Pascal Touoyem. Afrikako pentsamendu politikoan aditua

«Afrikaren menpekotasun aroa amaitzen ari da»

Touoyemen arabera, kontinenteko liderren belaunaldi berri batek «forma eman nahi dio bere patuari». Eta sistemaz gogoeta bat plazaratu du: «Afrika demokratizatu behar da, ala demokrazia afrikartu?».

OSKAR EPELDE.
Oskar Epelde Juldain.
Nairobi
2023ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Pascal Touoyem (Mankon, Kamerun, 1967) filosofoa da, Afrikako pentsamendu politikoan aditua. Afrikako eta Karibeko unibertsitateetan irakasten du, eta zientzia lan ugariren egilea da. Afrika mendebaldean eta erdialdean, 2020tik hona zazpi estatu kolpe egin dituzte militarrek; horietaz eta oro har Afrikako sistemez mintzatu da Touoyem.

Aurtengoa Nigerren izandako bosgarren estatu kolpea da. Etorkizuneko arriskuen kontra ez zegoen prebentzio neurririk?

Saharaz hegoaldeko Afrikan praktikatzen den demokraziak hainbat patologia ditu: konstituzio aldaketak, itxurakeria, diktadura prozesuak, udaberri demokratikoaren ondorengo sistemen hiperpresidentzializazioa, benetako boterearen kontrolik eza, herritarren askatasun zibilen murrizketa... Afrikako erregimenen ezaugarri batzuk dira horiek. Beren izaera demokratikoa aldarrikatzen dute, zaratatsu bada ere.

Independentziaz geroztik, armadak botere politikoa kudeatzeak markatu du praktika politikoa Afrika beltzean. Jeneralik, koronelik, komandanterik edo kapitainik boterearen kontra matxinatu ez den lekuetan, militarrek itzalpean gobernatu dute. Demokrazia, beraz, armadaren kontrolpean dago: zibilez mozorrotutako gerrillariak dira. Niger izan da, eta da, gaur egun, demokrazia hori esperimentatzeko laborategietako bat; uztailaren 26ko estatu kolpea kameleoi politika horren irudi perfektua da. Armadaren esku hartzeak ezaugarri subiranista duen herri iraultza baten itxura hartu du; joko politikoaren birkalifikazioa bultzatu du.

Militarrek dakartena subiranotasunak eragindako olatu iraultzailea da; batez ere, gazteen asmoek elikatua. Baikor zara herrialde horietako gobernantzan gertatzen ari diren aldaketen inguruan?

Mendebaldeko inperialismo mesianikoaren aurrean, nolabaiteko autonomia nazionala sumatzen da; nazioarteko harreman berrietan, askatasunari eta erantzukizunari buruzko araudi dialektikoa sortu da Afrikan. Autonomia eremu horiek tranpolin bihurtzea komeni da, askatasunak hiltzen dituen mundu mailako sistema alienatzailea iraultzeko. Hego globaleko periferien autonomizazio hori demokratizazio iturri izan daiteke.

Periferien autonomia gaitasuna neurtzea ez da soilik haien sorkuntza eta joko gaitasunak aztertzea, baita haien ahalmen iraultzaileak aldaketa faktore bihurtzeko duen gaitasuna aztertzea ere. Maliren, Burkina Fasoren, Nigerren eta Ginearen arteko diagonal mistikotik abiatuta, Afrikaren mendekotasun aroa amaitzen ari da; bai mendekotasun politikoarena, bai ekonomikoarena.

Zer rol dute liderrek?

Afrikako liderren belaunaldi berri batek forma eman nahi dio bere patuari, eta datorren munduan eskubide osoko harremanak eraiki nahi ditu. Afrikaren suspertze hori buruzagi nazionalistek bultzatzen dute, autonomia politikoa eta pobrezia errotik kentzea helburu izanik eta Afrikako arazoei aurre egiteko irtenbide afrikarrak sortzeko konpromisoa harturik.

Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoak baliozkotu eta sustatu egin beharko lituzke trantsizio horiek, zigortu eta gaitzetsi beharrean?

[Estatu kolpea izan duten] Estatu horiek beren espazio hezigaitzetatik eta autonomia mailetatik eraikitzen direnez, nik «zuhaitzaren azpiko gobernantza» deitzen diodan hori abiatzen dute; luxuzko jauregietatik eta Ecowasen bulego klimatizatuetatik urrun, beheko pertsonenganako elkartasunean garatzen da.

Estatua behekoek, behetik eta beherako gobernatzea eta kudeatzea pista bat izan daiteke. Kontua da estatua leku gisa hartzea , berrasmakuntza eta sorkuntza endogenoen hobekuntzarako.

Beheko egitasmoek eta trebetasunak sustatzen dituen gobernantza batek sortu behar lituzkete Afrikak behar dituen eskualde erakundeak, herriak alienatzeko eta itotzeko errezeta transnazionalak behean inposatu nahi barik. Maisu zuriaren soldatapeko estatuburuen sindikatua izateari utzi behar dio Ecowasek, edo bestela hil egingo da.

Burkina Fasoko Gobernuak Omega irratiaren emisioa eten zuen, Nigerko matxino bati elkarrizketa bat egin ziotelako bertan; gerora, berriz eman zion baimena. Diktadurak berriz garatuko al dira, estatu kolpeak kapitalista kolonialek antolatzen zituztenean bezala? Zeintzuk dira iraultzaren arrakasta adierazleak?

Omega irratiak, gerra garaian, herriarekin eta gobernuarekin lankidetzan jardun behar luke herrialdea babesteko, interes ilunen zerbitzura etsaiaren Troiako zaldi gisa aurkeztuko ez bada. Kazetariek eta oro har komunikabideek nekez erakusten dute objektibotasun zientifikoa; aitzitik, pentsamendu kritikoaren atzerakada nabaria dago, eta kazetariek helburuak baztertu dituzte, gehienak gaizki prestatuta eta gosetuta baitaude. Dena den, edozein kazetari seriok [Emile] Durkheimen [soziologoaren] printzipioak hartu behar ditu kontuan: «Gizarte gertaerak gauzak bezala tratatu». Ikuspuntu horretatik, nahiago dugu diktadura argiztatua, kanoi demokrazia baino.

Demokratizazioa ustela da: ideologia hesitzaile batek jota dago, Mendebaldearen beso sekularra besterik ez baita mundu bide hegemonikoan eta tokiko azken berezitasunen suntsiketan. Gainera, komunikabideek eta gizon politiko zitalek statu quo-a legitimatzeko tresna bihurtzen dute.

Zein da hauteskunde demokratikoen garrantzia?

Behatuta, Mendebaldearen demokrazia eredua ez da egokia Afrikarentzat. Horregatik da egokia galdera hau, benetako kezka hau baita: Afrika demokratizatu behar da, ala demokrazia afrikartu? Hastapenetik demokraziaren Mendebaldeko ikuspuntua ezartzen bada, ez da erraza izango adostasuna lortzea demokrazia kontinente beltzera egokitzeko mekanismoen inguruan.

Dibergentzia zera da: batzuentzat, prozedura eta printzipio unibertsaldun demokrazia da abiapuntua; beste batzuentzat, berriz, gizarte bakoitzari dagokio bere demokrazia eredua. Beraz, amets bat litzateke mundu osora eta bereziki Afrikara esportatu eta han ustiatu daitekeen demokrazia eredu unibertsal bati buruz mintzatzea.

Mundu multipolarra ernaldian dagoen honetan, mundu menderatzailea gain behera dator, eta, beraz, eredu afrikarrak abian jar dezake bere helburu zientifikoa: hitzen demokrazia eta hitzkrazia hizkuntza afrikarraren zuhaitzean kokatzea. Ikuspuntu horretatik, estatu-nazioaren espiritua eta forma kopiatu nahi izatea minusbaliotasun kognitibo eta arrazional gisa ageri zaigu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.