COP26. Fabrice Ntchango. PACJAko Gabongo koordinatzailea

«Afrikako herrien ahotsa baztertuta geratuko da berriro»

Klima justiziak izan beharko luke munduko herrialdeen arteko negoziazioen ardatz nagusia, Afrikako gizarte zibileko mugimenduen iritziz. Salatu dute finantzaketaren gaia alde batera utzi dutela berriz.

IÑAKI PETXARROMAN.
inaki petxarroman
Glasgow
2021eko azaroaren 12a
00:00
Entzun

Munduko berotegi gasen isurketen %4 dagozkio Afrikari. Alabaina, klima aldaketaren aurrean kontinenterik kalteberenetako bat da. Glasgown ozendu dituzte ahotsak Afrikako gizarte zibilaren izenean etorritako erakundeek ere. Haien artean da Klima Justiziarako Panafrikar Aliantza (PACJA). 44 herrialdetako mila erakundek baino gehiagok osatzen dute. Fabrice Ntchango Gabongo koordinatzaileak etsita egin du itzulerako bidaia.

COP26ko negoziazioak azkenekotan dira. Zer itxaropen duzu hortik irten daitekeenarekin?

Etsipen handiko goi bilera bat izan da. Kutsatzaile handienak -AEBak, Errusia, Japonia, Txina- negoziazioetatik kanpo daude ia. Horiek horrela, ia ziur gaude herrien eskaerak ez direla aintzat hartuko. Ez dakigu nola arautuko diren karbono merkatuak, zer gertatuko den erregai fosilen inbertsioekin, baina badakigu ziur Afrikako herrien ahotsa baztertuta geratuko dela berriro.

Iparraldeko herrialdeek oraindik ez dute osatu Parisko Hitzarmenean pobretuei agindutako 100.000 milioi dolarreko poltsa.

Kopenhageko goi bileran promesa bat zen, baina Parisko Itunean agindu bihurtu zen urtero 100.000 milioi dolar ematea Afrikari, egokitzeko eta klima aldaketari aurre egiteko. Barack Obamak agindu zuen partida hori, eta, hark kargua utzi zuenetik, ematen du hau hegoaldeko herrialdeentzat bakarrik dela lehentasun bat. Klima aldaketak gogor jotzen gaitu jadanik Afrikan: uholdeak, lehorteak, ekosistemak eta kostaldeko lurrak desagertzea gero eta ohikoagoak dira, eta biodibertsitate galera ere erritmo bizian doa. Tokiko komunitateek gero eta segurtasun falta handiagoa daukate bizimodua bermatzeko. Baliabide gero eta eskasagoen aurrean, emigratzea izaten dute askotan aukera bakarra, ez bakarrik Afrikan, baita Asian eta Hego Amerikan ere.

Arazoa larritu egingo da, gainera.

Ez bada finantzaketarik iristen egokitzapena behar bezala egiteko, arazoak askoz handiagoak izango dira laster. Gure kasuan, Kongoko arroan, oihanen suntsiketak aurrera jarraitzen du, baina askotan jendeek zura behar dute aurrera egiteko. Eta AEBak, Errusia eta Frantzia imitatu baino ez dute egiten, iraganean gauza bera egin zutelako beren basoekin. Horri denari aurre egiteko modu bakarra dago: alternatibak eskaini, basoari eutsi ahal izateko. Horrek eskatzen du klima finantzaketa ardatz izatea negoziazioetan.

Oihana babestu nahi bada, finantzaketa bermatu, alegia.

Afrikak ez du itxaron Parisko Hitzarmena sinatzera bere oihanak babesteko. Basoak hor daude, gaur egun arte iraunarazi ditugu. Mundua harro dago Kongoko ibarreko oihan itzelekin, baina mantendu dadin dirua behar da. Zientzialariek argi hitz egin dute: hegoaldeko herrialdeetan egokitzea behar bezala egiteko, ez 100.000 milioi dolar, baizik eta 500.000 milioi beharko lirateke. Egoera honi aurre egin nahi bazaio, hortik hasi behar dugu. COVID-19a hondamendia izan da, baina, neurririk ezean, klima aldaketa are bortitzagoa izango da.

