Bestalde, Ilargi Gorriakbidalitako konboiak alde egin behar izan zuen atzo Falujako ospitaletik.Bertan zeuden soldadu estatubatuarrek Bagdadera itzultzeko agindua eman zieten erakunde humanitarioko langileei. Konboia lau kamioiz, hiru anbulantziaz eta minibus batez osatuta dago, eta janaria, botikak eta arropadaramatza, herritarrei banatzeko asmoz.AEBetako Armadako bozeramaile batek azaldu zuenez, konboiak alde egin zuen, Falujako ospitalera gaixorik ez delako azaltzen: «Gaixo guztiak Ramadiko ospitalera joaten dira». Irakeko Ilargi Gorriak azaldu duenez, Falujako erasoa baino lehen, 300.000 pertsonak alde egin zuten hiritik. Horiek Habania eta Saklauia hirietan hartu dituzte. Beste 6.500 pertsona, berriz, Ameriat Faluja hirian babestu dira. Era berean, AEBetako Armadak egiaztatu du 38 marine hil zirela Falujako erasoa hasi zutenean. Tropek ez dute oraindik hiri osoa hartu.Bestalde, Kuwaiteko Ilargi Gorriak Faluja aldera bere laguntza bidaltzeko asmoa azaldu du. «Lau kamioi bidaliko ditugu bihar, guztira 100 tonako pisua izango duena»,esan zuen atzo erakundeko bozeramaile Jusef Al Merajek.Hala, atzo hainbat eraso izan ziren Faluja hirian, non tropa estatubatuarren eta tropa irakiarren artean borroka latzak egon ziren. Falujako kaleetan bonben eztandak entzun ziren.Atzo tropa estatubatuarrek beste hainbat hiriren kontra egin zuten. Bakuba, Mosul eta Baiji izan ziren jomugak. Bakuban, Bagdadeko ipar-ekialdean, hogei hildako izan ziren. Tropa estatubatuarrek airez egin zuten erasoa. Bitartean, Samarra hiriak ere arriskua duela jakinarazi dute.Bestetik, atzo hasi ziren soldadu estatubatuarrak Mosul herrian sartzen. Irakeko Barne ministro Fala al Nakibak azaldu zuen igandean, zazpi polizia etaerresistentziako 30 ustezko kide hil zirela Mosulen. Horretaz aparte, Baiji herrian ere erasoak izan ziren igandean. Han, Bagdadetik 200 kilometro hegoaldera, Irakeko petrolio findegi handiena dago kokatuta.Iad Alaui lehen ministroaren familiako bi andrezko eta hauen lehengusu bat bahitu zituzten azaroaren 9an. Atzo horiei buruzko berriak jakin ziren. Bi emakumezkoak igandean askatu zituztela adierazi du Alauiren alderdiko buruzagi batek. Biak ondo daudela ere esan zuen. Beraiekin zegoen lehengusuak bahituta segitzen du.Atzoko borrokek sei irakiar hil zituzten Bagdaden. Bi emakume eta lau ume hil ziren jaurtitakolau obusen ondorioz. Datu horiek Adel Badaui medikuak baieztatu zituen. Hiru zauritu egon zirela ere jakinarazi zuen.
Urtarrileko bozak atzeratzeko arriskua
Irakeko lehen ministrorde Barham Salehek zalantzaz beteak ikusten ditu Iraken urtarrilean egitekoak diren hauteskundeak.«Bozak antolatzea erronka handia izango da. Data hurbiltzen doan heinean, Nazio Batuen Erakundearekin dugun harremana balioztatu beharko da baita Hauteskunde Batzordearekin ere», adierazi zuen gobernuko kideak.
Era berean, Irakeko prozesu politiko berria kinka larrian dagoela esan zion Salehek The Guardian egunkari britainiarrari: «Garai honetan, hauteskundeak atzeratzea arriskutsua izango litzateke». Gaineratu zuenez, garaia iristen denean Irakeko Gobernuak, Nazio Batuen Erakundeak, Hauteskunde Batzorde Independenteak etaBatzar Nazionalak elkarrizketa izan beharko dute hizpide, «egoera balioztatu nahi badute behintzat». Lehen ministrordea itxaropentsu agertu da, Irakeko hainbat gune «egonkortu» dituztelako. Orain arte gune hauek kanpotar eta ekintzaile borrokalariz beteak zeuden. Bestetik, Salehek irakiar guztiek «bozkatzeko eskubidea» izan behar dutela nabarmendu zuen, beraiek baitira gobernua aukeratu behar dutenak. Haren ustez, hori garrantzitsua da, eskubide hau urte askotan egon baita debekatuta Iraken.
-
EPAIKETA
Hilketa batengatik kondenatu dute AEBetako teniente bat
Erick Anderson AEBetako Armadako C konpainiako tenientea erruduntzat jo du auzitegi militar batek, irakiar baten hilketa aldez aurretik pentsatua izateagatik. Militar irakiarren bozeramaile batek jakinarazi duenez, abuztuan izan zen irakiarraren hilketa, hain zuzen, Bagdadeko Sadr hirian.
Dena dela, AEBetako Armadak azaldu du «aurkakoa erakutsi arte eta benetan frogak izan arte», Erick Anderson errugabea dela. Abu Graibeko kartzelan preso irakiarrek abusuak jasan dituztela jakinarazi dute. Bestalde, zazpi militar estatubatuar, eta beste militar britainiar bat akusatu dituzte hilketak egiteagatik Irakeko gerra hasi zenetik. Iturri militarren arabera, beste kasu batzuk ere aztertzen ari dira momentu honetan haien erantzukizuna argitzeko.