EUROPAKO KONSTITUZIOA

Aintzat hartuak izateko tresna

STOCKHOLM
2005eko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Europako Batasuna (EB) eta Europako Konstituzioa beren ahotsa nazioartean zabaldu eta beren aldarrikapenak aintzat har daitezen tresna eraginkorrak direla uste dute Suedian, Finlandian, Norvegian eta Errusian bizi diren samiek. Suediak eta Finlandiak Batasunarekin bat egin izanak nazioartean bakarrik ez, baizik eta bizi diren herrialdeetan ere beren egoera indartu duela nabarmentzen dute ordezkari politikoek. EBk Suediako eta Finlandiako Sami Legebiltzarrekin elkarlanean martxan jarritako planen bitartez, industria nahiz lan merkatuak gorakada eta garapen handia izan dute samien lurraldeetan eta, beren kultura, ohiturak zein eskubideak aintzat hartu dituzte. Era berean, Norvegia eta Errusiako samiekin elkarlan emankorra bideratzeko tresnak martxan jarri ditu Batasunak, nahiz eta bertako kide ez diren herrialde horiek. Hala, lau herrialdeetako samien ordezkari politikoek nabarmendu dute Europako Konstituzioan sami herriaren jatorrizko herri estatusa aintzat hartzea gauza ona dela.

Europako Konstituzioari erantsitako Sami Protokoloa deritzon 32. xedapen gehigarrian aipatzen dira samiak. Suediak eta Finlandiak EBrekin bat egitean sinatutako akordioko 60. eta 61. artikuluak kontuan hartuta, bi herrialde horiek samiekiko betebeharrak eta ardurak dituztela nabarmentzen du Batasunak xedapen horretan. Sami Protokoloa-ren arabera, «Sami Herriaren baliabideak, hizkuntza, kultura eta bizimodua bermatu eta garatzeko konpromisoa hartzen dute Suediako eta Finlandiako gobernuek, haien kultura eta bizimodua lehen sektoreko ekintza ekonomikoetan samien lurraldeetan egiten den elur-orein abelzaintza, esaterako oinarrituta dagoela kontuan izanik».«Finlandia eta Suedia EBko kide izateak Sapmi [Sami Herria] Europako eskualde gisa onartzea ekarri du, eta horrekin batera samien nazioarteko elkarlana hedatu eta beren egoera berezia ikuspuntu berrietatik aztertzeko aukera eman digu», adierazi du Suediako Sametinget-ek Samien Legebiltzarra ohar batean. EBren bitartez lehen ez zuten garapen ekonomiko eta kulturala ziurtatzeko tresnak eskuratu eta Suediak eta Finlandiak beren egoera onartzeko konpromisoa hartzea lortu dutela nabarmendu dute samien ordezkariek. Estatu horiek protokoloa sinatzean konpromisoa hartu zuten arren, oraindik samien eskubideak onartu eta babesteko nahikoa egin ez dutela diote agintari samiek. EBren lanak indarrean jartzeko, Suediaren eta Finlandiaren borondate eskasa izan dute oztopo. EBk iaz Suedia kritikatu zuen, samiak lurren jabe izateko eskubidea aintzat ez hartzeagatik.Oztopoei aurre egiteko Batasunak eskainitako tresnak erabilgarritzat jo dituzte, hala ere, samiek. EBk Sami Herria Europako herri indigena bakar gisa aintzat hartzeak beren egoera indartzen du. «Samion tradizioek eta egoerak posizio berezia ematen digute egungo Europan», adierazi du Sametinget-ek.

Konstituzioari baietz

Samiak ordezkatzen dituzten legebiltzar eta erakundeek jarrera bateratua dute EBren aurrean. Guztien iritziz, Batasunak ondorio onak ekarri dizkie, eta horrek beren egoera aintzat hartzen duen Konstituzioaren inguruan baikor agertzeko nahikoa arrazoi ematen dizkie.

Zalantza ahotsak ere altxatu dira sami batzuen artean, baina gutxiengoa dira. Annukka Hirvasvuopio-Laiti Finlandiako Sami Legebiltzarreko ordezkariak Berriari adierazitakoaren arabera, elur-oreinen zaintza eta ehizarekin oinarrizko jarduera ekonomikoa lanean aritzen diren herritar asko kezkati agertu dira samien errealitatea horren ongi ezagutzen ez duten Europako ordezkari politikoek erabakiak hartzeak izan ditzakeen ondorioen inguruan. Samiak bizi diren eskualdeetan elur-oreinen zaintzarako eskubidea beraiek bakarrik izatea da aldarrikapen nagusietako bat. Izan ere, bizi diren estatuetako gobernuekin dituzten lehia askoren iturria da hori.

