Ez da hautagairik gailendu aita santua aukeratzeko lehen bozketan

'Fumata' beltza atera da; hortaz, bihar jarraituko dute konklabea, goizean hasita. Eliza katolikoaren 267. buruzagia izango dena hautatuko dute 133 kardinalek.

Vatikanoko Kapera Sistinoa hutsik, astearte arratsaldean. SIMONE RISOLUTI / EFE
Vatikanoko Kapera Sistinoa hutsik, astearte arratsaldean. SIMONE RISOLUTI / EFE
jokin sagarzazu
2025eko maiatzaren 7a
21:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Milaka lagun elkartu dira gaur arratsaldean Vatikanoko Done Petri plazan, Eliza katolikoaren 267. aita santua izango dena aukeratu ote duten jakiteko. Konklabearen aurreneko bozketa saioaren ondoren, baina, ke beltza, fumata beltza irten da emaitzaren berri ematen duen tximiniatik; hau da, kardinalak ez dira ados jarri Frantzisko aita santua hil ondorengo konklabeko aurreneko bozketa saioan.

Bihar goizean jarraituko dute bozketekin; saio bat egingo dute 10:00etan, eta beste bat 17:00etan. Saio horietako bakoitzean gehienez ere bi bozketa sail egingo dituzte. Ondoren, erre egingo dituzte erabilitako papertxoak, eta fumata-ren bidez jakin ahal izango da bozketaren emaitza. Mundu osoko 133 kardinal ari dira parte hartzen hurrengo aita santua hautatzeko konklabean. Horretarako, hautagai bakar batek gehiengo kualifikatua lortu behar du; hau da, botoen bi herenak.

Oraingoz ez dago Done Petriren aulkian esertzeko hautagai nagusirik, baina izen batzuk zabaldu dira azken egunetan. 2013an, Frantzisko hautatzeko, bi egun eta bost bozketa behar izan zituzten.

Eguna pro eligendo pontifice mezarekin hasi da, Vatikanoko Done Petri basilikan, 10:00etan, Giovanni Battista Re kardinal dekanoa buru dela. Tradizio handiko eta neurtutako protokolo bati jarraitu diote. Jauregi Apostolikoko Paulino kaperatik Kapera Sistinorako bidea egin dute letaniak eta Espiritu Santuaren aldeko Veni creator abestuz. Ebanjelioaren zinaren ondoren, Diego Ravelli zeremonia maisuak konklabetik kanpoko pertsona oro kanporatu du latinezko extra omnes formula erabiliz.

Lehen bozketa, gaur

Orduan hasi dute deliberazioa. Kardinalek Kapera Sistinoan bozkatu dute, ateak itxita. Botoa sekretua izan da, eta kardinal bakoitzak paper batean jarri du bere hautagaiaren izena, ulertzeko moduan baina nork idatzi duen bereizteko modurik eman gabe. Hiru kardinalek zenbatu dituzte botoak: lehenak banan-banan atera ditu kutxatik, eta markatu egin du haietako bakoitza. Bigarrenak aztertu egin ditu, eta hirugarrenak, berriz, ozen irakurri. Gero, hari batez lotu dituzte guztiak. Prozedura hori errepikatu egingo dute bozketa saio guztietan.

CIUDAD DEL VATICANO MISA
Kardinalak gaur goizean Done Petri basilikan egindako mezan. MARIO TOMASSETTI / EFE

Gaur ez dutenez lortu ados jartzea, kardinalek Santa Marta etxean eta inguruko beste eraikin batean egingo dute lo, Vatikanoko lurraldetik irten gabe eta kanpoko inorekin harremanetan jartzeko modurik gabe.

Ez dago eperik aita santua aukeratzeko, baina prozesua bizkorra izatea espero da. Hala ere, ia segurutzat jotzen da bozketa bat baino gehiago beharko direla. Dena den, azken ehun urteotan konklabea ez da behin ere bost egun baino gehiagokoa izan. Frantzisko aita santua hautatzeko, bi egun eta bost bozketa behar izan ziren.

Aita santua izango dena aukeratuta, bi galdera egingo dizkiote: «Onartzen duzu kargua?», galdetuko diote lehenik, eta baietz erantzuten badu, galdetuko diote zer izen hartu nahi duen. 1555etik ez dute sekula hautsi izena aldatzeko ohitura. Egun, izen kristau bat hartu ohi dute; batetik, beste aita santuei erreferentzia egiteko, eta bestetik, ulerterraza izateko.

Izen dantza

Konklabeko eztabaida nagusia zera da, ea Frantziskok hasitako bidearekin jarraitzea erabakiko den ala norabidea aldatuko den. Frantziskok berak izendatuak dira 108 kardinal, Benedikto XVI.ak hautatuak 22 eta Joan Paulo II.ak aukeratuak beste bost. Bi hereneko gehiengoa lortzeko 89 boto beharko dira.

Zuzenbide Kanonikoaren Kodearen arabera, Eliza katolikoan bataiatutako edozein hautatu daiteke aita santu, betiere gizonezkoa bada. Hala ere, praktikan, duela mende batzuetatik hona, aurretik kardinalak izan dira aita santu izendatutako guztiak.

Frantzisko ordezkatzeko, Italiako eta nazioarteko komunikabideen aurreikuspenetan, zortzi izen errepikatzen dira gutxienez, eta horietako hiru italiarrak dira. Hauek dira hautagai nagusiak:

Pietro Parolin (Italia, 70 urte). Vatikanoko egungo estatu idazkaria. Parolin hautagai moderatu eta pragmatikotzat hartzen da. 

Luis Antonio Tagle (Filipinak, 67 urte). Frantzisko asiarra ezizenez ezaguna, Tagle kardinal aurrerakoitzat jotzen da. Hura hautatzea historikoa izango litzateke, Asiako lehen aita santua izango bailitzateke.

Matteo Zuppi (Italia, 69 urte). Bolognako artzapezpikua eta Italiako Gotzainen Batzarreko presidentea izatez gain, Frantzisko aita santuaren gertukoa da, eta gatazken bitartekaritzan egindako lanagatik nabarmendu da; Euskal Herrian, esaterako, ETAren armagabetze prozesuan parte hartu zuen.

Jean Marc Aveline (Frantzia, 66 urte). Marseillako artzapezpikua. Frantzisko aita santuaren oso gertukoa eta migrazioarekin loturiko gaiekin engaiatua.

Peter Turkson (Ghana, 76 urte). Afrikako hautagaia deitua. Justizia sozialean eta garapen iraunkorrean duen ikuspegiarengatik da ezaguna.

Robert Sarah (Ginea, 80 urte) Kardinal ultrakontserbadorea, ortodoxia katolikoa irmo defendatzeagatik ezaguna. 

Pierbattista Pizzaballa (Israel, 60 urte). Jerusalemgo patriarka latinoa. Hautagai moderatutzat jotzen da, eta esperientzia du erlijioen arteko elkarrizketan.

Robert Prevost (AEB, 70 urte). Chicagoko artzapezpikua. Hautagai erreformista gisa ikusten da.

Peter Erde (Hungaria, 72 urte). Elizaren sektore tradizionalekin lotzen da.

Oso aukera gutxirekin baina hautagai posibleen artean euskal jatorria duen kardinal bat azaltzen da: Francisco Javier Bustillo, 57 urtekoa, Arrekoa (Nafarroa). Frantzisko aita santuak izendatu zuen kardinal eta Aiacciuko (Korsika) gotzaina da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.