Protestak herrialde arabiarretan

Al Assadek erreformak iragarri arren, protestei eutsi die Siriako oposizioak

Abuzturako bozetara deituko du presidenteak; oposizioaren ustez, aldaketak txikiak dira

mikel rodriguez
2011ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
«Elkarrizketa nazionala da hurrengo aroaren izenburua. Hagitz prozesu garrantzitsua izanen da, Siriaren etorkizuna horren mende baitago». Martxoan erregimenaren aurkako manifestazioak hasi zirenetik, Bashar al Assad presidenteak hirugarren aldiz hitz egin dio Siriako herriari telebistan emandako mezu batean. Hurrengo abuzturako hauteskundeak antolatuko dituela iragarri du, eta bertze hainbat neurri hartzeko asmoa ere agertu du. Adibidez, Konstituzioa erreformatuko duela zin egin du, eta amnistia zabalagoa emateko aukera aztertzen ari direla erran du. Hala ere, protestekiko jarrera ez du aldatu, eta horien sustatzaileak «terroristak» eta «saboteatzaileak» direla erran du bertze behin. Oposizioko taldeen ustez, Al Assadek iragarritako aldaketak ez dira nahikoa. Horren adibide, telebistako mezuaren ondotik milaka herritar kalera atera direla Siria osoan.

Elkarrizketarako aginte nazionala «jatorri anitzeko ehun lagunek» osatzen dutela jakinarazi du Al Assadek —bera barne—. Talde horrek du erreformak egiteko plana prestatzeko ardura. Abuztuan parlamenturako bozak egin ondotik, irailerako erreformak gauzatuta egonen direla erran du presidenteak. «Proiektu berriarekin» Siriako herria «hobeki ordezkatuta» egonen dela ziurtatu du. «Agintari politikoen zeregina berraztertu behar da, alderdi politikoei parte hartzeko aukera gehiago emateko».

«Intelektual erradikalak»

Matxinada baretzeko xedearekin aurrez ere hainbat neurri hartu izan ditu Al Assadek. Horietako bat larrialdi legea bertan behera uztea izan da —1963tik zegoen indarrean—. Hala ere, protestek eta estatuko indarren erasoek bere horretan segitu dute. Presidenteak erran du errua «saboteatzaileek» dutela, «erreformen aldeko eskakizun legitimoez baliatu» direlako. «Egonkortasunik gabe ezin da garapenik egon, eta bandalismotik ez da erreformarik etorriko». «Saboteatzaile» horiek «intelektual erradikal eta biraogileak» direla azaldu du, talde zehatzik aipatu gabe. «Borroka armatua» erabiltzea eta «hilketa gorrotagarriak» egitea egotzi die. «Ezin da irtenbide politikorik izan armak dituen jendearekin». Protestak «konspirazioa» direla salatu du Al Assadek, «atzerrian diseinatutakoa eta herrialdean bertan gauzatutakoa».

Al Assadek protestei erakutsitako mespretxuak, baina, berehalakoan izan du eragina. Oposizioko taldeek jakinarazi dutenez, Alepon (iparraldean), Latakian (ipar-mendebaldean) eta Damasko hiriburuan milaka lagun atera dira karrikara. Herri Koordinaziorako Batzordeen arabera, Alepon eta Latakian estatuko indarrek manifestazioen aurka jo dute.

Siriako Iraultza erakundeak jakinarazi duenez, berriz, Idlib eskualdeko hainbat hiritan ere protestak izan dira. Ipar-mendebaldean dago Idlib, Turkiarekiko mugan. Armada disidentziaren aurkako operazio militarra egiten ari da han, eta horrek errefuxiatu oldea eragin du Turkiarantz. Ankararen arabera, 10.000tik goitidira ihes egin dutenak. Nazioarteari begira, gaur egun hori da Al Assaden buruhausterik handiena. Horregatik, errefuxiatuei itzultzeko eskatu die azken hitzaldian.

Kontseilu Nazionala

Libanon erbesteratuta dauden Siriako ekintzaileek erreforma zehatzagoak espero zituzten, Al Jazeeraren arabera, eta iragarritakoak ez direla nahikoa adierazi dute. Oposizioko taldeek, hain zuzen, elkar hartuta Kontseilu Nazionala eratu dute «iraultza zuzentzeko», Jamil Saib bozeramaileak azaldu duenez. Hiri eta eskualde guztietako oposizioko taldeei Kontseilu Nazionalarekin elkarlanean aritzeko deia egin die Saibek. Europako Batasunak, berriz, Al Assaden hitzaldia «etsigarria» izan dela adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.