Europan asko hitz egiten da Kongoko oihanaz, baina zuek nola ikusten duzue auzia?

Bi birika daude munduan, bai biodibertsitateari dagokionez, eta baita karbono xurgatzaileak direlako ere: Amazonia eta Kongoko arroa. Klima aldaketari aurre egiteko irtenbideak naturan oinarritu behar du, eta hor oihanak funtsezko rola du. Zoritxarrez, Afrikan pobrezia endemikoa da, eta hori benetako traba da birika horri eusteko. Horregatik, oihanak inguratzen dituen herrialdeak Norvegiarekin batera batu dira proiektu batean oihana babesteko. Bertakoen kezka da, baina, lur horiek ezin direla izan europarrei alokatutako eremuak, herritarrak bertatik alde egitera behartuko baitituzte. Ez dugu eskatzen laguntzarik, elkarlana baizik.

Kenyan eta Madagaskarren lehorte gogorrak izaten ari dira, eta uholde handiak Hego Sudanen. Zer egoerak kezkatzen zaitu gehien?

Sahel inguruan egoera larria da. Malin, Senegalen, Txaden pertsona asko migratzen ari dira lurrak eta iturburuak agortuta daudelako. Eta hori gertatzen ari da potentzia handiek eragindako klima aldaketarengatik. Gabonen, adibidez, gero eta oihan eremu handiagoak suntsitzen dira palma olio eta tetxui landaketetarako. Horrek baliabiderik gabe uzten dituzte populazioak eta elefanteak. Beraz, modu pragmatiko eta premiazko batean behar dugu babesa Afrikako ekosistementzat, segurtasun falta handiko krisi askotariko batek mehatxatzen baititu. Izan koltana, izan egurra edo beste baliabideengatik, Afrikak ez du modurik bere ekosistemei eusteko.

Zergatik?

Populazioaren zati handi batek ez dauka bermatuta elikadura, energia eta ur edangarria, eta horiek lehentasunezko arazoak dira. Klima justiziaz hitz egiten dugunean, hori gogoratu behar dugu: Afrikan ez dugu munduko isurketen %4 ere egiten. Ez gara klima larrialdiaren erantzule.

Klima justiziaz hitz egiten da, baina ekintza zehatzak eskatzen dituzue zuek.

Parisko Hitzarmena sinatu genuen uste genuelako bazegoela konpondu beharreko arazo bat klima justiziari dagokionez. Afrikak, geroztiko goi bilera guztietan, bidezkoa dena eskatu besterik ez du egin. Esklabotza ezagutu dugu, kolonizazioa... Humanitatearen historiako aldi gogorrak pasatu ditugu, eta orain, hirugarren fase bat iritsi da, neokolonizazio prozesu bat, herriak eta populazioak gogor joko dituena. Baina badaude oinarrizko kontuak: klima justizia eta kutsatzen duenak ordaintzen duela dioen printzipioa. Arazo honi behar bezala helduko diogu bakarrik Afrikari garatzeko tresnak eskaintzen zaizkionean.

Trantsizio energetikorako proiektuak badira Afrikan, kanpoko herrialdeek bultzatuak sarritan. Nola irizten diezu horiei?

Trantsizio energetikoak garrantzi handia dauka. Gaur egun, independentzia lortu eta horrenbeste hamarkadaren ostean, afrikarren erdiak elektrizitaterik gabe bizi dira. Beraz, garrantzitsua da elektrizitate garbia izatea. Baina garrantzitsua da Afrikan ezartzen diren teknologiek balio izatea afrikarren arazoei irtenbide bat emateko. Beraz, iristen diren proiektuek bermatu behar dute ez dutela sortuko arazo gehiago etekina baino, eta, gainera, proiektu horietan Afrikako sektore pribatua eta gizarte zibila elkarlanean ariko direla iparraldeko eragileekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.