Irakeko lehen ministro Ibrahim al Jaafari Talafar hirian bisitan ibili zen atzo; joan den aste amaieratik erresistentzia indarren aurkako oldar egite zabal bat daramate han soldadu irakiarrek eta okupazio tropek. Al Jaafariren bisita hau «terroristei axut egite bat» bezala aurkeztu zuen Irakeko Barne ministro Baiane Baker Sulak, Al Kaeda ekintzaile islamista sarean litzatekeen talde batek eraso egileen aurka arma kimikoak erabiltzeko mehatxua egin duelarik.
Interneten herenegun plazaratutako agiri batean, Jaish Al-Taifa al-Mansuraren adar militarrak ohartarazi zuen arma kimikoak erabiliko zituela Irakeko Armadak eta Ameriketako Estatu Batuetako tropek Talafarren egiten ari ziren erasoaldia ez bazen astelehen arratserako amaitzen.Mehatxu hauek herritarren artean izua sortzeko helburua zutela nabarmendu zuen Baker Sulak. Talafarko oldar egiteak Al Kaedari galera oso handia eragin ziola gaineratu zuen. Larunbatean eta igandean ustezko 157 ekintzailek bizia galdu zutela eta beste 291 atxilo hartuak izan direla iragarri zuen atzo Irakeko Armadako Abdel Aziz Mohammed jeneralak. Oldar egite horren aurretik, «atzerritik etorritako 200 eta 300 terrorista bitartean bazeuden Talafarren», zehaztu zuen Barne ministroak. Hauetatik gehienek borrokatu gabe ihes egin dutela ziurtatu zuen Adnane Sabet jeneralak.
Siriaren aurkako akusazioa
Atzerritik ustez joandako gudukari hauen kontuaz Siriaren aurkako salaketa gehiago aditu dira. Hala, Irakeko Defentsa ministro Saadun al Dulaimik dei egin zion Damaskoko Gobernuari Iraken suntsiketa sustatzeari uzteko. Al Dulaimik nabarmendu zuen Talafar bezala Siriarekiko mugaldean kokatuak diren hainbat herri kanpotik joandako «terroristen esku» geratu direla. Husaia, Rommana eta Rutba izendatu zituen, besteak beste.
Ildo beretik, AEBek Iraken duten enbaxadore Zalmai Khalilzadek hitz oso gogorrez salatu zuen Damaskoren ustezko eskusartzea. «Siriak ebatzi beharko du zelako saria ordaintzerat prest den Iraken bakea egon dadin eragozteko», adierazi zuen atzo Khalilzadek. Anartean, gutxienez 19 lagun hil ziren atzoerasoetan. Bagdadeko jatetxe baten atarian izaniko atentatu batean, bi lagun hil ziren.
IRAKEKO OKUPAZIOA
Al Jaafari Talafarren bisitan ibili da, «terroristei desafio egiteko»
Gutxienez 19 lagun hil dira herrialdean izandako beste erasoetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu