AIren arabera, Jerusalemgo tren arinak «ondorio penalak» ekar diezazkioke CAFi

Gobernuz kanpoko erakundeak salatu du Palestinako lurralde okupatuetara hedatzen den azpiegiturak nazioarteko zuzenbide humanitarioa urratzen duela. Enpresak larunbatean egingo du akziodunen batzarra

Amnesty Internationalek Espainian duen Enpresa eta Giza Eskubideen taldeko bozeramaile Cecilia Denis —eskuinean— eta Amaia Elorza errefuxiatu palestinarren kanpalekutan aritutako ekintzailea —ezkerrean—, atzo, Donostian. GORKA RUBIO/FOKU.
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Jerusalemgo tren arinaren hedatze proiektuak «ondorio penalak» eragin diezazkioke etorkizunean CAF enpresari, AI Amnesty Internationalek Donostian atzo egin zuen prentsaurrekoan ohartarazi zuenez. Gobernuz kanpoko erakundeak beste behin eskatu dio CAFi Israelgo hiriburuko tren arinaren proiektutik irteteko, argudiatuta azpiegitura horrek Israelen legez kanpoko koloniak «egonkortzen» laguntzen duela, eta, beraz, palestinarren kontrako «apartheid erregimena» sendotzen duela. «Argi dago legez kanpoko kokaguneen eraikuntza ez dela CAFen ardura, edo Israelen eta kokaguneen arteko komunikazioa areagotzeko lanean ari diren enpresena, baina haien jarduerak kokaguneen mantentzea eta egonkortzea indartzen du»,zuen Cecilia Denisek, AIk Espainian duen Enpresa eta Giza Eskubideen Taldeko bozeramaileak.

Jerusalemgo tren arinaren proiektuak asmoa du Israelgo hiriburuaren mendebaldea Palestinako lurralde okupatuetako zenbait kolonia judurekin lotzeko, bai Jerusalem ekialdean eta bai Zisjordanian. NBE Nazio Batuen Erakundeak legez kanpokotzat jo zuen tren arin horren proiektua. «Argiki urratzen ditu nazioarteko zuzenbide humanitarioa eta NBEren ebazpen garrantzitsu batzuk», adierazi zuen 2017an.

Denisek gogorarazi zuenez, Genevako Konbentzioak ezartzen du herrialde okupatzaile batek ezin duela bere biztanleria lurralde okupatu batean kokatu, ezta lurralde okupatuko herritarrak desplazatzera behartu ere, eta, hain zuzen, Israelek horrexetan dihardu Palestinako eremu okupatuetan, kanpoko kolonien bidez. Baldintza horietan lekualdatze behartua gerra krimen gisa tipifikatuta dagoela nabarmendu du Denisek.

CAF 2019an hasi zen proiektuan parte hartzen, Israelgo Shapir konpainiarekin batera osatu zuen enpresa taldearen bitartez. 1.000 milioi euro inguruko kontratu bat eskuratu zuten. Iazko otsailean, tren arinaren ibilbidea zabaltzeko beste proiektu batera aurkeztu zen CAF.

NBEren Giza Eskubideen Goi Agintaritzak zerrenda bat osatua du legez kanpoko kolonia juduekin harreman ekonomikoa duten enpresei presio egiteko. Ehun konpainiari baino gehiagori egotzi zien giza eskubideen urraketekin lotutako jardueretan aritzea Palestinako lurralde okupatuetan. Horien artean da Shapir, CAFek Jerusalemen duen bazkidea, eta, 2020ko abenduan, AIk Goi Agintaritzari eskatu zion CAF ere datu base horretan sartzeko, beste 30 elkarterekin batera. Denisek azaldu duenez, NBEren organoak eskaria onartzeko zain daude, eta zerrenda gaurkotzen duenean izango da horretarako garaia.

CAF zerrendan sartzea «inportantea» da, AIren ustez, «enpresa guztiei bidaliko zaien mezuarengatik». Denisek aitortu du horrek ez duela CAF behartuko tren arinaren proiektua uztera, neurria ez baita loteslea, «baina argi utziko du arduraz ez jokatzeak ondorio garrantzitsuak izan ditzakeela enpresaren izen onarentzat».

Nazioarteko zuzenbide humanitarioaren aurka jarduteagatik enpresaren ospeak izan ditzakeen kalteak ez ezik, arrisku gehiago ere badira, Denisen esanetan. AIk Think Twice [Bi aldiz pentsatu] txostena argitaratu zuen 2019an, Israelen koloniekin lotutako negozioek ondorio penalak izan ditzaketela ohartarazteko. «Nazioarteko Zigor Auzitegiak zigortu dezakeen ekintzaren batean nahastuta aurki dezakete beren burua, noizbait. Gatazka eremutzat hartzen baita, eta enpresa batek gatazka eremu batean parte hartzeak ondorioak ekar ditzake», adierazi zuen Denisek.

Arrisku horiek direla medio, Norvegiako Inbertsio Funtsak—herrialdeko inbertsio funtsik handienak— Shapir enpresan parte hartzeari utzi dio. Funts hori kudeatzen duen Norges Bankek CAFen duen partaidetza murriztu du azken urteetan: %3,8koa zuen 2020an, eta %1,5ekoa joan den apirilean. Kontrako bidea egin du Eusko Jaurlaritzak, enpresan duen partaidetza %3raino handitu baitzuen iazko irailean, Finkatuz elkartearen bitartez. AIk Jaurlaritzari eskatu dio presio egin dezala Jerusalemgo tren arinaren proiektutik irteteko, erreferentziazko akzioduna den heinean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.