Afganistan eta Irakeko gerrak ez dira aski terrorismoaren kontrako borroka irabazteko. Yemenen, horregatik, gerrarako beste fronte bat zabaldu dute Ameriketako Estatu Batuek. Al Kaeda sareko ekintzaileen eta, hartara, nazioartearen segurtasuna auzitan jar lezaketen ekintzaileen gotorleku nagusia bihurtzea saihestu nahiko luke horrela Washingtonek. Pentagonoak hurrengo hemezortzi hilabeteotan 48 milioi euro emango ditu herrialdera. The New York Times egunkariak zabaldu duenez, «amaitu gabeko bi gerra handien artean, isilean, beste fronte bat, hirugarrena, zabaldu dute, neurri handi batean klandestinoa».
Yemenek, hala ere, nazioartearen babes aski ez duela salatu du. Eta Mendebaldeak gehiago egin dezakeela. Al Kaedari aurre egiteko sostengu zabalagoa eskatu du horrenbestez Abu Bakr al Kirbik. Atzerri ministroak ohartarazi du egun 200 eta 300 ekintzailea artean daudela aktiboan eta horiek erasoak prestatzen ari direla: «Trebakuntza gehiago behar dugu, terrorismoaren kontrako gure taldeak hedatu behar ditugu, eta, horretarako, ekipamendu militarra behar dugu». AEBei, Erresuma Batuari eta Europako Batasunari esan zaie Al Kirbik Al Kaedari aurre egitea euren lehentasuna dela.
Pentagonoa eta CIA Inteligentzia Agentzia Zentralak, baina, aspaldian ari dira sostengua ematen Yemeni. Iaz zerbitzu sekretuek agente trebatuenak bidali zituzten herrialdera, eta azken egunotan ustezko ekintzaileen kontrako hainbat bonbardaketa egin ditu armadak horien informazioa baliatuta -hilaren 17an 60 ekintzaile hil zituzten buruzagi gorenek egiten ari ziren bileraren kontrako bonbardaketa batean-. Al Kaedak orduan ohartarazi zuen erasoa mendekatuko zuela.
Amsterdam eta Detroit hirien arteko hegaldian iragan ostiralean bonba bat zartarazten saiatu zen ekintzailea lehergailuak nondik eskuratu zituen ikertzen ari da CIA. Arabiar penintsulako Al Kaedak bere gain hartu zuen herenegun atentatu saioaren erantzukizuna. Interneten bidez zabaldutako oharrean, talde armatuak dio «akats teknikoengatik» egin zuela huts bonbak. Umar Faruk Abdulmutalab Nigeriako ekintzaileak herrialdean jaso duela trebakuntza aitortu dio Poliziari. Yemenek ere baieztatu du abuztua eta abenduaren erdialdera bitartean izan zela ekintzailea herrialdean. -2004 eta 2005. urteen biartean ere izan zen han-.
Obamaren erronka
Barack Obamak, beraz, beste erronka bat du aurrean. Hawaiitik mintzatu da presidentea atentatu saioarekin zerikusia duten guztiak atxilotu arte ez direla geldituko adierazteko «Afganistandik, Somaliatik, Yemendik edo beste ezein tokitik, datozen tokitik datozela harrapatuko ditugu». Joe Lieberman Segurtasun Nazionaleko presidenteak abuztuan bisitatu zuen Yemen. Eta senataria presidentea baino haratago joan da balizko gerra izango dela ohartaraztean: «Afganistan gaur egungo gerra da, baina etorkizunekoa izan daiteke Yemen».
Yemen oso herrialde pobrea da eta egitura tribalek ahuldu egiten duten berez eraginkorra ez den Gobernua. Al Kaedaren kontrako borrokaz gain, aspalditik errotuta dauden beste bi gatazka indarra hartzen ari dira azkenaldian: iparraldeko xiiten eta armadaren arteko gatazka eta hegoaldeko mugimendu independentistaren borroka. Herritarrak, bien bitartean, egunean dolar batekin baino gutxiagorekin bizi dira.
Al Kaedari aurre egin ahal izateko nazioartearen babesa eskatu du Yemenek
'Terrorismoaren kontrako borrokan' beste gerra fronte bat zabaldu dute jada AEBek Yemenen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu