Afrika Erdian hamar bat adingabe bortxatzea leporatu diete Frantziako soldaduei

NBEk Bangiko errefuxiatu kanpalekuan militar atzerritarrek egindako abusuen testigantzak jaso ditu.Kritikak egin dizkiote Hollanderi, motel jardutegatik

Errefuxiatu talde bat Mpoko aireportuko kanpalekuan, iazko otsailean. LEGNAN KOULA / EFE.
Adrian Garcia.
2015eko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Eskandalua lehertu da Frantziako armadan. Afrika Erdiko Errepublikako zibilak babesteko helburua zuten militarrei iheslari adingabeen txirotasunaz baliatzea eta haiei sexu jazarpena egitea leporatu diete: ikerketapean daude Sangaris operazioko hamalau soldadu, 8 eta 15 urte bitarteko hamar bat haur bortxatu dituztelakoan. NBEren barne txosten baten arabera, janariaren eta diruaren truke bortxatzen zituzten adingabeak Bangiko Mpoko errefuxiatuen kanpalekuan.

Frantziako Gobernua ezbaian gertatu da, eta kritikak jaso ditu motel jarduteagatik. OHCHR Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Bulegoak eta UNICEF Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak abiatu zuten ikerketa iaz, adingabeen aurkako jazarpenen zurrumurruak jasotzean. Ikerlariak bidali, eta txosten bat eratu zuten. Frantziako Gobernuari jakinarazi zizkieten soldaduen ustezko bortxaketak, eta herrialde horretako fiskaltzak ikerketa hasi zuen iragan uztailaren 29an. Aldi berean, armadak beste ikerketa bat abiatu zuen, «aginte katean distortsiorik» egon ote zen jakiteko.

Auziak esku artean egin dio eztanda François Hollande Frantziako presidenteari, eta irmo erantzun du: «Militar batzuek gaizki jokatu badute, ez dut errukirik izango. Gertaerak egiaztatzen badira, zigorrak egindakoaren larritasunaren araberakoak izango dira. Larriak badira, zigorrak eredugarriak izango dira». Bederatzi hilabeteren ondoren onartu du Eliseoak armada zipriztindu duen iheslari adingabeen bortxaketen inguruko ikerketa. Nolanahi ere, «gardentasun osoa» hitzeman duDefentsa Ministerioak.«Edozer dela ere, ez dugu ezer ezkutatzeko borondaterik». Baina Gilles Jaron armadako bozeramaileak ez du argitu zenbat militar akusatu dituzten, ezta zein unitatekoak diren ere.

Erresuma Batuko hedabide batek azaleratu behar izan du auzia. The Guardian egunkariakNBEren txostena eskuratu du, eta eskandaluaren berri eman zuen herenegun. Maiatza eta ekaina artean, biktimak eta lekukoak elkarrizketatu zituzten NBEko ikerlariek Bangiko errefuxiatu kanpalekuan,eta abusuak sufritu zituzten haurren eta gehiegikerien lekuko izandako beste adingabeentestigantzak jaso zituzten. Haur horietako baten amarekin ere bildu ziren. Sexu abusuak, sodomia eta felazioak deskribatzen ditu txostenak, biktimen testigantzetan oinarrituta. Txadeko bi soldaduri eta beste hainbat atzerritarrei ere egotzi diete parte hartzea.

Le Monde-k kontsultatutako iturri judizialen arabera, hamalau soldadu susmagarrietatik «gutxi batzuk» identifikatu dituzte oraingoz. Eta ez dituzte deklaratzera deitu.Afrika Erdiko Errepublikako fiskaltzak auzibidea ireki zuen atzo, eta Frantziari kargu hartu zion ikerketaren berri ez emateagatik.

Erresuma Batuko egunkariaren arabera, Anders Kompass NBEko langileari auzibidea ireki zioten aurreko astean, bortxaketen inguruko txostena Frantziako agintariei helarazteagatik. Giza Eskubideen bulegoko operazioen zuzendaria da Kompass, eta 30 urtez egin du lan erakundean.Isilpeko txostenak argitaratzea eta hierarkia ez errespetatzea egotzita, behin behinean kendu dute kargutik.The Guardian-en arabera, NBEren gelditasuna ikusirik helarazi zien txostena Frantziako epaileei.

Frantziako armadaren irudia zikindu du aferak, hain justu Hollandek indar armatuen aurrekontua 3,8 milioi euroan handitu nahi duenenean. Halaber, Frantziako Sangaris operazioko 1.000 soldadu daude egun Afrika Erdiko Errepublikan, eta haien misioa zaildu dezake eskandaluak.

Denbora tarte laburrerako bidali zituen Hollandek tropak Bangira, baina ez dirudi epe laburrera behintzat herrialdea utziko dutenik. Milizia kristauen eta animisten —antibalaka— eta indar musulmanen —Seleka— arteko botere borrokak okerrera egin zuen 2013an, eta, mendeku goseak itsututa, herritarren aurkako sarraskiak izan ziren. Hori saihesteko xedez hedatu zuen ParisekSangaris operazioa Bangin, 2013ko abenduan. Bake prozesuaren ondotik aurten bozak egitea adostu dute,baina borrokek herrialdea odolusten jarraitzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.