Protestak herrialde arabiarretan. Iahia Buhebeini. Saharako Ilargi Gorriko presidentea

«Agdaim Izikez ez du inork hitz egiten, baina protesten abiapuntua han egon zen»

Marokon ere diktadura bat dagoela uste du Buhebeinik, eta han ere inguruko herrialdeetan gertatu dena gertatuko dela eta iraultzarako baldintzak partekatzen dituela Marokok Tunisiarekin eta Egiptorekin.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Kristina Berasain Tristan.
Iruñea
2011ko apirilaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Iahia Buhebeini Saharako Ilargi Gorriko presidentea da. Tindufen errefuxiatuta bizi diren sahararren giza egoeraz baino ez dela mintzatuko dio, baina, azkenerako, ezin izan du hitza bete, eta auzi politikoa ere hartu du hizpide. Herrialde arabiarretan gertatzen ari dena sahararrentzat izatekotan mesedegarria izango dela dio; haren ustez, nazioartea orain ohartzen ari baita arabiarren demokrazia aldarrikapenak zilegi direla, «eta, hartara, gurea ere badela;nazioartea hasi da ikusten zilegi dela giza eskubideen errespetua eta autodeterminazio eskubideak aldarrikatzea».

Zein da giza egoera errefuxiatu guneetan?

Egoera zaila da. Datorren hilabeterako janaria izango dugun ez dakigu. Familia bakoitza oinarrizko jangai gutxiago ari da jasotzen. Atzerapenarekin jasotzen dugu nazioartearen laguntza, eta haustura bat egon da banaketa katean, bitarteko faltagatik. Kezka gero eta handiagoa da; izan ere, mundu zabalean azkenaldian gertatu diren hondamendiek eragin zuzena dute gurera iristen den laguntzan; krisi horiek lehentasuna izaten dute, puntualak direlako, eta arreta guztia han jartzeko dute. Nazioarteak ahaztuta duen herriak, berriz, gero eta sostengu txikiagoa du. Eta gurea da giza hondamendirik larriena, tsunami geldo baten modukoa baita.

Zenbat gutxitu zaizue laguntza?

Oro har, %20 eta %30 artean; dena den, aintzat hartu behar da gutxieneko janari kuota batez ari garela. Hilero eta pertsonako, hamazazpi kilo janari dira. Helburua da eguneko eta pertsonako 2.100 kaloria bermatzea, hori baita nazioarteak ezartzen duen gutxieneko kaloria kopurua premiazko egoeretarako.

Zeintzuk dira horren ondorioak?

Egun 5 urtetik beherako umeen %30ek elikadura eskasia kronikoa dute, eta haurdun dauden emakumeen %65ek anemia. Horrek guztiak erakusten du egoera kritikoa dela, eta nazioarteko laguntzarekiko menpekotasun horrek zeinen zaurgarri egiten gaituen.

Arreta falta salatzen duzue, beraz...

Ez dago munduan beste gatazkarik 37 urtez ahaztuta egon denik. Nazioarteak dituen irizpideak epe laburreko hondamendiei aurre egiteko balia daitezke, baina ez horren gatazka luzerako. Nazio Batuen Erakundeak 230 soldadu eta zibil ditu Mendebaldeko Saharan. Urtean 54 milioi dolar gastatzen ditu misio horretan. Eta lotsagarria da Europa Marokok okupatuta duen lurralde baten bitartekoak eta lehengaiak negoziatzen aritzea oraindik. Pentsa ezazu, Suediak Thailandian erosten duen arrain poto bat banatzen dugu hilero errefuxiatuen artean, 425 gramoko poto bat, eta, bien bitartean, gure itsasoa bahituta dute; Europak berak arrantza akordio baten bidez ustiatzen du gure itsasoa. Eta Suedia EBko kidea da. Paradoxikoa da! Nazioartearen erantzukizuna izan beharko litzateke gure ondasunak gure eskuetan jartzea eta hori bermatzeko mekanismo bat jartzea. Minursoren eginkizuna horretara bideratu beharko lukete.

Fronte Polisarioak eta Marokok negoziatzen jarraitzen dute, baina aurrerapausorik eman gabe. Diplomaziak emaitzarik izango al du?

Ni ez naiz negoziazioetan egon, eta, hartara, ezin dut hor hitz egin denaz ezer esan, baina, saharar bezala, nire herriaren iritzi orokorraren berri eman dezaket, eta sahararrek ez dute itxaropena bide horretan. Historia garaikideak erakusten du nazioarteak ez duela asmorik auzi honi irtenbidea emateko. Komunikabideetan ere ahaztuta dago gure gatazka, neurri handi batean,indarkeriarik ez dagoelako tartean, hildakorik ez dagoelako. Sahararren etsipena nazioartearekiko erabatekoa da. Eta konponbidea erraza da, ezen nazioarteko legedia argia da; mugak zehaztuta daude; su-etena indarrean dago, eta bake plan bat dago; beraz, irtenbiderik ez zaio jartzen, borondaterik ez dagoelako. Marokori bere konpromisoak betearaztea baino ez da egin behar. Baina, Frantziak Marokori babesa ematen dion bitartean, ez dago aurrera egiterik.

Agdaim Izikekoa gertatu zenean, inoiz baino ozenagoa izan zen sahararren gerrarako aldarrikapena...

Bai lurralde okupatuetan, lurralde liberatuetan eta errefuxiatu guneetan dauden saharar askoren aldarrikapena da hori, bereziki gazteena. Ni giza erakunde baten izenean ari naiz hizketan, eta irtenbide baketsu eta politiko baten aldekoa naiz, baina egia da gerrarako sentimendu hori gero eta irmoagoa dela. Fronte Polisarioari ere eskatzen zaio negoziazioak bazterrean uzteko, eta gerra aldarrikapena egin dezala.

Fronte Polisarioak horren alde egingo al du?

Zuzendaritza politikoak esan izan du aukera hori ezin dela baztertu.

Marokoko erregeak erreformak iragarri ditu, eta tartean autonomian sakontzeko asmoa erakutsi du.

Gure aldarrikapena ez da autonomia lortzea, independentzia lortzea baizik, eta, bestetik, errege horrekiko konfiantza aspaldian galdu genuen. Erreformak gurea ez den herrialde baterako dira, ez Mendebaldeko Sahararako.

Herrialde arabiarretan izaten ari diren protestek saharako auzian eragina izango al dute?

Marokon ere diktadura bat dago, eta beste lekuetan gertatu dena gertatuko da han ere, gaur ez bada bihar. Tunisiarekin eta Egiptorekin ezaugarri asko partekatzen ditu Marokok; diktadura luzea eta ankerra, demokrazia eza —erregeak kontrolatzen baitu dena—, oposizioaren eta zibilen jazarpena, giza eskubideen urraketa, etorkizunik gabe dauden gazteak... Bada, esperientzia bera errepikatzeko baldintzak egon badaude. Dena den, nazioartearen interesak direla medio, gertatzen ari dena ezkutatzen saiatzen ari dira; Agdaim Izikez akordatzea baino ez dago horretarako. Inork ez dio gertaera hari aipamena egiten, eta ez da ahaztu behar protesten abiapuntua han egon zela. Orain demokrazia aldarrikatzen ari diren batzuek, diktadore batekin negozioak egiten jarraitzen dute. Norberak atera behar ditu ondorioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.