Ekialde Hurbila

Ahmed Jabari su-eten iraunkorra negoziatzen ari zen Israelekin

Israelek hildako Hamaseko buru militarra akordiorako zirriborroa aztertzen ari zen, bitartekari israeldar batek jakinarazi duenezIsraelek «eraso kirurgikoak» iragarri eta 30.000 erreserbista mobilizatu ditu

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2012ko azaroaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Ahmed Jabariren hilketak su-eten iraunkor baterako aukera eta bitartekari egiptoarren ekinbidea hil ditu», zioen atzo Israelgo Haaretz egunkarian Gersho Baskinek. Gazatik jaurtitako misilak betirako geldiarazteko akordioa «hilketa selektibo» batekin erre duela Benjamin Netanyahuren gobernuak, alegia. Herenegun hil zuten Hamaseko buru militarra su-eten iraunkorra negoziatzen ari zelako Israelekin. Negoziazio horietan bitartekari lanetan aritu da Baskin, eta, jakinarazi duenez, akordio zirriborro bat jaso zuen Jabarik hilketa gertatu baino denbora gutxi lehenago. Zirriborro horretan, su-etenari eusteko mekanismoak ezartzen ei ziren, Israelen eta Gazako milizien artean tirabirak sortutakoan erabiltzeko. «Gobernuko goi kargudunek» bazuten Hamasekin eta Egiptoko zerbitzu sekretuekin irekitako elkarrizketa bidearen berri, Baskinen arabera. Hala ere, Jabari hiltzea erabaki zuten. «Alde bietako errugabe askoren heriotza ekarriko duen akats estrategikoa egin dute».

Gersho Baskin bakezale israeldarra bitartekari lanetan aritu zen Gilad Shalit soldadua askatzeko negoziazioetan. Orduan hasi zituen harremanak Ahmed Jabarirekin, azken hori Hamasen ordezkaria izan baitzen negoziazio haietan. Duela hilabete batzuk, Hamasen eta Israelen arteko su-eten iraunkor bat lortzeko lanean hasi ei zen Baskin. Israelgo Defentsa ministro Ehud Baraki akordiorako zirriborro bat ere erakutsi omen zion. Erantzun garbirik jaso ez zuenez, Hamasekin eta Egiptorekin lanean segitzea erabaki zuen.

Su-eten zirriborroak Jabariren hilketa irudiek ezkutatu dituzte, ordea. Joaldien eta biktimen zenbaketak nagusitu dira: Gazako 150etik gora gune jo ditu Israelek, 270etik gora misil jaurti dituzte Gazatik; hamasei palestinar eta hiru israeldar hil dira gutxienez; 150 zauritu daude Gazan eta hamar Israelen.

Gazako biztanleei «Hamaseko kideen eta eraikinengandik urruti» egoteko aholkua eman die Israelgo armadak hegazkinetatik botatako esku-orrietan, eta misilak jaurtitzen segitu du. Tel Aviven, berriz, Golkoko Gerra garaitik entzun gabeko sirena hotsak entzun dituzte, Gazatik botatako misilak inoiz baino gertuago dituztela eta.

Israelgo ia alderdi guztiek txalotu dute operazio militarra, eta «eraso kirurgikoak» iragarri ditu Netanyahu lehen ministroak. Ehud Barak Defentsa ministroaren esanetan, orain artekoa «hasiera besterik ez da», eta 30.000 erreserbista mobilizatu ditu. Armadako eledunaren arabera, Gaza inbaditzea «benetako aukera» da.

Ismail Haniye Gazako lehen ministroak, berriz, erantzun «irmoa» eskatu die herrialde arabiarrei: «Okupatzaileei garaiak aldatu egin direla erakutsi behar zaie». Egiptori begiratu dio batez ere Hamaseko buruak,eta eskatu, Rafaheko mugako pasabidea beti irekita utzi dezala. Duela lau urte Israelek Gazaren aurka Berun urtua operazioa hasi zuenean, izan ere, Hosni Mubaraken Egiptok itxi egin zuen pasabidea, Gazako biztanleek laguntza humanitarioa jasotzeko eta ihes egiteko zeukaten azken aukerazela esan zitzaion arren.

Mohamed Mursi da orain Egiptoko presidentea, eta Rafaheko atea egun osoz irekitzea erabaki zuen atzo, zaurituak Gazatik atera ahal izan ditzaten. «Israelek argi eduki behar du ez dugula erasoa onartzen, eta eremu osoko egonkortasunari egiten ari zaiola kalte», esan zuen Mursik. Eta Sinaiko penintsulan soldaduak mobilizatzeko agindua eman duela zabaldu zuen Israelgo Jerusalem Post egunkariak.

Gaur bertan, Gazara helduko da Egiptoko lehen ministroa, bertako biztanleekiko «elkartasuna» adierazteko asmoarekin. Kairok, gainera, NBEren Segurtasun Kontseiluaren beste bilera bat eskatu du, atzo goizaldean egin zutena inolako erabakirik hartu gabe bukatu zelako. AEBetako presidente Barack Obamak «Egiptoren rol garrantzitsua» nabarmendu nahi izan du.

Gerra diplomatikoa

Nazioarteko erakundeetako eta gobernuetako bulegoetaraino heldu dira, bistan da, bonba hotsak. Palestina NBE Nazio Batuen Erakundeko kide egiteko aukerek Israelen gerra diplomatikoa ekarria zuten lehendik, eta Gazari erasotzeak alde baten eta bestearen inguruko erreakzioak sorrarazi ditu. Netanyahuk esana da, operazioa hasi orduko hitz egin zuela Barack Obamarekin, François Hollanderekin, NBEko Ban Ki-Moonekin, EBko Catherine Ashtonekin eta Ekialde Hurbilerako Bake Laukoteko goi mandatari Tony Blairrekin. «Israelek bere burua babesteko daukan eskubidea ulertu izana eskertzen diet», adierazi du.

Haniyek herrialde arabiarrei begiratu die batez ere, eta aipatutako Egiptoz gain, Jordaniatik, Libanotik, Siriatik eta Irandik heldu zaizkio, besteak beste, babes mezuak. NBEren idazkari nagusi Ban Ki-Moonek, hain zuzen ere, arabiar herrialdeetako enbaxadore talde batekin bilerak egingo dituela iragarri du. Bai Netanyahuri bai Mursiri «neurrian» jokatzeko beharra azpimarratu die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.