Suediako eta Finlandiako gobernuek Europako Konstituzioa Legebiltzarrean bozkatzea erabaki zuten iaz, alderdi politiko gehienen babesa eskuratu ostean. Bi estatuek baztertu egin dute erreferenduma egitea, Konstituzioak beraien eta EBren arteko harremanean aldaketa nabarmenik ekarriko ez duela argudiatuta. Abenduan egingo dute bozketa. Finlandiako eta Suediako samiak ez daude alderdi politikoetan banatuta, eta erreferendumaren auziaren inguruan jarrera neutrala hartu dute.

Samien garapen industriala indartu eta, horren bitartez, beraien kultura eta bizimodua sendotzea da EBk martxan jarritako programen xede nagusia. Samien industria tradizionala mantenduta, enpresa berriei bide ematea da erronkarik handiena. Epe luzeko helburua, artean, ingurumen, kultura eta tradizioekin zuzenean lotuta egongo den industria garatzea da. Hori lortzeko, garrantzi handia izango du samien jakituria tradizionala beraien baldintzetara moldatutako maila altuko hezkuntza eta ikerkuntzarekin nolabait lotzeak. EBko eskualde politikaren helburu nagusia gizarte batasuna lortzea da, eta, horretarako, garapen ekonomikoan izan daitezkeen lurraldeen arteko desberdintasunak gutxitzen saiatzen da. Egitura funtsen bidez finantzatzen da lan hori. Suediako eta Finlandiako sami legebiltzarrek, erakundeek eta herriek partehartze zuzena izan dute Batasunak funts horiek erabilita hasitako egitasmoetan.Orain bi dira sami herrietan martxan dauden proiektu nagusiak. Lehenak, 1 Helburua deitutakoak, azpigaratuta dauden lurraldeen garapena du helburu, eta 2006a arte egongo da martxan. Ekinbide ekonomiko tradizionalekin eta kultura samiarekin zuzenean lotutako garapen industriala bultzatzeko proiektuak biltzen dira bertan. Hala, elur-oreinen industriarekin eta hizkuntza edota musika samiarekin zerikusia duten ekintza ekonomikoak bultzatu nahi ditu. Suediako Sami Legebiltzarreko ordezkari eta 1 Helburua proiektuko arduradun Nils-Erik Skaltjek dioenez, egitasmo horiek «ondorio ezin hobeak eta erantzun ona izan dituzte eta indartu egin dute Suediako agintarien, ordezkari samien, Batasunaren eta udalen arteko elkarlana».

Mugaz gaindiko elkarlana

Interreg IIIA Nord izena du bigarren egitasmoak. Europako lurraldeetan gizarte eta ekonomia alorreko arazoak gainditzeko ekinbidea da Interreg proiektua. Sami eskualdeetara bideratutako programa bereziarekin muga arteko elkarlana erraztu nahi dute. Suedia, Finlandia eta Norvegiako sami legebiltzarrak elkarlanean ari dira Interreg Nord-en bidez, eta Errusiako samiek ere parte hartzen dute, Errusia eta Norvegia EBko kide ez diren arren. «Batasunak samien probetxurako egindako lanaz profitatu ahal izan dira kide ez diren estatuetako samiak ere, eta horrek gure herri sentimendua indartu du, batzeko tresnak gure esku utzita», Nils-Erik Skaltjek adierazi duenez.

Proiektu horietaz gain, EBk finantzatutako alor kulturaleko beste hainbat daude martxan; Finlandiako Samien Gune Kulturala, Musika Samia Irakasteko Gunea eta Indigenen Zinema Gunea, esaterako.Proiektu horiek finantzatzeko EBren egitura funtsak 2006a arte daude aurreikusita, eta horrek egoera berria aztertzeko eztabaidak izatera eraman ditu sami agintariak. Izan ere, Finlandiako Samien Gune Kulturala eratzeko egitasmoko buru Lasse Porsangerrek adierazitakoaren arabera, «etorkizunean, behar handiagoak dituzten eskualde berriek EBrekin bat egin ostean, zailagoa izango samien proiektuei horren finantzaketa altua bideratzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.