Akordiorik gabe amaitu da Iranen eta IAEAren arteko lehen bilera

Gaur berriz bilduko dira bi aldeak; programa nuklearrarekin lotura duten tokiak ikusten uzteko eskatu dio IAEAk

Erredakzioa
2012ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Bost ordu luzez egon dira bilduta IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako eta Irango ordezkariak Austrian, Teheranen programa nuklearraz jarduteko, baina ez dute akordiorik lortu. Gaur berriz ere elkartzea izan da bi aldeek adostea lortu duten bakarra. IAEAko zuzendariorde Herman Nackaertsek eskakizun zuzena egin dio Teherani: programa nuklearrarekin lotura duten datuak helaraztea eta programa garatzen duten egoitzetara sartzen uztea.

Bilera hasi aurretik, Nackaertsek adierazi du programak dimentsio militarra ote duen argitzea dela agentziaren lehentasuna. Horretarako, Partxingo base militarrean sartzeko baimena eskuratu nahi dute. Iranek, ordea, orain arte esandakoa errepikatu du: energia nuklearra erabilera zibilerako eta helburu baketsuekin ekoizten duela. Hori horrela, nazioartearen salaketak ukatu ditu, baina ez die programa nuklearra aztertzeko erraztasunik eman nahi izan.

Aurrez beste bi bilera egin dituzte aurten, eta inolako akordiorik gabe bukatu zituzten. Ez du berriro porrot egin nahiIAEAk. Bestalde, maiatzaren 23an elkartuko dira berriz ere 5+1 Taldeko kideak —AEB, Alemania, Erresuma Batua, Errusia, Frantzia eta Txina—, Bagdaden, Irango auziari irtenbide negoziatua emateko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.