PERTSONAIA. Jean-Marie Le Pen

Alabak tronutik egotzia

Samara Velte.
2015eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Gatazka gehiago nabarmendu da Frantziako eskuin muturreko familia ezagunenaren barruan. Marine Le Peni gehiegizkoa iruditu zaio Jean-Marie aitak berriki egindako adierazpenen tonua, eta FN Fronte Nazionala galbidera eraman nahi izatea egotzi dio. Alderdiaren sortzailea eta ohorezko presidentea izanagatik, «ez dauka eskubiderik FN probokazioetarako bahitzeko». Florien Philippot alderdiko bigarrenak ere berretsi du FNk «erabat eta behin betiko» hautsi duela 86 urteko politikariarekin.

Europako eskuin muturreko alderdietatik, azken urteotan gorakada handiena izan duena da FN, Le Pen alabaren gidaritzapean. Orain, alderdiak daukan ospe xenofobo eta baztertzailea da haren kezka nagusia; aitak 1970eko hamarkadan finkatutako diskurtsoa zertxobait estali eta itxura zibilagoa eman nahi dio FNri, tokiko instituzioetan ez ezik estatuan eta Europan ere finka dadin. Bide horretan traba zaizkio aitak arinkeriaz egindako adierazpen asko; batez ere, II. Mundu Gerrarekin zerikusia dutenak. Esan berri du, esaterako, nazien gas ganberak «historiaren detaile bat» izan zirela, eta garai hartako Vichyko gobernu kolaborazionista txalotu du.

Aita-alaben arteko desadostasunak geroz eta publikoago bihurtu dira azken urteotan, eta orain goia jo du gatazkak. «Lur errearen eta suizidio politikoaren arteko estrategia batean murgilduta dago Jean-Marie Le Pen» , esan du Marinek. «Bistan da probokazio horiek niri kalte egitea dutela helburu, baina, tamalez, mugimendu osoari eragiten diote». Alderdiko buruak iragarri du ez diola utziko aitari abenduko udal hauteskundeetara aurkezten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.