Afganistan

Afganistango gerra krimenak ikertuko ditu Nazioarteko Zigor Auzitegiak

Atzerriko indarrek, Afganistango armadak eta talibanek egindako krimenak ikertuko dituzte.

Preso afganiar bat espetxetik irteten, Heraten. JALIL REZAYEE, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko martxoaren 5a
12:23
Entzun

AEBek eta talibanek bake akordioa sinatu eta gutxira heldu da erabakia. Iazko apirilean, Nazioarteko Zigor Auzitegiko areto batek atzera bota zuen gerra krimenak ikertzeko Fatou Bensoudaren eskaria, argudiatuz ez zukeela emaitzarik emango aldeek kolaboratzeari uko egingo lioketelako. Bensoudak, ordea, ez zuen amore eman, eta helegitea aurkeztu zuen; fiskalaren esanetan, ezezkoak epaiketak egiteko aukerak murriztuko lituzke. Orain, ia urtebete geroago, aurrera egitea erabaki du auzitegiak.

Zigor Auzitegiak 2006an egin zuen ordura arte salatutako krimenen atariko ikerketa. Baina bigarren prozesu honen helburu litzateke horietan sakontzea, eta aukerarik balego egileak auzipetzea. Epaiketa horiek ez liekete eragingo AEBei, herrialde hori ez baita auzitegiko kidea. Afganistanek, aldiz, sinatua du Erromako Estatutua, baina hasieratik agertu da ikerketaren aurka.

2003an hasitako gerran egindako krimenak ikertzea da Bensoudaren asmoa, horiek edonork egin dituela ere. Fiskal nagusiak 2017an egin zuen ikerketak abiatzeko eskaera, eta, hura jakin zenean, AEBetako Estatu idazkari Mike Pompeok ohartarazi zuen Bisak ukatuko zizkietela estatubatuarren krimenak ikertzera joandako Hagako ordezkariei.

Bensoudak orain arte jasotako informazioen arabera, AEBetako tropek torturak, tratu txarrak eta sexu indarkeria baliatu izan dituzte atxilotuekin, batez ere gerrako lehen urteetan. Talibanei, berriz, 2009tik 17.000 zibil hiltzea egozten diete, eta Afganistango segurtasun indarrei, atxilotuak torturatzea.

«Lehen aldiz, AEBek azalpenak eman beharko dituzte gatazka batean egindakoengatik, nahiz eta eurek esan ikerketa oztopatuko dutela. Nazioarteko Zigor Auzitegiak ez du amore eman behar: biktimei zor die egia aitortzea», adierazi du giza eskubideen aldeko Reprieve erakundeko kide Preetha Gopalanek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.