Ahmadinejadek nazioarteari egotzi dizkio eskualdeko arazo guztiak

Kanpoko esku hartzearen kontra egiteko eskatu die Iranek Afganistani eta Pakistani; lankidetza sendotzeko elkartu diraTalibanek ukatu egin dute Afganistango Gobernuarekin negoziatzen hasi izana

2012ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
«Gure arazo guztiak kanpotik datoz. Nazioarteak ez du nahi gure herrialdeak garatzea, euren helburuak eta handinahikeriak gogobete ahal izateko. Arazoak konpontzen hasi behar dugu... eta besteei esku hartzeko aukera ukatu behar diegu», adierazi du Mahmud Ahmadinejad Irango presidenteak, Afganistango eta Pakistango buruekin Islamabaden egin duen goi bileraren ondoren. Afganistango auzian egonkortasuna eskualdeko herrialdeen artean bermatzeko helburuarekin elkartu dira hiru herrialdeak. Pakistanen, Afganistanen eta Iranen artean «funtsezko arazorik» ez dagoela dio Irango buruak, eta Kabul eta Islamabad nazioartearen esku hartzearen kontra egitera adoretzen ahalegindu da.

Eskualdea nazioarteko potentzien nagusitasunaren mende egon dela salatu du Teheranek, Afganistani erreferentzia eginez. Irango Press TV telebista katearen arabera, munduko potentzia hegemonikoak prestatzen ari diren «konplotak» izan dituzte mintzagai bileran, eta herrialde musulmanak zatitu nahian ari direla aipatu dute eztabaidan, eskualdean euren presentzia arrazoitzeko. «Elkarrekin lan egin behar dugu, gure helburuak lortzeko. Eskualdeko arazoak eskualdean konpondu behar ditugu», adierazi du Irango presidenteak.

Asif Ali Zardari Pakistango presidenteak gogo onez hartu ditu Ahmadinejaden hitzak, eta erantzun dio nazioarteko presioek inolaz ere ezin dituztela hondatu Isamabaden eta Teheranen arteko harremanak. Bi herrialdeek martxan dituzten energia proiektuak azkartzea ere erabaki dute, eta Ahmadinejadi herrialdera itzultzeko eskatu dio Zardarik. Hamid Karzai Afganistango presidenteak, aldiz, neurritsuago hitz egin du; hiru herrialdeak banantzen dituzten arazoak gainditu eta bat eginda lan egitea nahi duela adierazi du.

Iraganean sarritan kritikatu izan ditu Karzaik Islamabad eta Teheran, eta Afganistango barne arazoetan muturra sartzea egotzi izan die. Izan ere, hiru herrialdeen arteko harremana desadostasunez eta tentsioz josita egon izan da. Orain, ordea, AEBen esku hartzearen ezadostasunak agertzen hasi dira hirurak, baita Karzai bera ere.

Talibanekin negoziazioak

Talibanekin hasi dituzten bake negoziazioak izan dira ardatz nagusi herenegun eta atzo Islamabaden egin duten goi bileran. AEBek jakinarazi dute talibanekin bake elkarrizketak hasi dituztela. Karzai baztertuta sentitu da, eta«nolabaiteko negoziazioak» hasita dituztela esan zuen herenegun, baina Zabiullah Mujahid talibanen bozeramaileak ukatu egin du Kabulekin inolako harremanik dutela.

Qatarren talibanek bulego bat irekitzea onartu zuen Kabulgo gobernuak, negoziazioak bideratzeko, baina talibanek nahiago izan dute Washingtonekin hitz egiten hasi, Karzai bazter utzita. Talibanek esan dute presidentea «txotxongilo» bat dela, eta eurak direla Afganistango agintari legitimoak.

Herenegun Pakistanek afganiarrei eskatu zien eurak izatea talibanekin bakea negoziatuko dutenak, eta ez AEBak. Karzaik dio Afganistanek gidatutako negoziazio prozesu batek arrakasta izango badu Pakistanen babesa beharrezkoa duela. Yusuf Raza Gilani Pakistango lehen ministroak hitzeman du Afganistanek gidatutako edozein bake prozesu babestuko duela, hain zuzen; baina Kabulek eta Washingtonek eszeptizismoz hartu dituzte haren hitzak

Zardarik, berriz, ukatu egin du bere armadak talibanei babesa ematen diela. AEBek eta Afganistanek sarritan egotzi izan die Pakistango ISI informazio zerbitzuei talibanei laguntza ematea bere lurretan. Dena den, 1980ko hamarkadako «hondakinak» geratzen direla onartu du gobernuburuak. Pakistanek talde islamistak babestu zituen orduanAfganistanen, Sobietar Batasunaren aurkako gerran.

Iranen aurkako presioa

Azaroan IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak Iran bonba nuklearra lortzeko asmotan lanean aritu zela jakinarazi zuenetik, nazioarteak Teheranen aurkako presioa handitu egin du. Irango erregimena ekonomia eta politika arloan ahalik eta gehien estutzeko asmoz, hainbat herrialdek zigorrak onartu dituzte. Atzo, hain justu, AEBek Irango inteligentzia agentziaren eta MOIS Inteligentzia eta Segurtasun Ministerioaren aurka zigorrak gogortzea erabaki zuten.

MOISi irandarren aurka giza eskubideen urraketa larriak egitea egotzi dio Washingtonek, eta Al-Qaeda, Hezbollah eta Hamas «talde terroristak» babestea. Zigor ekonomikoak ezartzeaz gain, MOISeko kideei bisa kendu diete, eta AEBen aliatuei neurri bertsuak hartzeko deia egin die Washingtonek.

Ahmadinejadek, berriz, behin eta berriz esan du Irango programa nuklearra erabilera zibilerako dela soilik.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.