Baxar al-Assaden gobernuari babesa emateari uzteko eskatzerajoan da Abdulbaset Sayda SNC Siriako Kontseilu Nazionaleko burua Errusiara. Saydak berak adierazi duenez, hango agintariak «konbentzitzen saiatzera». «Sirian gertatzen ari dena ez dira gobernuaren eta oposizioaren arteko desadostasunak, iraultza bat baizik», esan du SNCko buruak, eta Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroari NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluan nazioartearen esku hartzea babesteko eskatu dio.Moskuk, ordea, jarrera itxia duela kritikatu du bilera amaitu ondoren. Esku hartze militarrari ezezko borobila eman baitio Errusiak, eta trantsizio prozesua abiarazteko Siriako agintariekin negoziazioak hasteko eskatu dio Lavrovek Saydari.
«Hainbatetan adierazi dugu indarkeriari amaiera eman behar zaiola, eta gobernuko nahiz oposizioko alderdi guztiak bilduko dituen elkarrizketak martxan jarri behar direla», adierazi du Lavrovek. Atzerri ministroak jakinarazi duenez, ez da Mosku SNCrekin harremanetan jartzen den lehen aldia, baina atzoko bileraren garrantzia nabarmendu du, «Siriarentzat ardura handiko garaiak diren garaiotan». Elkarrizketaren bidez Siriaren etorkizuna herritarrek erabaki behar dutela gaineratu du Lavrovek.
Oposizioko gainontzeko taldeekin duen harremanaz galdetu dio Errusiako Atzerri ministroak SNCko buruari, Al-Assaden aurka altxatu direnak zatituta baitaude. «NBEren Segurtasun Kontseiluan onartutako Kofi Annnanen planak biltzen duen bezala, gobernuarekin elkarrizketa plataforma bat sortu ahal izateko, oposizioko talde guztien batasun ikuspegia ulertu behar dugu», esan du Lavrovek. Oposizioko beste plataforma nagusiarekin, NCC Koordinazio Nazionalerako Batzordearekin, harremanik ez duela aitortu izan du SNCk behin baino gehiagotan. Ezkerreko alderdiek osatzen dute NCC, eta Saydaren plataforma ez bezala, Al-Assaden Gobernuarekin negoziatzeko prest agertu dira.
SNCk Moskun berretsi duenez, Al-Assaden dimisiorik gabe «ez dago» irtenbiderik Sirian, eta negoziatzeko abiapuntua presidentearen kanporatzea dela adierazi du. Moskuk, baina, ez du aurrebaldintzarik onartu, eta negoziatzera deitu ditu alde guztiak. Errusiako Atzerri ministrorde Mikhail Bogdanovek adierazi du indarkeria amaitzeko Siriako oposizioko taldeak jarrera «errealistetan» eta «eraikitzaileetan» erabiltzen saiatuko dela Mosku.
Annanen ondorioak
Kofi Annan NBEren eta Arabiar Ligaren mandatari bereziak agerraldia egin zuen atzo Segurtasun Kontseiluan, Siria, Iran eta Irak bisitatu ondoren atera dituen ondorioak azaltzeko. Mandatariak Al-Assadekin bilera «mamitsua» izan zuela azaldu du, eta trantsizio gobernu bat osatu ahal izateko oposizioarekin negoziatzeko solaskidea proposatu diola Siriako presidenteak. Dena den, berriki onartu du bere bake planak ez duela arrakastarik izan, eta agian ez duela izango.
Agerraldiaren ondoren Errusiak NBEren behatzaileen misioa hiru hilabetez luzatzeko proposamena bozkatzekoak ziren. Zirriborroan, baina, ez dute Al-Assaden aurkako inolako zigorrik aipatu; Frantziak kritikatu egin du, eta esan du ez duela asetzen nazioartean gehiengoak espero duena. Hain justu. Segurtasun Kontseiluko ordezkariek bozketa baino lehen adierazi dutenez, Moskuren proposamenak ez du aurrera egiteko aukerarik. AEBak eta Europa mendebaldeko herrialdeak babesten ez dutelako. Horietako askok NBEren gutuneko zazpigarren kapituluan oinarritutako ebazpena eskatu dute, zigorrak jartzeko eta operazio militarrak egiteko aukerak biltzen dituen kapituluan oinarrituta, alegia.
Bestalde, Genevan adostutako trantsiziorako plana berehala indarrean jartzeko eskaera egin du Parisek. Siriarako Ekintza Taldeak egungo agintariak eta oposizioko kideak bilduko dituen trantsiziorako gobernu bat eratzea adostu zuen Suitzan. Horretarako, indarkeria amaitzea beharrezkoa dela adierazi du Frantziako Atzerri Ministerioak, eta gaineratu du lehenik Siriako armadak hirietatik tropak eta arma astunak atera behar dituela.
Al-Qaeda Sirian
Siriako Sana agentziak Jurgen Todenhofer Alemaniako kazetariaren eta 1972tik 1990era legebiltzarkide izan zenaren hitzak bildu ditu. Izan ere, Sirian Al-Qaedarekin lotura duten armatutako taldeak daudela dio. CDU Batasun Demokristauko kide izan zen Todenhofer, eta Sirian egon ostean esan du Al-Qaedaren taldeek hainbat ekintza terrorista egin dituztela. Mendebaldeko hedabideek herrialdean gertatzen ari denari buruzko okerreko irudia ematen ari direla ere esan du. «AEBek Siriako agintariekin negoziatu beharko luke, Siriarako irtenbide baketsu bat lortzeko».
Al-Assadekin hitz egiteko eskatu dio Errusiak Siriako oposizioari
Nazioartearen esku hartzea onartzeko eskatu dio SNCko buruak Moskuri, baina Errusiak ezezkoa erantzun dioOposizioarekin hitz egiteko solaskidea proposatu dio Siriako presidenteak Annani
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu