Hala ere, hauteskunde bezperan ez dira geldirik egon bi hautagaiak. Arizonako senataria zazpi estatutara joatekoa zen atzo-Florida, Tennesee, Pennsylvania, Indiana, Mexiko Berria, Nevada eta Arizona- eta Illinoiskoa, berriz, hirutara-Florida, Ipar Carolina eta Virginia-. Kolokan dauden estatuetan egon dira batez ere demokratak azken egunetan,baina ez hala errepublikanoak. McCainek zalantzan dauden lurraldeak ez ezik, berez demokraten aldeko joera dutenak ere behar ditu, presidentetza lortuko badu. Ondorioz, dozenaka mitin eman ditu azken egunetan, nagusiki demokratak diren herri eta hirietan ere bai.
Cheneyren sostengua
Obamak bere garaian Colin Powell estatu idazkaria izandaren bultzada jaso bazuen, asteburuan McCainek Dick Cheneyrena izan zuen. Presidenteordeak iragarri zuen Arizonako senatariaren alde bozkatuko zuela, eta berdin egiteko eskatu zien herritarrei ere. Sostenguak, ordea, ez dio mesede gehiegirik egingo McCaini, izan ere, egungo administrazioak ez ditu jarraitzaile gehiegi herritarren artean. Hori hala, hura behin baino gehiagotan saiatu da Bushen politikengandik urruntzen; huts egin du, baina.
Obamak berak, Cincinnatin (Ohio) horren inguruko adierazpenak egin zituen: «McCainek berak gogor lan egin du Cheneyren sostengua irabazteko, kasuen %90etan Bushekin batera bozkatuz. Uste duzue Cheneyk sostengua eman diola hark aldaketa ekarriko duelako? Ez, horixe». Beste behin, Arizonakoaren proposamenak egungo politikaren jarraipena izango direla ohartarazteko baliatu zuen aukera Obamak. Ordu batzuk lehenago, berriz, Clevelanden izan zen Bruce Springsteen abeslariarekin batera. «Lagunok, ofiziala da, egun bakarra geratzen zaio Amerikari aldaketarako», esanez hasi zuen milaka lagun bildu zituzten mitina. «Bihar ezin dugu etxean geratu besoak gurutzatuta, bozkatzera joan behar dugu».
McCainek ere ehunka lagun bildu zituen atzo Floridan, baina ez Obamak adina. Ekonomiaren inguruan aritu zen han. «Obamaren proposamenak aurrera ateratzen badira, milioika lagunek beren lanak galduko dituzte». Adituen iritziz, haren hitzaldiek indarra galdu dute. Bestalde, azken orduko iragarkia ere zabaldu dute errepublikanoek AEBetako telebista kate nagusietan. Bertan ohartarazten dute Obama Jeremiah Wright apaizarekin lotuta egon zela. Halaxe dio iragarkiko ahotsak: «Barack Obamaren artzainak AEBei egotzi zien irailaren 11ko atentatuen errua. Uste duzu halako norbaitek izan beharko lukeela AEBetako presidente?».
Bozen gida
ORDEZKARIEN BOTOAEstatubatuarrek ez dute presidentea zuzean aukeratzen.Hauteskunde Batzordeko 538 kideak erabakitzen dute hori.
Herritarren botoa (popular vote). Herritar bakoitzak, hautesle bakoitzak, ematen duen botoa da. Estatu jakin batean nork irabazi duen erabakitzen dute.
Hauteskunde Batzordea (electoral college). Estatu bakoitzari biztanleen araberako ordezkari kopurua dagokio bertan; 538 dira guztira. Kaliforniak 55 ditu, esaterako. Delegatu horiek ordezkatzen duten estatuan irabazle atera den hautagaiaren alde eman behar dute botoa. Legez hala da 26 estatutan; beste 24tan edozein hautagairen alde eman dezakete, baina gutxitan gertatu da halakorik. Presidente izateko 270 eskuratu behar dira, gutxienez.