hauteskundeak aztertzeko

Hauteskunde Batzorde Independentearen lana zen, berez, Afganistango presidentetzarako bozak zaindu eta antolatzea. Hamid Karzai jarduneko presidentearen gertukoak dira batzorde horretako kideak, eta horiek dute azken hitza Legebiltzarraren eta herriaren aurrean. Hauteskundeetako iruzur salaketak asko zirela ikusita, ordea, Hauteskundeetako Kexuen Batzordea osatu zuten, Afganistango Gobernuko bi ordezkarik eta NBEk aukeratutako nazioarteko hiru begiralek. Iruzur salaketak ikertu dituzte horiek, eta Hauteskunde Batzorde Independentearen esku utzi dute txostena. Orain, hark Kexuen Batzordearen ondorioak aztertu eta berretsi beharko ditu.





Afganistanen «aliatu fidagarria» edukitzeajarri dute baldintzatzat AEBek soldadu gehiago bidaltzeko; adituek ohartarazi dute gerragal dezaketela tropa gehiago bidali ezean.

Hasi daatzera kontua aliatuentzat

Arantxa Elizegi.

Tik-tak, tik-tak... denbora amaitzen ari zaie aliatuei Afganistanen. Ezin argiago hitz egin du Stanley McChrystal jeneralak, nazioarteko indarretako buruak, 40.000 soldadu gehiago bidali ezean, urtea amaitzerako talibanen esku geratuko da herrialde hura. Egun atzerriko 102.694militar daude herrialde hartan. Baina ez da aski. Azken hilabeteetan talde armatuek dozenaka lagun hil dituzte, eta baita hainbat eremu kontrolpean hartu ere. Hori nahikoa ez, eta herritarrek fedea galdu dute, bai Gobernuarengan eta baita nazioarteko tropengan ere. Presidentetzarako bozekin egoera aldatuko zen itxaropena zuen nazioarteak. Baina huts egin dio horrek ere. Atzo bertan, Hauteskundeetako Kexuen Batzordeak jakinarazi zuen 210 bozkalekutako botoak baliogabeak zirela. Ondorioz, airean geratu dira hauteskundeetako emaitzak, eta horrekin batera, tropen gainean hartu beharreko erabakia. Izan ere, Etxe Zuriko kabineteko buru Rahm Emanuelek iragarri du ez dutela soldadu bakar bat gehiago bidaliko «aliatu afganiar fidagarririk ezean».

Estatu Batuak dira Afganistanen tropa gehien dituztenak, 66.855 -horietatik 31.855 NATOrekin elkarlanean-. Ondoren datoz Erresuma Batua 9.000rekin eta Alemania beste 4.245ekin. Londresek dagoeneko iragarri du 500 soldadu gehiago bidaltzeko prest legokeela, baina betiere, aliantzako beste kideek gauza bera egiten badute. Arazoa da, ordea, Gobernu sendorik gabeko eta indarkeria nagusi den herrialdea bilakatu dela Afganistan, eta horrek zaildu egiten du nazioarteko tropen lana. Hala, ulertzekoa da zenbait estatuk, Frantziak kasu, tropa gehiago ez bidaltzea erabaki izana. «Beharrezkoa da Afganistanen egotea? Bai, eta irabazteko geratuko gara. Baina Frantziak ez du soldadu gehiago bidaliko», iragarri du Nicolas Sarkozy presidenteak.

Washingtonek du azken hitza

Ostegunean Eslovakian biltzekoak dira NATOko kideak Afganistango gatazkaz hitz egiteko. Baina erakundeko idazkari nagusiak, Anders Fogh Rasmussenek, dagoeneko esan du han ez dutela erabakirik hartuko. «Ikerketa gehiago egin behar ditugu erabaki bat hartu aurretik. Alor honetan zer egin dezaketen aztertu behar dute denek».

Inork ahots altuan esan ez duen arren, nahiko argi dago, Europako herrialdeek ez dutela urratsik egingo, aurretik Etxe Zuriak egiten ez badu. Hark hasi zuen gerra, eta orain, hark du azken hitza. Barack Obama presidenteak iragarri du 13.000 soldadu gehiago bidaliko dituela. Baina horien lana informazioa biltzea eta bertan dauden tropei osasun zerbitzuak eskaintzea izango da, gehienbat. Errepublikanoak, bitartean, Obamari presio egiten ari dira esanez, soldaduak berehala bidali ezean, talibanak indartu egingo direla. Beste aldean, herritar estatubatuarrak daude, zeinak begi txarrez ikusten hasiak diren Afganistango gerrara bideratutako soldadu eta diru kopuruak.

Tropak ez ezik, nazioarteko indarrek erabilitako teknikak ere aldatu beharra daudela ohartarazi du McChrystal jeneralak. «Beren segurtasuna dute lehentasun, eta horrek herritarrengandik urrundu ditu fisikoki eta psikologikoki». Ondorioz, aholkatzen du oinezko patruila gehiago egitea eta herrietako buruzagiekin harremanak sendotzea. Baina hori ere ez da Europako agintarien gustukoa, izan ere, soldaduak arrisku handiagoan jartzea esan nahi du. Horiek hala, Washington hasia da aliatuak konbentzitzeko lanetan. Japonian, Hego Korean eta Eslovakian izango da datozen egunetan Estatu Batuetako Defentsa idazkari Robert Gates sostengu bila. Barack Obamak arrazoi zuen azkenean: «Irak gogorra izan zen. Afganistan gogorragoa izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.